ANDRE MARIAREN JASOKUNDEA (2018-08-15)

SARRERA

Senideok, Andre Mariaren Jasokundea, zeruratzea, jainkotzea ospatzen dugu. Andre Mariaren piztuera. Zer esan nahi duen? Hauxe: Mariak heriotza garaitu duela, Mariak bere betearen betea lortu duela zeruan, Jesu Kristo bere Semearen antzera. Jainkoak bere baitan hartu du Andre Maria. Jainkoak bete-betean onartu du Maria.
Maria, gorputz eta arima, Jesu Kristoren aintzaren partaide bihurtu du. Bukatu da Mariarentzat bere Semeagandik urrun bizitzea.
Mariak kreatzailea, Jesus alegia, lehenik bere sabelean eta gero bere altzoan mimatu eta eraman zuen; Mariak orain bere jai-egoitza pozgarria bere Semearen ondoan hartu du.
Bi arrazoi ditugu jai honetan pozteko. Batetik, Maria zoriontsu ikustea; nor ez da pozten ama betiko zoriontsu ikustean? Bestetik, Maria aintzara iritsi izana promesa eta esperantza da guretzat. Saia gaitezen Andre Mariaren Jasokundearen bi alderdi hauek barneratzen. Batetik, Ama zoriontsu; bestetik, Ama promes eta esperantza.

LEHEN IRAKURGAIA Apokalipsi liburutik (11,19a; 12,1.3-6a.10ab)

Apokalipsi liburua, izenak berak dioenez, literatura apokaliptikoaren sailekoa da. Korronte apokaliptiko teologiko horrek egoera bereziki mingarriei erantzun nahi izan die. Halakoa, mingarria, zen kristauen egoera lehen mendearen bukaera hartan. Korronte teologiko hori sinboloez baliatzen da asko.
Gaurko testuak hiru zatitxo ditu. Lehenengoan, itun-kutxa ageri da. Kutxa horrek, aspaldi-aspalditik, Jainkoaren agerpena edo presentzia adierazten du. Jainkoa hurbil dagoela. Bigarren zatitxoan, emakumea eta dragoia ageri dira. Bien artean sekulako borroka sortu da. Borroka horrek munduaren historia adierazten du, munduak bizi duen borroka. Emakumeak Kristori anai-arrebak ematen ari den Eliza adierazten du. Dragoiak edo herensugeak munduan den gaitza adierazten du, Kristoren kontra ari dena. Azkenean, emakumeak lortu du basamortura ihes egitea; probalekua da basamortua; Israel herriarentzat izan zen bezala, halaxe kristauentzat ere; aldi berean, Jainkoarekin topo egiteko lekua da. Hirugarren zatitxoan, Jaunak lortu duen garaipena abesten da. Gure esperantza da garaipen hori. Andre Mariagan erabat gauzatu den esperantza da.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen Gutunetik (15,20-27a)

Kristoren piztueratik abiatu da Paulo, ondoren kristauen piztueraz hitz egiteko.
Gaurko testu honetaz hitz eginez, idazle batek dio gizakia «jasoa» izan dela, goratua izan dela, Kristogan eta Jainkoagan. Giza miseria guztia garaitu ondoren, Jainkoak bere izatearen zati egingo du gizadi osoa, nolabait esateko. Jainkoak onartu egingo du gizadia Jesu Kristogan. Kristo eta gizadia bat eginez. Gaitzak, bekatuak, banatu egin zuen gizadia; Kristo Jesusek elkartu egin du. Gizadi guztia Jainko Aitari begira jarriko du Jesu Kristok.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (1,39-56)

Maria haurdun dago; Elisabet haurdunari bisitan doakio. Mariaren agurrari, goraipamen zoragarri honekin erantzun dio Elisabetek: «Zorionekoa zu [Maria] sinetsi duzulako». Bi ama hauen topo egiteak bien semeen topo egitea aurresaten du: Joanek eta Jesusek topo egingo dutela.
Gaurko testua Andre Mariaren kantikarekin bukatuko da: Handiesten du nire arimak Jainkoaren handitasuna. Eta honetan datza, Mariaren ustez, Jainkoaren handitasuna: gizakien handitasunei begiratzean ez, baizik bere begiak pertsona apal eta xume batean jartzean. Jainkoak mirari handiak egiten ditu. Baina, normalean, pertsona pobre, txiki eta apalengan egiten ditu.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde, Eliza osatzen dugun guztion alde: Mariak bezala, pozik bizi dezagula Jainkoaren hurbiltasuna, eta eman diezaiogula aditzera presentzia hori jende guztiari. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko emakume guztien alde: bakoitza bere txokoan eta eginkizunean, guztiak Kristo berpiztuaren testigu izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Arrazoi batengatik edo besteagatik, amarik gabe gertatu diren pertsona guztien alde: izan dezatela zoriona, hutsune hori beteko dien norbait aurkitzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen elkartu garenon alde: Andre Maria lagun dugula, Jesusez testigantza bizia emateko gauza izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.