Hiru jarrera Urte Berrirako (Lukas 2,15-21)
Mariaren, Jainkoaren Amaren, Jaia (2018-01-01)
Aldaketa partikular bat 1970ean
Judu orok daki haur mutikoa erdaindu egin behar dela jaio eta zortzi egunera. Horixe agindu zion Jainkoak Abrahami: «Jaio eta zortzi egunera, zeuen mutiko guztiak erdainduko dituzue belaunaldi guztietan» (Hasiera 17,12). Ondorioz, elizak abenduaren 25a Jesusen jaioteguntzat eman duenean, urtarrilaren bata Jesusen erdainkuntza egun bihurtu da, eta Jesusi izena jartzearen eguntzat.
Bazen Mariaren, Jainkoaren Amaren, jai bat; 500. urte inguruan ekialdeko elizetan eratutua; mendebaldeko elizak urriaren 11n ospatzen zuen jai hori bera. Arrazoizkoago ematen zuen, Andre Mariaren amatasun-jai hau Jesusen jaiotzarekin estuago erlazionatzea. Hala, 1970ean aipatu jaia urtarrilaren batera aldatu zuen elizak.
Honenbestez, egun berean jarri ziren garrantzizko bi jai: Jesusi izena jartzea eta Mariaren jainkozko Amatasuna. Hori gutxi bailitzan, Bakearen Mundu Ekitaldia egun berean jartzea otu zitzaion Paulo VI.arenari.
Kristaurik jainkozaleenek ere Urtearen Azkena ospatzen dutenez eta biharamunean buru argiegi egoten ez direlako, urtarrilaren 1eko ospakizuna zerbait arintzea erabaki zen.
Eta gutxiena imajinatzen zuenak nozitu du. Jesusen Izenaren jaiak jai-kategoria galdu du, eta urtarrilaren hirura aldatu da, nahiz eta hilaren bateko mezan erdainkuntza eta izena jartzea aipatzen diren.
Bibliako Zenbakia liburua ez zuen idatzi Asisko San Frantziskok (Zenbakiak 6,22-27)
Jende askok uste du, bedeinkazio hau Asisko Frantziskorena dela. Baina hainbat mende lehenago idatzi zuen Bibliako idazle batek, apaizek israeldarren gain esan zezaten. Hain laburra, argia eta sakona da, non edozein iruzkinek narrastu egingo bailuke.
Hiru jarrera urte berrirako (Lukas 2,16-21)
Testuak bi gertaera oso desberdin erlazionatzen ditu, zortzi eguneko aldea dutenak. Lehena, artzainen bisita da; abenduaren 25ean bigarren mezan, egunsentikoan, irakurtzen dena. Eszenan hainbat pertsonaia ageri da. Artzainekin hasten eta bukatzen da: Betleemera doaz hauek korrika eta Jainkoa goratuz eta aintzatuz itzuliko dira. Bada beste talde anonimo bat ere; ebanjelaria ostatuko jendeaz ari dela esan liteke, baina segur aski kristau guztiak ordezkatzen gaituzte; artzainek esandakoaz harriturik ageri dira. Azkenik, pertsonaiarik inportanteena dator: Maria; entzundakoa bihotzean gorde eta hausnartzen du.
Hiru jarrerak elkar osatzen dute: harridurak gogoeta egitera darama pertsona, eta Jainkoa goratzera. Hiru jarrera guztiz gomendagarriak urte berri honetarako.
Bigarren eszena zortzi egun geroago gertatu da. Gauza inportantea eta gogokoa guretzat: Jesusen izena. Hitz gutxitan kontatu du Lukasek. Soiltasun honek hausnartzera gonbidatzen gaitu eta eskerrak ematera, Jesus gure bizitzan izan den eta den guztiarengatik.
Asmo eta desira onen ordez, lagunarte on bat
Urte-hasiera egokiera bikaina da promesak egiteko, kasik behin ere beteko ez badira ere. Jaulkitzen dira zorion-desirak ere; gehienetan formula klasiko honetan ardaztuak: osasuna, dirua eta maitasuna.
Oso bestelako mundu batera garamatza liturgiak. Urtea hasi, bedeinkatzen eta babesten gaituen Jainko Aitaren, salbatzaile dugu Jesusen, gertatzen den guztia hausnartzen duen Mariaren lagunartea eskainiz hasten du urtea liturgiak.
José Luis Sicre