Andre Maria Jainkoaren Ama 2019-01-01

HOMILIA

Gaur jai asko ospatzen ditugu batean. Nagusiki Jesusena: Jesusi izena jarri izana; izan ere, Hasiera liburuan (17,12) datorrenez, jaio ondoko zortzigarren egunean, haur mutikoa erdaindu beharra zuten juduek, eta, horrekin batean, izena jartzea egiten zuten. Halere, urtean joan urtean etorri, egun berean hainbeste jai pilatu direlako, Jesusen izena ospatzea, urtarrilaren 3ra aldatu du Elizak. Horrenbestez, gure artean gehienik nabarmendu ohi dena Andre Mariaren jaia da: Andre Maria, Jainkoaren Ama. Jai hau 500. urte inguruan hasi ziren ospatzen Ekialdeko Elizan; Erromatar Elizan, hasiera batean urriaren 11 ospatu ohi zen; 1970ean urtarrilaren 1era aldatu zuen Elizan. Hirugarren, Paulo VI.a aita santuak, Bakearen Egun izendatu zuen gaurko egun hau. Laugarren eta azkenik, Urtearen Lehen Eguna dugu; jai erlijiosoa ez izan arren, ez genuke alboratu behar: «urte berri, biziera berri» aldarrikatu beharko genuke.

Lehen irakurgaian aarondar bedeinkazioa entzun dugu. Guk ohitura dugu jendeari agur egiteko, esanez: «gabon zoriontsuak», «eguberri zoriontsuak» «urte berri on» etab. Agur askoz mamitsuagoa eskaini digu lehen irakurgaiak: «Jaunak bedeinkatzen zaitu, babesten zaitu, distiratzen du bere aurpegia zuregan, bere onginahia eskaintzen dizu». Benetan, agur zoragarria; hausnartu dezagun, zer esan nahi duten lau hitz hauek: «bere onginahia eskaintzen dizu». Onginahia, eta ez madarikazioa, ez gaitzespena, ez kondena, baizik eta onginahia, adiskidetasuna, onespena, bedeinkazioa.

Bigarren irakurgaiak ere xarma handia du: bere seme-alaba egin gaitu Jainkoak; Jainkoari Aita / Abba esateko modua dugu, beraz.

Gaurko ebanjelioak era zabalagoan eta xeheagoan agertu digu Eguberrietako misterioa: Jesus pobre jaio da, jende pobreari agertu zaio, artzainei agertu zaie.

Hiru pertsona-mota ageri dira ebanjelio honetan: lehenengo, artzainak, gizarteak bazter utziak; bigarren, jende-mota berezi bat: badirudi, artzainei entzun zietenak direla; hirugarren, Andre Maria bera; gauza hauek guztiak entzun, bihotzean gorde eta hausnartzen ditu.

Baina zer da Jesus hori? Batetik, Salbatzailea da; askatzailea da. Garaiko agintariek beren burua jotzen zuten herriaren salbatzaile eta askatzaile. Jesus, berriz, haur jaioberri pobre hau da. Bestetik, Mesias da haur jaioberri hau; gantzutua da; juduek aspalditik espero zutena da. Jende esperantzadunaren irrika betetzera etorri da.

Eta zer da guri dagokiguna? Zer da guretzat?

Batetik, aingeruek abestu dutena da: Aintza Jainkoari, eta bakea Jainkoak maite duen jendeari. Senideok, gu gara Jainkoak maite duen jende hori. Hainbat aldiz esaten dugu «Aintza»; hainbat aldiz abesten dugu «Aintza zeruetan»; hainbat egintza on, handi nahiz txiki egiten dugu: konturatzen al gara, aingeruek esan bezala, Jainkoa goratzen ari garela? Gauza bikaina da Jainkoa goratzea; baina bai handia goratze horrek bihotzean eragiten duen poza eta atsegina ere; konturatzen al gara, Jainkoak eman nahi digun eta ematen digun bakea aldarrikatzen ari direla aingeruak?; ez orain bi mila urte bakarrik, baita gaur ere? Mundu osoan Bakearen Eguna ospatzen dugun egun honetan, geure barrura eraman beharko genuke aingeruen bake-kantu hori.

Bestetik, izan dezagun gogoan Andre Maria. Elizak «Jainkoaren Ama» izena eman dio. Ebanjelioan ez da aipatzen izen hori. Gaurko ebanjelioak berak, «Jesusen Ama» esaten dio. Ez bakarrik bizi fisikoa eman diolako. Batez ere, sabelean baino lehen, bihotzean erdi duelako. Jesusi bere zereginean azkeneraino eutsi diolako. Jesus zeruratu ondoren, Jesusen ordezkoekin bat egin duelako. Zerura eraman izan ondoren, Jesusekin bat egiten duelako gure alde erreguka.

Giza bihotz samur pixka bat duenarentzat zer gozamena, aingeruen kanta entzutea; zer gozamena Andre Maria Jesusen eta gure amatzat sentitu eta hartzea.

«Zure babesera gatoz ihesi Jainkoaren ama; gure otoitzei ez eman eskerrik txarrik behar ordu estuan; onez atera gaitzazu, birjina eder eta bedeinkatua». Eta ez dezagun ahaztu lehen irakurgaiko bedeinkazioa: «Jaunak bedeinkatzen zaitu, babesten zaitu, distiratzen du bere aurpegia zuregan, bere onginahia eskaintzen dizu».

Dionisio Amundarain