ANDRE MARIAREN ZERURATZEA (2018-08-15)
Homilia
Anai-arrebok!
Andre Mariaren zeruratzea ospatzen dugu gaur. Esan beharrik ez da jada, ez garela ari leku-aldaketa batez. Zeruratzea esatean, Andre Maria aintzatua izan dela esan nahi dugu. Jainkoak berpiztu egin duela. Jainkozko bizia bizi duela.
Jai honek adierazten digu, gure esperantza ez dela ilusio hutsa. Ostera, gure esperantzak baduela zentzua. Zentzu betea, gainera. Adierazten digu, gure bizia ez dela bukatzen heriotzarekin, baizik izaera bete-betera iristeko hazia duela bere baitan. Bai, Andre Mariaren zeruratzea poz handi baten kausa eta iturri da kristauontzat. Lurreko gure bizitzak, heriotzaren gaixotasunak joa badago ere, berekin du biziaren hazi ustelezina.
Gaurko ebanjelioan entzun dugun kantika geure kantika egin beharko genuke.
Adituek diotenez, kantika hori ez zuen jaulki Andre Mariak. Baizik eta ebanjelariak moldatu zuen; alde batetik, Maria ezagutu zutenei entzundakoak kontuan hartuz; bestetik, Itun Zaharreko fededunen tradizioan oinarrituz; kantika honek, adibidez, Samuel profeta handiaren Ana amak jaulki omen zuen kantikaren antz handia du.
Nolanahi ere, Andre Mariaren sentiera adierazten digu kantika honek. Biziki sentitu du Mariak Jainkoa presente dagoela munduaren historian. Horregatik:
–gorespen-kantika da; Jainkoari gora eta gora ari zaio;
–Jainkoaren egintzari Mariak eman dion erantzuna da;
–bere burua ez du sentitu handi eta garrantzizko, bere gaitasunagatik, baizik Jainkoaren eskuak egin du handi eta garrantzizko.
«Handiesten du nire arimak Jainkoa». Bai, Mariak bere fedeaz sumatu du, Jainkoa zerbait berria egiten ari dela munduan. Konbentziturik dago zerbait berria jaiotzen ari direla. Eta oharturik dago, zerbait berri hori iraultzailea dela. Mundu hau mundu berri bihurtzeko hazia indarrean datorrela.
Eta izaera iraultzaile hori agerian dator kantikan. Hain juxtu, salatu ere egin izan dute kantika hau boteretsuek. Bai, kantikaren mezua munduaren ordenua hankaz gora jartzera dator: aberatsak eta handikiak beheratu; pobreak eta zapalduak goratu. Ordenu soziala aldarazteko hazia sumatu du Mariak, Jesus bere sabelean ernetzean berean.
Mezu hori, ordea, pobreek bakarrik ulertzen eta onartzen dute. Gogoan izan beharko genuke joan den ebanjelioak (Joan 6,41-51) esaten ziguna: «Ezin etorri da inor nigana, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu»; Jainko Aitak sortzen du fedea, baldin eta bihotzeko ateak irekitzen badizkiogu. Boteretsuek, harroek, belarriak argizariz beteak dituzte.
Gaur, Mariak geure esperantza sendotu nahi digu. Horrenbestez, mundua aldatzeko konpromisoa hartzera eragin nahi digu. Esperantza ez datza zerura begira egotean. Baizik mundu hau zeru bihurtzen saiatzean. Jainkoak nahi duen bezalakoa egiten saiatzean: anai-arreba arteko elkarte.
Aldi berean, Jainkoa gorestera eta eskerrak emateko deia dugu jai hau. Begiak garbitzeko deia dugu, Jainkoaren presentzia sumatu eta pozik eta libre bizitzeko.
Dionisio Amundarain