EINSTEINEK ALABARI EGINDAKO
AZKEN GUTUNAREN ZATI BAT

Erlatibitatearen teoria proposatu nuenean, oso jende gutxik ulertu zidan, eta, gizadiari adieraz diezaiozun, orain agertuko dizudanak ere munduaren ulermen-ezarekin eta aurreiritziekin egingo du talka. Halaz guztiz, eskatu nahi dizut, gorde dezazula behar den denbora guztian, urteak, hamarkadak, gizarteak aurrera aski egin dezan arte, segidan argitzera noakizuna onartzeko gai izateko.
Bada indar bat, biziki ahaltsua, zeinentzat zientziak orain arte ez baitu aurkitu argibide formalik. Beste guztiak barne hartzen eta gobernatzen dituen indar bat da; are gehiago, unibertsoan ari den eta guk oraino identifikatu ez dugun edozein fenomenoren hondoan dagoena da. Maitasuna da indar unibertsal hau.
Zientifikoak, unibertsoaren teoria bateratu baten bila zebiltzanean, ahaztu egin ziren ezin ikusiena eta boteretsuena den indarraz.
Argia da maitasuna, bai ematen duena, bai hartzen duena argitu egiten dituelako. Grabedadea da maitasuna, pertsona batek beste baten erakarmena sentiaraztea dakarrelako. Potentzia da maitasuna, dugun gauzarik onena biderkatu egiten duelako, eta gizadia bere egoismo itsuan galtzea eragozten duelako. Maitasunak agertu eta azaleratu egiten du. Maitasunagatik bizi eta hiltzen da jendea. Maitasuna Jainkoa da, eta Jainkoa maitasuna da.
Indar honek argitzen du den guztia, eta zentzua ematen dio letra larrizko biziari. Hauxe da luzaroegi ahaztu izan dugun aldagaia, agian maitasunak beldurra ematen digulako; izan ere, bera da unibertsoko energia bakarra, gizakiak bere nahierara erabiltzen ikasi ez duena.
Maitasuna ikusgarri egiteko, ordezkapen xehe bat egin dut neure ekuaziorik ospetsuenean. E=mc2 ordez, onartzen badugu, mundua saneatzeko energia lor daitekeela maitasuna argiaren abiadura ber biz biderkaturik, konklusiora iritsiko gara: maitasuna dela indarrik boteretsuena, mugarik ez duelako.
Munduko indarrak erabiltzen eta kontrolatzen gizadiak jasan duen porrotaren ondoren, gure aurka jarri baitira, premia larrikoa da beste energia-mota batez elikatzen has gaitezen. Gure espezieak bizirik jarraitzea nahi badugu, bizitzari zentzua aurkitu nahi badiogu, mundua salbatu nahi badugu eta izaki bakoitzak hartan bizi dela sentitzen badu, maitasuna da erantzun bakarra eta azkena.
Agian, ez gaude oraino prest maitasun-bonba bat eraikitzeko; ez gaude prest planetari erasotzen dion gorroto guztia, egoismo guztia, diru-gose guztia suntsituko lukeen gailu aski boteretsu bat eraikitzeko. Halere, pertsona orok darama bere baitan maitasun-generadore koxkor bat, bere energia liberatua izan zain dagoena.
Energia unibertsal hau ematen eta onartzen ikasiko dugunean, Lieserl maitea, egiaztatuko dugu maitasunak dena duela garaitzen, dena duela transzenditzen eta dena dezakeela, zeren biziaren funtsaren funtsa baita maitasuna.
Sentitzen dut, sakon sentitu ere, nire bihotzak gordean duena, zugatik bizitza guztian isil-isilik taupaka bizi izan duena, zuri adierazten jakin ez izana. Agian, beranduegi da barkazioa eskatzeko, baina, denbora erlatiboa denez, esan beharra dizut maite zaitudala eta zuri esker iritsi naizela azken erantzunera.
Zure aita. (Albert Einstein)