Abendualdiko 4. igandea A 2019-12-22
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko lehen irakurgaian entzun dugu, Jaunak seinale hau eman diola Akaz erregeari: «birjina haurdun dago, eta seme bat izango du, eta Emmanuel izena ezarriko dio».

Isaias profetaren garaian, zenbait jendek uste izan zuen, Isaiasek aipatutako neskatxa birjina hura erregearen emaztea zela; Emmanuel semea, berriz, errege zintzo izango zen Ezekias zela.

Zintzoa izan arren, Ezekias erregeak ez zuen bete beragan jarria zuten esperantza. Mendeak pasatu ziren, eta esperantza hura beteko zuen Emmanuel-ik ez zen ageri.

Halako batean, ordea, kristauek beterik ikusi zuten promes hura Jesus haurragan. Mateo ebanjelariak bi aldiz dio Jesus haurra Espiritu Santuagandik datorrela. Bi aldiz aipatzen du Lukas ebanjelariak Espiritu Santua, Jesusen jaiotzaz ari dela.

Jesus haurrak ez du salbatuko Israel herria, ez asiriar inperiotik, ez erromatar inperiotik, baizik eta bere bekatutik libratuko du. Mateok gehitu du: «Hau guztia profetaren bidez Jaunak esandakoa bete zedin gertatu zen».

Gauza bat da bekatuak barkatzea. Beste bat bekatutik askatzea. Bekatuak barkatzea, Jesusek berak, behin baino gehiagotan, hitz bat esanez edota keinu txiki bat eginez egin zuen. Mundua bekatutik libratzeko, berriz, bere bizia eman zuen. Bada, beraz, alderik bien artean. Eta hori gogoan izan beharko genuke Jesusen jarraitzaileok: mundua bekatutik libratzeak sakrifizio handiak eskatzen ditu.

Jakina, Jesus bekatu barkatzaile hau, bekatutik libratu gaituen Jesus hau ez zuten ezagutu Jesusen haurtzaroan. Ebanjelioak Jesusen haurtzaroaz ari direnean, Jesusen piztueraren esperientzia izan zutenean ulertu eta ikusi zutenetik ari dira esaten.

Jesusen haurtzaroan ageri diren bi pertsonaia nagusienak ere, gerora ezagutu zuten Jesus salbatzaile zela. Bai Andre Mariak, bai Josek.

Mariari aingeruak egin dion iragarpenaren antzekorik, Itun Zaharrean behin baino gehiagotan ageri da.

Josek sentitu duen duda aurreikusia dago Itun Zaharreko Deuteronomio liburuan. Gizonezkoa konturatzen bada hartu duen emaztea ez dela birjina, salatu dezake, eta harrika hilko dute emaztea. Baina gizonezkoa ez dago behartua emaztea salatzera. Eta Josek, zintzoa delako, bigarren aukera hau egin du: salatu ordez, isilik emaztea uztea erabaki du. Bada honen antzeko pasadizo bat XX. mendean Qumran-en aurkitutako Genesis Apokrifoa izeneko idazki batean. Jose, ordea, idazki horretako Lameken antitesi bezala ageri da. Beste jarrera bat izan du Josek.

Josek aipatu erabakia hartu orduko, aingerua agertu zaio. Eta Josek ezarriko dio haur jaio berriari JESUS izena, hau da, SALBATZAILE izena.

Bukatzeko, hiru gauza agertu nahi digute ebanjelioek. Batetik, Jesus zein den: zinezko israeldarra da, David erregearen ondorengoa. Baina Jesus Mesias dela agertzeko gauza bat falta da, Isaias profetaren 7,14ko promesa betetzeko: «neskatxa birjina da» zioen Isaiasen profeziak; Mateok esaten digu Jesusengan bete dela ezaugarri hori. Ebanjelioek agertu diguten bigarren gauza: Jesus izenak esan nahi duena egingo du Jesusek: bere herria bekatutik askatuko du. Agertu diguten hirugarren gauza: Mateok agertu nahi du, Jesus hasieratik beretik izan dela pertsegitua. Horrenbestez, Jesusen jarraitzaileak bere arazoak, problemak eta zailtasunak izango ditu.

Konklusioa. Jose eredua dugu. Jesusek jarraitzaileak ez du beldurrik izan behar Jesus onartzeko; hau Espiritu Santuagandik dator-eta. Horrela izango da kristaua ere bere herriaren salbatzaile.

Dionisio Amundarain