Andre Maria, Jainkoaren Ama B (2018-01-01)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaur jai asko ospatzen ditugu batean. Nagusiki Jesusena: Jesusi izena jarri izana. Halere, gure artean gehienik nabarmendu ohi dena Andre Mariaren jaia da: Andre Maria, Jainkoaren Ama. Izan ere, Jesusen izenaren jaia urtarrilaren 3ra aldatu dute. Bestetik, Paulo VI.a aita santuak, Bakearen Egun izendatu zuen gaurko egun hau. Azkenik, Urtearen Lehen Eguna dugu; jai erlijiosoa ez izan arren, ez genuke alboratu behar: «urte berri, biziera berri» aldarrikatu beharko genuke.

Gatozen gaurko irakurgaietara.

Lehen irakurgaian aarondar bedeinkazioa entzun dugu. Jainkoak berak Moisesi inspiratua omen da, Aaron bere anaiari herria nola bedeinkatu irakasteko. Bere xumetasunean, ikusgarria da bedeinkazioa: Jainkoak bedeinka zaitzala, ager diezazula bere aurpegi dirdaitsua, lagundu zaitzala, eman diezazula bakea. Hitz gutxitan aberatsa benetan eta txundigarria: Jainkoak bere aurpegia erakutsi, bakea eman, Jainkoak bedeinkatu.

Bigarren irakurgaiak ere xarma handia du: Jainkoak bere Semea bidali du, pobre eginik, guri egundoko mesedea egiteko: gu Jainkoaren seme-alaba egiteko; seme-alaba egin, Jainkoari Aita / Abba esateko modua izan dezagun. Senideok, Jainkoaren onberatasuna agertu zaigu Jesusengan; poztekoa da benetan.

Ebanjelioak era zabalagoan eta xeheagoan agertu digu Eguberrietako misterioa.
Jesus pobre jaio da. Eta jende pobreak adoratu du. Hiru pertsona-mota ageri dira gaurko ebanjelioan.
Batetik, artzainak. Jende pobrea ziren. Gizarteak mespretxatua: beti animaliekin bizi zirelako, garbi ez omen zeudelako, eta larunbata errespetatzen ez zutelako. Ba, Lukas ebanjelariaren arabera, horiek jaso dute Jesusen jaiotzaren berri, eta sinetsi dute, eta hor doaz korrika haurtxoa ikusi eta adoratzera. Ondoren, Haurra ikusi eta adoratu ondoren, Jainkoa goratuz eta aintzatuz itzuli dira.
Bestetik, bada beste jende anonimo bat ere. Haurraz entzun zutena kontatu zieten artzainek. Lukas ebanjelariaren asmoan, badirudi, jende anonimo honek gu guztiok ordezkatzen gaituela; Jesusen berri hurbiletik izan dutenei entzuten jakin dugulako.
Hirugarren, Andre Maria ageri da. Gauza hauek guztiak entzun, bihotzean gorde eta hausnartzen ditu.

Baina zer da Jesus hori?
Batetik, Salbatzailea da; askatzailea da. Garaiko agintariek beren burua jotzen zuten herriaren salbatzaile eta askatzaile. Ebanjelioaren mezua, ordea, beste hau da: benetako salbatzailea eta askatzailea haur jaioberri hau da.
Bestetik, Mesias da haur jaioberri hau. Gantzutua da. Juduek aspalditik espero zutena da. Jende esperantzadunaren irrika betetzera etorri da.

Eta zer da guri dagokiguna?
Batetik, aingeruek abestu dutena: Aintza Jainkoari, eta bakea Jainkoak maite duen jendeari. Senideok, hainbat aldiz esaten dugu «Aintza»; hainbat aldiz abesten dugu «Aintza zeruetan»; hainbat egintza on, handi nahiz txiki egiten dugu: konturatzen al gara, aingeruek esan bezala, Jainkoa goratzen ari garela? Gauza bikaina da Jainkoa goratzea; baina bai handia goratze horrek bihotzean eragiten duen poza eta atsegina ere; konturatzen al gara, Jainkoak eman nahi digun eta ematen digun bakea aldarrikatzen ari direla aingeruak?; ez orain bi mila urte bakarrik, baita gaur ere? Mundu osoan Bakearen Eguna ospatzen dugun egun honetan, geure barrura eraman beharko genuke aingeruen bake-kantu hori.
Bestetik, izan dezagun gogoan Andre Maria. Elizak «Jainkoaren Ama» izena eman dio. Ebanjelioan ez da aipatzen izen hori. Gaurko ebanjelioak beran, «Jesusen Ama» esaten dio. Ez bakarrik bizi fisikoa eman diolako. Batez ere, sabelean baino lehen, bihotzean erdi duelako. Jesusi bere zereginean azkeneraino eutsi diolako. Jesus zeruratu ondoren, Jesusen ordezkoekin bat egin duelako. Zerura eraman izan ondoren, Jesusekin bat egiten duelako gure alde erreguka.

Giza bihotz samur pixka bat duenarentzat zer gozamena, aingeruen kanta entzutea; zer gozamena Andre Maria Jesusen eta gure amatzat sentitu eta hartzea.

«Zure babesera gatoz ihesi Jainkoaren ama; gure otoitzei ez eman eskerrik txarrik behar ordu estuan; onez atera gaitzazu, birjina eder eta bedeinkatua».

Dionisio Amundarain