Zuzentasuna, bakea eta askapena (Lukas 21,25-28.34-36)
Abendualdiko 1. igandea C (2021-11-28)
Beste urte liturgiko bat hastera goaz, prestatzeko, beti bezala, Eguberrien ospakizuna. Lehen irakurgaiak Daviden ondorengo baten etorrera promesten digu: zuzenbidea eta zuzentasuna biziz gobernatuko du eta Judarentzat bake eta segurtasun-aro bat ekarriko. Ebanjelioak, berriz, Jesusen bigarren etorrera iragarri digu: ahalmen osoaz eta aintzaz etorriko da, gure askapen-une izango da. Nola argitu hain desberdinak diren bi etorrera hauek? Segidako historia honen bidez saiatuko naiz.
Astronautaren emaztea eta Eliza
Behin batean NASAk espazio-misio bat egitea erabaki zuen gure eguzki-sistematik kanpo. Zeregin arriskutsu eta luze hori bere baitan zuen komandanterik esperimentatuenari gomendatu zion. Emazteari eta seme-alabei agur esan zienean, familiak orduak eta orduak eman zituen telebistaren aurrean, espazio-ontzia lurretik nola urruntzen zen begira.
Haurrek, guztiak txikiak, etengabe ziharduten galdezka: «Noiz itzuliko da aita?» Hilabete batzuen buruan, beti galdera bera entzuteaz asperturik, aitaren itzulera ospatzeko jai bat antolatzea erabaki zuen amak. Haurrek gogoratzen zuten jairik handiena izan zen. Hartaraino, non behin eta berriz errepikatu baitzuten jaia. «Aitaren itzulerako jaia» deitzen zioten. Baina haurren oharkabetasunak larridura-sentsazioa eragin zion amari. Noiz itzuliko zen senarra? Hurrengo hilean? Urtebete barru? «Aitaren jaia» hilaren edozein egunetan eta urtearen edozein hiletan ospa zitekeen, eta tortura bihurtu zitzaion hori amari. Harik eta burutazio bat izan zuen arte: «Aitaren itzulera ospatu ordez ¬esan zien haurrei¬, aitaren urtebetetzea ospatuko dugu. Badakizue zein egunetan jaio zen; beraz, ez galdetu gehiago jaia noiz ospatuko dugun.
Antzeko zerbait gertatzen zaio Elizari. Hasiera batean, Jesus laster batean itzuliko zela esaten zuen; horixe aipatzen du igande honetako ebanjelioak. Baina esperantza hori ez zen betetzen, eta azken etorrera ospatzetik lehen etorrera ospatzera jo zuen Elizak: Jesusen jaiotza ospatzera. Halere, ez du ahaztu nahi izan etorrera bien arteko erlazio estua, eta horrela argitzen da zergatik topo egiten dugun liturgian testu hain desberdinekin.
Errege ezdeus eta zitaletatik errege zuzen batera (1. irakurgaia: Jeremias 33,14-16)
Irakurgai hau ulertzeko, gogoan hartu behar da azken judu-erregeen historia tragikoa. Josias, zeinengandik asko espero baitzen alde erlijioso eta politikoan, Megidoko guduan hil zen, egiptoarren kontrako borrokan (K.a. 609). Joakaz haren semea Egiptora deportatu zuten hiru hilabetez errege izan ondoren. Yoyakim/Joakin izan zuen ondorengo (K.a. 608-598); Jeremias profetak gogor gaitzesten duena da beraren zuzengabekeria izugarriengatik. Bitarte horretan, nazioarteko agintea Egiptotik Babiloniara igaro da. Nabukodonosorrek Joakin/Jekonias (598-507) deportatu eta Matanias izendatu zuen errege, jatorrizko izena Sedezias izenaz aldatuz; izen honek «Yahve da gure zuzentasuna» esan nahi du. Txantxa bat ematen du izen honek, burla bat. Zein zuzentasunez ari da Nabukodonosor? Zer espero liteke babiloniar horrek errege ezarritako txotxongilo batengandik? Eta jendeak galdetzen du: zertako balio du Jainkoak Davidi egindako betiko dinastia baten promesak? Zertako dugu Daviden ondorengo errege bat, errege guztiak ezdeus eta lotsagabe huts badira?
Testuinguru honetan ulertzen da Jainkoak Jeremiasi egindako promesa: «Yahve da gure zuzentasuna» izango den errege bat aginduz egina. Errege bat zeinen izenak berak adierazten baitu zein erlazio estua izango duen Jainkoak herri guztiarekin eta nola salbatuko dituen Juda herria eta Jerusalem hiria gobernu zuzen baten bidez. Larriaren eta segurtasun-ezaren kontra, lasaitasuna ezarriko du.
Hau da funtsezko gogoeta: monarka horrek herriaren ongizatea izango duela helburu. Abendualdiaren testuinguruan, irakurgaiek gogorazi nahi digute, Jainkoa ez dela axolagabe gizartearen problema politiko eta sozial larriez.
Maitasuna Eguberrirako prestaketa denez (2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 3,12-4,2)
Oso laburra da irakurgaia, baina garrantzi handikoa: adierazten digu, nolako espirituz bizi behar dugun beti kristau-bizitza, partikularki Abendualdiko aste hauetan: elkar maitasuna kristauen artean eta maitasuna mundu osoari.
Geure askatasunaren zain bizi eta prestatu (Lukas 21,25-28.34-36)
Literatura apokaliptikoak bere-bere dituen seinaleak aipatuz hasi da gaurko ebanjelioa, munduaren azkenaz hitz eginez (gauza harrigarriak eguzkian, ilargian eta izarretan); jendeagan larria, izua eta estutasuna eragiten dutenak. Ebanjelioak, ordea, munduaren azkenaren ordez beste zerbait adierazi nahi digu, guztiz desberdina: Jesus ahalmentsu eta aintzatsu etorriko dela; honek, jakina, ez liguke eragin behar beldurrik, guztiz kontrako hau baizik: «izan bihotz eta altxatu burua, hurbil baita zuen askapena».
Segidan, Jesusen etorrera nola espero behar dugun diosku ebanjelioak. Era negatiboan esanik, ez utziz lasaikeriak domina gaitzan, ez utziz mozkorkeriak eta bizitzako kezkak domina gaitzaten. Era baikorrean esanik, azti eta otoitz-jarrera biziz.
José Luis Sicre