ANDRE MARIA JAINKOAREN AMA B (2015-01-01)
Homilia
Anai-arrebok!
Andre Mariaren jai handia ospatzen dugu gaur. Efesoko kontzilioan, 431n, emandako titulua da gaur agertzen diogun hau: Andre Maria Jainkoaren Ama. Titulua hau ebanjelioan ez da ageri. Halere, kristau-tradizioan sona handia izan du.
Andre Maria, Jainkoaren Ama eta Elizaren Ama, gutako bakoitzaren Ama. Vatikano II.a kontzilioak Lumen Gentium konstituzioaren 8. kapitulua eskaini dio Andre Mariari. Kapitulu horretako puntu batzuk aipatu nahi nituzke.
Lehendabizi, Kontzilioak esan digu, askotan Andre Maria gehiegi goratu izan dugula kristauok; paganoek jainko baten ondoan jainkosa bat jartzen zuten bezala-edo, Kristoren ondoan Andre Maria jainkosa izango balitz bezala agertu izan dugula. Jainkoak ez dezala nahi guk horrelakorik egitea. Jakin dezagula ondo bereizten Andre Mariari diogun debozioa Jainkoari eta Kristori eskaintzen diegun deboziotik. Andre Maria sorkari bat da, Jainkoak kreatua, eta beste gizon-emakume guztiok bezala salbatu beharra izan du. Jesusen ikaslea izan da, Elizako kide bat da. Hori bai, Jesusen Ama da, Jesusen hurbil-hurbileko pertsona, beste inor baino hurbilagokoa.
Vatikano II.ak, Lumen Gentium izeneko agiri horretan, 8. kapituluan, Andre Mariari buruzko sintesi edo laburpena eman digu:
–Aingeruak esana bihotzean onartu du.
–Jainkoaren Semea Andre Mariagan egin da haragi edo gizon.
–Oso komenigarria da Andre Maria modu berezian beneratzea; beste sorkari guztiak baino duinagoa da.
–Jainkoaren Semearen Ama da; Aitaren alaba maitea; Espiritu Santuaren tenplua.
–Egiaz da Kristoren atalen, kristau guztien ama; izan ere, bere maitasuna dela medio, Elizan fededunak sortzen parte hartu du; beraz, Jainkoaren Ama, Jesusen Ama, Elizaren Ama.
Jarrai genezakeen 8. kapitulu hori laburtzen: Andre Maria eta Jesus Haurra; Andre Maria, Jesusen ikasle; Andre Maria, ikasleekin Espiritu Santua etorri zain, otoitzean; Andre Mariari kultu berezia zor etab.
Azpimarra dezagun hau: Andre Maria, esperantza eta kontsolamendu. Andre Maria Elizaren imajina da eta bidea,bete- betera iritsi arte.
Bestetik, Bakearen Eguna ospatzen dugu mundu osoan. Har dezagun Andre Maria lankide bezala, bake hori lortzen lagundu diezagun. Eta gaurko lehenengo irakurgaiarekin bat eginez, eska diezaiogun Jaunari bedeinka dezala gure mundu hau, eman diezagula bakea. Halere, gogoan izan dezagun, zuzentasunean oinarritutako bakea behar dugula, eta ez inork ezarritako bakerik. Salmo 85arekin bat egin dezagun: «Erakutsi guri, Jauna, zeure maitasuna, eman zeure salbamena! (8. txatal); bakea agintzen die bere herri eta fededunei (9. txatala); Maitasunak eta leialtasunak topo egiten dute, justiziak eta bakeak elkar besarkatzen (10. txatala)».
Hona hemen, lehenago esan dugunaren haritik, alde handi bat Andre Mariari eta Jainkoari egindako otoitzetan: Andre Mariari lankide izateko eskatzen diogu bakea lortzen; Jainkoari bakea eman diezagula eskatzen diogu.
Bukatzeko, Jainkoari eskerrak emateko eguna da, egin dizkigun mesede guztiengatik. Besteak beste, Jesusen Ama geure amatzat eman digulako.
DIONISIO AMUNDARAIN