ABENDUALDIKO 4. IGANDEA B 2020-12-20
SARRERA
Senideok, Abendualdiko azken igandera iritsi gara. Datorren ostiralean Eguberria ospatuko dugu. Jesusen Jaiotza
Abendualdi honetan, nagusiki, hiru testigu edo lekuko izan ditugu: Isaias profeta eta Joan Bataiatzailea, batetik; gaur, azkenik, Andre Maria ageri zaigu lekuko handi bezala: «Egin bedi nigan zuk diozuna» erantzun dio aingeruari. Maria guztiz prest ageri da Jainkoa onartzeko. Marian duintasuna eta handitasuna ez datza, ordea, bere erraietan Jainkoa erne izanean; baizik Jainkoaren graziaz betea izatean, eta, horren ondorioz, Jainkoa, fedez bere bihotzean erne izatean. Horixe aitortu du San Agustinek: «Fedeaz beterik, bere bihotzean erne zuen Kristo, bere sabelean baino lehen, aingeruari erantzun zionean: “Hona zure zerbitzaria, gerta bedi nigan zuk diozuna”»,
Nolanahi ere, «bai» hori emateko, Mariak ahalegin handia egin behar izan du. Izan ere, ordu arteko erlijio-modua alde batera utzi behar izan du. Eta bere konfiantza Jainkoagan ipini beharra, eta ez beste ezertan: ez tenpluan, ez sinagogan, ez Legean..
Guretzat eredu da Maria. Guri ere eman digu Jainkoak bere laguntza eta grazia. Jakin dezagula erantzun handi bat ematen.
LEHEN IRAKURGAIA Bigarren Samuel liburutik (7,1-5.8b-11.16)
David erregeak tenplu bat egin nahi du Jainkoarentzat. Jainkoaren espirituak, ordea, bihotza argitu dio Natan profetari. Eta honek esaten dio Davidi, Jainkoak ez duela berak egindako tenplu beharrik. Izan ere, gaurko irakurgai honetan esaten ez bada ere, David erregearen bihotza ez zegoen batere garbia: hilketa eta bestelako injustizia asko egina zen David. Tenplua eginez, Davidek bere burua zuritu nahi du herriaren eta Jainkoaren aurrean. Eta Jainkoak ez du gogoko horrelako eskaintzarik.
Halaz guztiz, Jainkoak onbera jarraitzen du Davidekin eta herri osoarekin.
Izan dezagun gogoan «Jainkoa gurekin» dela esatean, ez dugula adierazten tenplu bat, baizik pertsona bat, Jesus bera. Gauza bera beste honetan ere: Jainkoa ez dago kanpoan edo goian, baizik norberaren barruan, pertsonaren hondo-hondoan, bihotzean, barneko bizi-indar bezala
BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako liburutik (16,25-27)
Mende askotan ezkutuan egon den misterioaz mintzo zaigu Paulo. Misterioak ez du esan nahi, berez, gauza ezkutu bat; Jainkoaren asmoa esan nahi du, gizadia salbatzeko Jainkoak betidanik duen asmoa. Paulok badaki, Jesusengan agertu den arte, inork ez duela garbi ikusi Jainkoaren asmo salbagarri hori. Jesus etorri arte, Jainkoa beti urruneko norbait izan da gizon-emakumeen ustean, jabe edo nagusi handi bat, epaile zorrotz bat. Eta Jainkoari beti tenpluan zerbitzatu izan zaio, bihotza kontuan izan gabe.
Gizon egin den Hitzak, Jesusek bakarrik eman digu aditzera Jainkoa zer den: Jainkoa eguneroko gorabeheretan dagoela, bakoitzaren bihotzean dagoela, askatzailea dela, maitasun huts dela. Aita eta Ama dela, eta haren seme-alabei lagunduz bakarrik zerbitzatu dezakegula.
EBANJELIOA san Lukasen liburutik (1,26-38)
Lukasek Itun Kutxa balitz bezala agertu du Andre Maria. Juduen Itun Kutxaren barruan Jainkoa zegoen bezala, halaxe Andre Mariaren barruan ere: erne duen haurra gizon bat da, bai, baina baita Jainkoa ere. Jainkoak gogo-gogoko du Maria, atsegin-atsegin: jainkotasuna dario Andre Mariari alde guztietatik, Jainkoaren usaina du Mariak. Ordu arteko erlijio-biziera osoa alde batera utzi, eta Jainkoari «bai» esateko gai izan da, Jainkoaren graziari esker. «Bai» horrek hau esan nahi du: Jainkoa badela, Jainkoa kreatzailea dela, Jainkoa birkreatzailea, salbatzailea dela, maitasuna dela. Fedean eredu dugu Andre Maria. Mariaren «bai» hori da bere burua kristautzat duen pertsona ororen egiazko aitormena.
HERRIAREN OTOITZA
1.- Kristau guztien alde: Jaunaren etorrerarako bihotz zabalez presta gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduko herri guztien alde: guztion bake bila ahalegindu gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobreen, presoen, gaixoen alde: zeruko Jaunari bihotzez «hator, hator» abestu diezaioten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Elizkizun hau ospatzen ari garen guztiontzat: Jesusen jaiotzaren misterioan murgiltzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.