Andre Maria Jainkoaren Ama A 2020-01-01
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaur gai edo jai asko ospatzen ditugu batera: Haur jaio berriari Jesus izen ipintzea, Andre Maria Jainkoaren Ama dela aitortzea, mundu osoan bakea aldarrikatzea, urte berria.
Jesus izena ipintzea. Jesus, hau da, Salbatzailea. Ez da Josek edo Mariak asmatutako izena, baizik Jainkoak berak inspiratua. Izen honek Jesusen bizitza guztia adierazten du: Salbatzailea da. Salbatze hori, bekatuak barkatze hutsa baino askoz gehiago da: gu guztiok Jainkoaren seme-alaba egitea da. Ez al da miresteko gauza? Zur eta lur gelditzeko gauza?
Andre Maria, Jainkoaren Ama. Dogma bat da. K.o. 431. urtean Efeson aitortua. Esan beharra da, ordea, Mariari dagokion dogma baino gehiago, Jesusi dagokion dogma dela. Izan ere, Nestorio herejeak Jesusengan bi pertsona daudela defenditzen zuen: Jainkoa eta gizona. Maria Jainkoaren ama dela esatean, Jesus pertsona bakarra dela esan nahi du 431ko Kontzilioak.
Mundu osoan bakea aldarrikatzea. Bakea esatean, juduen shalom hura izan beharko genuke gogoan. Bake bila ibiltzea ez da, lehenik eta behin, herrien arteko bake bila ibiltzea. Lehenik eta behin, nork bere barruan bakea egitea da: barnean ditugun jarrera, joera, indar negatiboak gainditu eta giza jatortasuna bilatu eta bizitzea da; hurrena, norberaren inguruan egoismoaren eta gainerako indar negatiboen gainetik jatortasuna eta adiskidetasuna ezartzea.
Alde horretatik, shalom horren esannahia argi eta garbi jarri digu gaurko lehen irakurgaiak: hona elkar bedeinkatzeko formula, esan digu: Jaunak bedeinka zaitzala, zaindu zaitzala, argitu dezala bere aurpegia zugan, ager dadila zure aldeko, jarri ditzala Jaunak bere begiak zugan eta eman diezazula bere BAKEA. Baina bikain argitua bakea zer den. Armak uztea baino gehiago da bakea.
Urte berria. Denbora-muga baten aldaketa da. Zer da, ordea, denbora? Grekoz bi izen ematen zaizkio: chronos eta kairos. Chronos hori denbora astronomikoa da. Astroen arabera bereizten ditugu geure orduak, geure egunak, geure urteak. Kairos esatean, denbora gizatarraz ari ohi gara. Gizon edo emakume bezala osatzen joateko ematen zaidan parada edo aukera da. Ebanjelioan, askotan, grazia esaten zaio. Jainkoak eskaintzen digun laguntza, grazia, parada berezia gizon edo emakume egiteko. Jakina, bien artean, chronosen eta kairosen artean, bigarrena dugu garrantzizkoena. Joan den urteari begiratu bat eman eta hastera goazena nondik nora bizi behar dugun aztertzea eta erabakitzea.
Bukatzeko, gaurko ebanjelioari erreparatuz, hiru jende-mota bereiz dezakegu: Alde batetik, artzainak, Jesus ikusi eta adoratu ondoren, Jainkoa goratuz eta aintzatuz itzuli dira; bigarren, jendea, artzainei entzundakoarekin, miretsi egiten da; hirugarren, pertsonaiarik inportanteenak, Mariak, gauza hauek guztiak bihotzean gordetzen eta hausnartzen ditu.
Senideok, hiru jarrera bizigarri eta gozagarri digu begi aurrean haur jaio berria Jesus edo Salbatzaile bezala ospatzearen, Andre Mariaren, munduko bakearen eta urte berria (Kairos berria) ospatzearen egun honetarako: Jainkoa goratu, Jainkoak gugatik egin duenaz miretsi eta Jainkoak gure alde egindako guztia bihotzean gorde eta hausnartu. Bedeinka gaitzatela Jainko Aitak, Jesus Salbatzaileak, Espiritu Santuak eta Andre Mariak.
Dionisio Amundarain