Abendualdiko 4. igandea C 2018-12-23

HOMILIA

Anai-arrebok!

Eguberri-eguna gainean dugu. Eta jai hori nola ospatu agertzeko, Andre Maria dugu eredu igande honetan. Horixe agertu nahi digu gaurko ebanjelioak. Zoritxarrez, pasarte oso laburra da. Mariaz gehiago ere esaten digu Ebanjelioak. Halere, asko da gaurkoak bere laburrean esan diguna.

Andre Maria Elisabetengana abiatu da. Bide luzea da Nazaretetik Ain Karim herrixkarakoa: 145 km. Elisabetekin topo egitean, poza da dena.

Baina ez gaitezen engainatu. Beste behin, pasadizo hau ez da hartu behar maila historikoan. Segur aski, Maria ez zen irten Nazaretetik Ain Karimera joateko. Maila teologikoan hartu behar da, Jesusen haurtzaroaz Lukasek eta Mateok esaten digutena bezala.

Ebanjelioak dio, presaka abiatu dela Maria. Esan nahi du, Maria ez dela konformatu Aingeruari «bai» esatearekin. Esan nahi du, Maria guztiz prest agertu eta jarri dela Jainkoaren asmoak betetzeko. Espiritu Santuak hartu eta bete baitu goitik behera. Idazle batek dio, aingeruaren pasadizo hori guztia «bataioa»-edo izan dela Mariarentzat; Jesusek bere bataiokoan Espiritu Santua hartu duen bezala, Mariak aingeruaren iragarpenarekin Espiritu Santu du. Espiritua hartzearekin, Jesus bere misioari bete-betean eman zaion bezala, Maria ere bete-betean eman zaio bere misio edo egitekoari, bere bokazioari.

Elisabetik garbi asko sumatu du hori. Eta Maria izan du bere ebanjelizatzailea. Mariak agertu dio Jainkoaren asmoa zein eta zer den. Mariaren etsenplu horretatik atera duen Elisabetek bere semeaz ere plan bat duela Jainkoak. Maria izan da lehen misiolaria Itun Berrian. Eta misiolari izan bada, Gabriel aingeruak bera ebanjelizatu izan duelako izan da.

Benetan, gertaera harrigarria aurkeztu digu gaurko ebanjelio honek. Maria ebanjelizaturik eta Maria ebanjelizatzaile.

Zergatik ez dugu katolikook Mariaren alde hau aintzat hartzen? Zergatik ez dugu pentsatzen, Maria bezala, gizon-emakume guztiok sartu nahi gaituela Jainkoa bere egitasmoan? Guztioi agertu nahi digu bere Ebanjelioa, guztiok izan ahal gaitezen Ebanjelio horren berri-emaile.

Ebanjelioaren berri emateari uztean, Jainkoaren asmoari puska bat kentzen diogu. Jainkoari asmoari huts egiten diogu neurritxo batean.

San Anbrosio, Milango gotzain izan zena, besteak beste San Agustin handiaren konbertsioan lan handia egin zuena ederki mintzo zaigu Mariaren eta gure alderdi honetaz. Hona zer dioen Magnificat kantikaz egindako iruzkinean:

«Gutako bakoitzak izan beharko luke Mariaren bihotza edo arima, Jaunaren handitasuna aldarrikatzeko, gutako bakoitzak izan beharko luke Mariaren espiritua Jainkoagan pozteko. Nahiz eta, haragiaren aldetik, Kristok ama bakarra duen, fedearen aldetik arima guztiek sortzen dute Kristo; izan ere, gutako bakoitzak onartzen du bere baitan Jainkoaren Hitza (hau da, Kristo) […] Mariaren bihotzak edo arimak Jaunaren handitasuna aldarrikatu du, eta haren espiritua Jainkoagan poztu da; izan ere, arimaz eta espirituaz Aitari eta Semeari sagaratu zaielarik, debozio fin eta bihozkoiaz adoratu du Jainko bakarra, zeinengandik baitator den guztia, eta Jaun bakarra, zeini esker existitzen baitira gauza guztiak» (Exp. In Lc., 2,26-27).

Senideok, bataiokoan guztiok hartu dugu Jesusek eta Andre Mariak hartu duten Espiritua. Lagun diezagula, Mariaren antzera, benetako berri-emaile izaten. Lagundu diezagula Eguberrietako misterio handi eta pozgarriaz pozten, eta pozez ospatzen.

Dionisio Amundarain