ANDRE-DENA-MARIA EGUNEKO MEZA
Lehen irakurgaia
(Apokalipzako emaztea, Elizaren itxura, Maria bezala )
Jondoni Joaniren Apokalipza liburutik 11,19a ; 12, 1-6a. 10ab
19 Jainkoaren Tenplua ideki zen zeruan,
eta haren Elkargo-kutxa agertu zen Tenpluan.
12,1 Seinale handi bat agertu zen zeruan :
emazte bat, iguzkiz jantzia,
ilargia oinenpean, eta hamabi izarreko korona buruan.
2 Haur-beharretan zen, erdimin eta oinazez oihuka.
3 Beste seinale bat agertu zen zeruan:
herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituena,
eta buruetan korona bana.
4 Haren buztanak zeruko izarren herena herrestan hartu
eta lurrerat bota zuen.
Herensugea, haur-minetan zagon emaztearen aitzinean gelditu zen,
sortu orduko haurraren irensteko.
5 Emazteak haurra izan zuen,
herri guziak burdinazko makilaz gobernatuko dituena.
Haurra Jainkoaren tronuraino
eta haren ondoraino eremana izan zen.
6 Emazteak, aldiz, basamorturat ihes egin zuen:
han leku bat prestatua zion Jainkoak.
10 Orduan, mintzo ozen bat entzun nuen erraiten:
“ Orai etorri dira gure Jainkoaren salbamendua,
indarra eta erregetza, eta haren Kristoren boterea.”
Balinbada idatzi bat guretzat konprenitzeko errexa ez dena, hori Apokalipza liburua da.
Alabainan testo hau, denboran, pertsegituak ziren giristinoentzat idatzia izan zen, eta bururen buru,
garaipenaren mezua da hor zabaldua, bainan erdi gorderik bezala, hitz eta itxuren gibelean. ”
” Emazte bat iguzkiz jantzia …” Nor da emazte hori ? Gakoa Testamendu Zaharreko idatzietan
kausitzen da. Jainkoaren eta Izraelen arteko elkargoaz mintzo denean Biblia, eztei hitza erabiltzen
du . “…Neure emazte eginen zaitut betirako, gure eskontza legezkoa eta zuzena izanen da …” (Os 2,
21). Izaik Mesiasen etortzea erditze bat bezala ikusten du, Mesias Izraelen sortuko da. ” Erdiminak
baino lehen izan du Sionek haurra …” (Is 66, 7). Hemen aipatua den emazte hori beraz Izrael da .
Oinazetan diren orduko giristinoak ere gizarte berri baten sortzen ari dira .
Mementoko, guduak segitzen du. “…Haren (herensugearen ) buztanak zeruko izarren herena
herrestan hartu eta lurrerat bota zuen…” Bainan sortu den haurra ez du irentsi. Haur hori Mesias da
. “…Orai etorri dira Jainkoaren salbamendua , indarra eta erregetza, eta haren Kristoren boterea.
“Haurra Jainkoaren tronuraino eta haren ondoraino eremana izan zen…” Horrek Kristo hiletarik
piztua du oroitarazten. Jesus zeruan da, bainan dizipuluak munduan geldituak dira…desertuan.
Jainkoak lagunduko ditu. Herensugeak ez badu zeruan irabazi, ez du ere irabaziko lurrean .
Salmoa 44
Leloa: Zoin lorioski zaukun igana
Dena iguzki, Ama Birjina.
Entzun, alaba, eta beha,
Entzun gogotik errailea :
Ahantz zurea zen jendea,
Ahantz aitaren etxaldea
Eta orduan Erregek so
Zure ederra du nahiko;
Zure jauna da sekulako:
Ahuspez eror belauniko
Jende guziak heldu dire,
Gauzak eskainiz eta urre.
Herriko jaunak heldu ere,
Zure begiak nahiz bere.
Guziz ederra erregina:
Zoin dena urre dabilana.
Sartzen da sartzen Jauna gana,
Birjinak lagun zoin apaina.
Sartzen da hura, sartzen oro
Bai kantu, jauzi; bozkario!
Hemen ere hiztegia espos, eztei, emazte-gai…mundu hortakoa da. Oze profetak du lehen
aldikotz Izrael emazte ezkondu bati konparatu : “…Nik, nihaurek, lilluratuko dut…basamorturat
eremanen eta bihotzerat mintzatuko nitzaio…Egun hartan – hala dio nere Jaunak – Ene Senar
erranen dautazu …” (Os 2,16-18) . Berdin gero Jeremiasek, Ezekielek, bigarren eta hirugarren Izaik
Jainkoaren eta bere populuaren arteko eztei horiek goretsiko dituzte.
Andere espos hori, geroan, ez da beti leial egonen. Oze profetak Izrael emagaldutzat joko du.
Bainan Jainkoa beti hor, barkatzeko prest : ” …Bainan Jaunak berriz ere dei egin dauzu…Mendiak
beren lekutik aldenduko eta munoak zalantzan balira ere, nere maitasuna ez da zure ganik
baztertuko …” (Is 54, 4-10)
Beraz salmo hau ere eztei horien hiztegiaren hari beretik doa. Neskatxak Jainko faltsuak utzi
beharko ditu ahatik: “…Ahantz zurea zen jendea…eta erregeak so, zure ederra du nahiko.” Neskatxa
hori Izrael da, Jainko faltsuetarat hain errexki lerratzen den Izrael. Biblian, ez du bakarrik Izrael
Jainkoak emaztetzat hartu nahi bainan ere gizarte osoa.
Elizak, Mariaren zeruratzea eta haren Jainkoaren aintzan sartzea duelarik ospatzen, gizarte
guzia du ikusten, Mariaren ondotik, Jainkoaren maitasunean murgiltzen.
Bigarren irakurgaia
( Kristok berekin eremaiten gaitu betiko bizitzera )
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 15, 20-27a
Haurrideak,
20 piztu da Kristo hilen artetik,
heriotzetik piztuko direnetan lehena.
21 Zeren, heriotzea gizon baten bidez etorri zen bezala,
gizon baten bidez etorri da hilen piztea ere.
22 Alabainan, Adamen baitan hiltzen dira gizaki guziak;
Kristoren baitan guziak bizirat itzuliko dira,
23 Bainan bakotxa bere aldian:
lehenik Kristo;
gero, Kristorenak, hau berriz etorriko denean.
24 Gero, azkena izanen da,
Kristok , gaizkiaren nagusigo,
indar eta botere guziak ezeztatu ondoan
Jainko Aitari erregetza itzuliko diolarik.
25 Kristok errege izan behar baitu,
Jainkoak etsai guziak haren oinen pean ezarri arte.
26 Azkena ezeztatuko den etsaia, heriotzea izanen da.
27 Zeren gauza guziak haren oinen pean ezarri ditu Jainkoak.
Mariaren zerurat altxatzea ospatzen dugun egunean, Elizak proposatzen dauku Pauloren testo
bat erraiten daukuna Jesusen pizteak deuseztatzen duela Adamek egina. Maria sinetsi duen bat izan
da. Elixabetek erranen dion bezala : ” Dohatsua zu, sinetsi baituzu …” Mariak ihardetsi zuen : ”
Huna Jaunaren neskatoa, gerta bekit zuk erran bezala .” (Lk 1,38)
Biblia guzian ikusten da Jainkoak galdatzen duena hau dela : Haren nahiaren egitea . Hori zaie
eskatu Abraham, Mois eta Samueli. Gure Aitan ere hori dugu eskatzen : “Egin bedi zure nahia”.
Jesusek, bere lurreko bizian erakutsi duen helburu nagusia da : ” Nere janaria , igorri nauenaren
nahia egitea da. ” (Jn 4,34). Eta pasione denboran : ” Nere Aita, ahal bada, nereganik urrun zazu
edari samin hau. Halere egin bedi Zuk nahi bezala, ez nik nahi bezala.” (Mt. 26,39)
Jesusek bere Aitari obeditu nahi badio, Hari konfiantza egiten diolakotz da. Horrela mintza
ditaike Jesusen fedeaz, bizira deraman konfiantzazko fedeaz. Adam, dudatzen duen gizona da,
konfiantzarik egiten ez duena. Paulorentzat Adam egungo gizon mota bat da. Judu erakasleek
dioten bezala : ” Gutarik bakotxa beretzat Adam da. ”
” Adamen baitan hiltzen dira gizaki guziak…” Gu ere, konfiantza eskas horrek herioaren bidean
gaitu ezartzen .”…Betiereko Bizia huntan da, ezagut zaitzaten Zu, egiazko Jainko bakarra, eta Zuk
igorri duzun Jesus, Mesias. ” (Jn 17,13) Biblian “ezagutzea” hitzak, “sinestea” erran nahi du,
maitatzea, konfiantza egitea. Dohatsu, Mariak bezala ” sinetsi dutenak. ”
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Zeruetako atea zaiku gaur ideki :
Maria zaiku zeruratu, gaur aingeruek egin kantu!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 1, 39-56
39 Egun heietan, Maria bizi-bizia abiatu zen
Judeako mendialdeko herri baterat.
40 Zakariasen etxean sarturik, Elixabeti agur egin zion.
41 Elixabetek Mariaren agurra entzun orduko,
haurrak jauzi egin zion sabelean.
Orduan, Izpiritu Sainduaz bete zen Elixabet,
42 eta oihu handi batean erran zuen:
“ Benedikatua zu emazte guzien artean,
eta benedikatua zure sabeleko fruitua!
43 Nor naiz ni, nere Jaunaren ama etor dakidan?
44 Zure agurra nere beharrietarat heldu orduko,
huna non haurrak bozkarioz jauzi egin dautan sabelean.
45 Zoriontsua zira, sinetsi baituzu
Jaunaren partez erran zaitzuna beteko dela.”
46 Orduan, Mariak erran zuen:
“ Goresten du nere arimak Jauna,
47 eta bozkarioz jauzten zait gogoa
nere Jainko Salbatzailearen baitan.
48 Bere neskato apalari behatu baitio;
dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guziek.
49 Miragarriak egin dauzkit Ahalguzidunak;
haren izena Saindua.
50 Haren urrikalmendua badoa mendez mende
haren beldurra dutenenganat.
51 Bere besoaren indarra erabili du,
buru harroak barreiatu.
52 Beren alkietarik bota ditu handi-mandiak,
apalak, aldiz, goraltxatu.
53 Ontasunez bete ditu gose zaudenak,
eta esku hutsik utzi ainitz zutenak.
54 Laguntza eman dio Izrael bere zerbitzariari,
bere urrikalmenduaz orroiturik.
55 Gure arbasoeri hala zioten hitzemana,
Abrahami eta haren ondokoeri betiko errana.”
56 Maria hiru ilabete inguru egon zen Elixabetekin;
gero, etxerat itzuli zen.
” Orduan Izpiritu Sainduaz bete zen Elixabet…” Horrek erran nahi du Izpirituak berak duela
jakinarazten, sortuko dena nor den : Jauna ! Lukek badaki Elixabeten errana: ” benedikatua zu
emazte guzien artean ” aurkitzen dela kasik berdin Judit-en liburuan (13, 18) : “Benedika zaitzala ,
nere alaba, goi-goiko Jainkoak emazte guzien gainetik !” Judit-eri solas horiek erranak zaizkio,
etsaien jenerala hil eta, garaipena eman baitzaio. Berdin Mariak gaizkiaren kontrako gudua
irabazteko bidean emaiten du gizartea. Ez da hori garaipen ttipiagoa.
Elixabetek dio Mariari: ” Zure agurra nere beharrietarat heldu orduko, huna nun haurrak
bozkarioz jauzi egin dautan sabelean!” Haur hori Jondoni Joani Bataiatzailea da eta Izpiritu
Sainduaz beterik da bozkarioetan sartzen. Hor ere Izpiritua bera da agertzen. Berriz ere entzun
dezagun Elixabet : ” Nor naiz ni nere Jainkoaren ama etor dakidan ?
”
Hitz horiek errespetua adiarazten dute bai eta ere bozkarioa. Bi sendimendu horiek zituen ukan
Dabidek ere Elkargoaren Arka Jerusalemerat ekarri nahi ukan zuenean. Maria batasun arka berria
da. Arka hori Jainkoaren egoitza zen. Mariak ere, berekin dakar Jainkoa, eta Haren bidez ” hitza
gizon egin da, eta gure artean bizi izan da .” (Jn 1,14). Hori, beraz, Mariari esker, Elixabetek dioen
bezala :” Zoriontsua zira sinetsi baituzu Jaunaren partez erran zaizuna beteko zela . ”
Mariak Elixabeti egin erantzuna ezagutzen dugu, Magnifikata da. Kantu huntako zati
gehienetan salmoetako erran berak entzuten dira. Umila da Maria. Gogoz dazkien otoitzen hitzak
ditu errepikatzen. Bibliatik ikasia zaio hor Mariari gogoratzen : Sinesteak diozka sortzen.