Hiru etsenplu eta iragarpen bat (Lukas 1,39-45)
Abendualdiko 4. igandea C 2018-12-23
Eguberrietarako gutxi falta dela, hiru etsenplu eder dakarzkigute irakurgaiek, jai horren zentzua bizitzeko, eta esperantza-mezu bat.
Elisabeten etsenplua: gorespena, harridura, poza (Lukas 1,39-45)
Ebanjelioaren kontakizunean Mariarena da ekimena: Judako herrixka baterantz abiatu da; halere, protagonistak beste biok dira: Elisabet, mintzo den bakarra, eta Joan, bere erraietan duen semea. Hau izan da erreakzionatu duen lehena, bere amak baino lehen. Mariaren agurra entzun orduko (Lukasek ez digu argitu zein hitz erabili dituen Mariak), jauzi egin du Elisabeten sabelean. Honek, berriz, Espiritu Santuaz beterik, Jesusen eta Mariaren aurrean edozein kristauk izan beharko lituzkeen sentimenduak agertu ditu.
Gorespena. («Bedeinkatua zu andre guztien artean eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua!» Itun Zaharrak jasoak ditu beste emakume batzuen gorespenak, baina beste arrazoi batzuengatik esanak. Yael «bedeinkatua emakumeen artean» aldarrikatu dute, Sisara, etsaien jenerala, asasinatu duelako; Rut, Booz hautatu duelako, gaztea ez den arren; Abigail, Davidi eragotzi diolako zuzenbidea bere eskuz ezartzea; Judit, Holofernes erail eta Israel liberatu duelako; Sara, Tobiten emaztea, bere gurasoak utzi dituelako Tobiasen familiarekin bizitzera etorri delako. Eta Mariak zer egin du Elisabetek bedeinka dezan? Iragarpenaren kontakizunak argi utzi digu: Jainkoaren egitasmoa onartu («hona Jaunaren mirabea») eta, horrenbestez, Jesusen Ama bihurtu da edota, Elisabetek esango duenez, «ene Jaunaren Ama». Nahikoa eta arrazoi handiagoa bera goresteko.
Harridura. («Nor naiz ni ene Jaunaren Amak bisita nazan?»). Elisabeten adierazteko era honek, hain pertsonalak, San Paulok, Jesusen heriotzaz, Galaziarrei idatzi ziena dakarkigu gogora: «Maitatu ninduen eta bere burua eskaini zuen nigatik heriotzara». Bigarren mailan utzi da gizakundearen eta heriotzaren balio unibertsala, niretzat zer diren azpimarratzeko. Eguberri-jaiak, mendetan urtez urte ospaturik, gauza arrunt bihurtzeko arriskua du. Ez gara harritzeko gai Jesus nigana etorri izanaz edo etortzeaz, munduko gauzarik logikoena bailitzan. Egokiera bikaina gaurko hau geldialdi bat egin eta harritzeko.
Poza. («semeak jauzi egin du nire sabelean»). Hasi zuen bezala bukatu du Lukasek: Joanen erreakzioaz hitz eginez. Oraingoan, ordea, xehetasun bat gehitu du; esan digu, bere amaren sabelean Joanek egindako jauzia agurra entzutearen pozak eragin diola. Gaurko honen aurreko igandeek beti pozik egoteko gaia azpimarratu digute. Gaurko ebanjelio honen berezitasuna, beste hau da: poza Mariaren eta Jesusen presentziak eragin duela.
Aipatu ditugun hiru sentimendu hauek, Lukasen arabera, Espiritu Santuak inspiratu ditu; gertaera hau, oro har, gogoan izaten ez dugulako, egokiera ona genuke gaurkoa geugan ere sentimendu berak isuri ditzan eskatzeko.
Mariaren etsenplua: fedea
Elisabeten hitzak, Maria eta Jesus goretsiz hasi baitira, beste behin Maria goretsiz bukatu dira: «Zorionekoa zu, sinetsi duzulako!» Eta honek ospatzen ari garen jaiaren handitasuna hausnartzera eraman behar gintuzke. Ez da argudio filosofikoen laguntzaz uler daitekeen zerbait, ezta zientziaz demostratu daitekeena ere. Misterio bat da, fedea eskatzen duena. Jende askorentzat, Newman kardinalak esaten zuen bezala, fedea «duda-mudak jasateko gaitasuna da». Mariarentzat zoriontasun-iturri da. Hala izango du beti, jasan behar izan dituen probaldi izugarriak eta guzti. Fedearen bide misteriotsu horretan, eredu dugu Maria.
Jesusen etsenplua: Jainkoaren nahia bete (Hebrearrei 10,5-10)
Herriaren ikuskeran, eta Israelgo kleroaren gehiengoarenean, gauzarik garrantzizkoena, Jainkoarekiko harremanetan, animaliak opari egitea zen eta eskaintzak aurkeztea. Horren guztiaren hondo-hondoan uste hau zegoen: Jainkoak jan beharra duela gizon-emakumeok bezala. Profetek, eta salmogile batzuek ere bai, gogor kritikatu zuten burubide hau: Jainkoak nahi duena, ez da idi bat edo bildots bat eskain diezaiozuen, baizik eta haren nahia bete dezazuen. Ideia hau dakar Hebrearrei Idazkiaren idazleak, eta Jesusen ahoan ipini du («Hemen nauzu zure nahia egiteko»), beste ideia batekin osatuz: inondik ere, animalien opariek ez zuten balio handirik, etengabe errepikatu behar izaten baitzituzten. Animalien opariekin Jainkoarekiko harremanak berritu nahi izaten zituzten, erabat lortu gabe, ordea. Jesusen opariak berregin du harreman hori, bete-betean, santu egin gaituelarik.
Aldi berean, Jesusen etsenpluak Jainkoaren nahia betetzea gauza guztien gainetik jartzen erakutsi digu, sarritan errepikatu ohi dugunez: «Egin bedi zure nahia zeruan bezala lurrean ere».
Iragarpen bat (Mikeas 5,1-4)
Lehen irakurgaia Mikeas profetaren liburuko orakulu labur bat da. Mikeas izen handiko profeta dugu, Mateoren ebanjelioak aipatua baita, Ekialdeko Magoek Mesias non jaiotzekoa den galdetzen duten hartan. Babilonaren mende hondamenaren esperientzia izugarria bizi izan duen herriari zuzendua da testua: Jerusalem eta Tenplua erretzearen, erbesteratzearen, Daviden dinastia galtzearen esperientzia, alegia. Errua, askoren ustez, erregeena, artzainena, izan zen, duinki jokatu ez zutelako eta politika deitoragarria egin zutelako. Etsipen eta eszeptizismo-egoera horretan, buruzagi berri eta miresgarri bat agertuko dela iragarri du Mikeasek: bere handitasuna munduaren azken zokoraino hedatuko duena eta herriari bakea eta lasaitasuna emango dizkiona. Baina ez da izango aurreko monarkak bezalakoa, David berri bat izango da. Horregatik, ez da jaioko Jerusalemen, baizik eta Betleemen.
Laburpena
Igande honetako irakurgaiak erlazionatzen dituenak, bi hauek dira: Jesusen misioa eta horrek dakartzan fruituak. Mikeasen irakurgaiak iragarri digu, misio hori Israelen buruzagi (artzain) izatea izango dela, herrian lasaitasuna eta bakea eraginez. Hebrearrei Idazkiaren arabera, misio hori Aitaren nahia betetzea izango da; horrela, Jainkoarekiko gure harremanak berrituko ditu, santutuko gaitu. Ebanjelioan, misioa ez da Jesusen lana, baizik eta Mariarena; berau presente egote hutsak Elisabetegan eta Joanengan gorespena, harridura eta poza eragin ditu.
José Luis Sicre