ANDRE MARIA JAINKOAREN AMA B 2017-01-01

SARRERA

Senideok, gaur hainbat jai ospatzen ditugu aldi berean. Andre Maria Jainkoaren Amaren jaia, Jesus erdaintzearen jaia, Haurrari Jesus izena ezartzearen jaia, Mundu Osoan Bakearen Eguna, Urtearen lehen eguna.
Hau da Andre Mariaren jaiaren muina: «Mariak gauza hauek guztiak bihotzean gordetzen zituen, hausnartzeko».
Jesus erdaintzearen jaia ulertzea gauza zaila da gaur egun. Baina, garai hartan, haurra herri bateko zela aitortzearen erritua zen. Eta Jesusek herri bateko seme zela agertu nahi izan zuen.
Izena ezartzeari halako garrantzia ematea ere zail gertatzen zaigu. Baina garai hartan, izena ezartzeak haur jaioberria uste eta esperantza-iturri zela esan nahi zuen familiarentzat.
Laugarrenik, Bakearen Eguna. Guztiok eta bakoitza konprometitzen gara bakearen alde.
Azkenik, Urteberri. Ez da, berez, jai erlijiosoa. Halere, aukera ematen digu pentsatzeko, Jainkoak bere grazia, bere argitasuna, bere laguntza ematen digula une bakoitzean, egun bakoitzean. On egingo liguke, Jainkoari, mundu guztiarentzat, gaurko lehen irakurgaiko bedeinkazioa eskatzeak: «Jainkoak babestu eta argitu gaitzala».

LEHENENGO IRAKURGAIA Zenbakiak liburutik (6,22-27)

Gaurko pasarte honek bedeinkazioaren formula bikainak agertzen dizkigu. Jakina, formula pertsona batek esaten du; bedeinkatu, ordea, Jainkoak berak bedeinkatzen gaitu.
Bedeinkazioa hartzean, kontua ez da desio bat agertzea; hartzailea erregalua hartzeko prest egotea da kontuan; orduan, Jainkoak egiaz bedeinkatuko gaitu. Bedeinkatu hitza latinetik dator, eta «gauza onak esan edo gauzak ondo esan» adierazten du. Eta Jainkoaren kasuan, «egitea, gauzatzea, bururatzea, ematea» esan nahi du «esate» horrek.
Hona, azkenik, gaurko pasarte honek agertzen dituen bi esapide polit; bata: Jainkoak argitzen edo dirdaitzen du bere aurpegia zure gainean; bestea: Jainkoa zuri begira dago.
Andre Maria Jesus haurraren amak bezala, hausnar ditzagun guk ere bi esapide horiek: batetik, Jainkoak bere aurpegia distiratu zure begien aurrean; bestetik, Jainkoa zeuri begira duzu beti.

BIGARREN IRAKURGAIA Galaziarrei gutunetik (4,4-7)

Galazia gaur egungo Turkiako lurralde bat zen. Paulo konturatu zen kristau-nortasunaren krisialdi larria bizi zutela han. Predikari batzuk Pauloren kontra hitz egiten hasi ziren: ez zela apostolua, haren predikua ez zela ebanjelioaren araberakoa etab. Paulok bere defentsa egin zuen gutun edo karta honetan.
Aldia bete izana aipatzen du Paulok gaurko pasarte honetan; hain zuzen, Jainkoak bere Semea mundura bidali duelako, gizon eginik. Jainkoa umil etorri izanak mesede eta grazia handia ekarri digu: Jainkoaren seme edo alaba egin gaitu guztiok; honez gero, Jainkoari Abba esan diezaiokegu, Aitta. Baina hori guztia ez da hitz polit batzuen kontu hutsa; seme edo alaba bagara, hala izaten saiatu beharra dugu. Libre egin gaitu, libre jokatu ahal izateko, munduan diren gaitz pertsonal eta sozial guztiak desegiten.
Irakurgai honek gaurko jaiarekin duen loturari dagokionez, testu honetan bakarrik aipatu du Paulok Jesusen Ama; izenik gabe, gainera: «emakume batengandik jaioa», dio. Paulok, beti, Jesus du buruan. Eta Hirutasun Santua: Aita, Semea eta Espiritu Santua. Eta, jakina: Jesusek salbatu nahi duen gizadia.

EBANJELIOA san Lukasen liburutik (2,16-21)

Jesus ez da jaio handikien eta boteretsuen artean, ez. Lukasek, gaurko pasarte honetan, artzainak aipatzen ditu Jesus haurraren adoratzaile. Artzainak jende mespretxatua ziren garai hartan. Besteak beste, erlijio-mailan: Moisesen Legeko larunbateko atsedena errespetatzen ez zutelako. Halere, artzain horiek doaz Jesus haurra adoratzera. Herodes eta Jerusalemeko handikiak ez dira azalduko.
Jesusen jaiotzaren kontakizuna hitz hauekin bukatu du Lukasek: «Mariak bihotzean gorde zituen gauza hauek guztiak, hausnartzeko». Ez zituen gorde noizbait gertatua tarteka oroitzeko, ez; baizik eta bere bizitzan eguneratu eta behin eta berriz bizitzeko esperientzia bezala gorde zituen.
Garrantzizkoena geure bizitzan, geure baitan sentitzen dugun gauzarik hoberenari adi-adi bizitzea dugu.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Lurreko herri guztien alde. Bereziki goseak edo / eta gerran bizi direnen alde. Guztiok munduan bakea ezartzeko konpromisoa har dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Hasi dugun urte honetan mundu osoan jaioko diren haurren alde. Etxe eta sukalde gozo bat aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobre, gaixo, preso eta erbestetuen alde. Beren bihotza gozatuko dien ingurumen familiarra aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Politikoen eta enpresarien alde: gainerakoei murrizketak ezartzean, beren super-soldatei begira jarri daitezen, eta lotsa pixka bat senti dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.