Hiru mezulari, hiru promes eta misterio bat (Lukas 1,26-38)
Abendualdiko 4. igandea B

Lehen mezularia (Natan) eta lehen promesa (Davidi)

Abentura askoren ondoren, Ipar eta Hegoaldeko errege bilakatu da David, Israelgo eta Judako errege. Hiri bat konkistatu du: Jehus (Jerusalem), hiriburutzat hartuko duena. Eta jauregi bat eraiki du beretzat. Hor hasi dira arazoak. Hango aretoetan jarri da eroso bizitzen, baina lotsa sentitu du, ikusirik, Jainkoaren etxola, Jaunaren presentziaren sinbolo den hura, eguzkipean dagoela, babestzat landa-denda bat duela soilik. Jainkoaren etxolarentzat etxe bat eraikitzea erabaki du, tenplu bat. Natan profeta bat dator asmorekin. Jainkoa ez. Jainkoa izango da Davidi etxe bat eraikiko diona, dinastia bat. Aita batek semea bezala tratatuko du Jainkoak Daviden ondorengoa. «Zure etxeak eta zure erreinuak betiko izango dira nire begi aurrean; zure tronua betiko izango da».

Bigarren mezularia (Gabriek) eta bigarren promesa (Israeli)

Gabrielek Mariari egindako iragarpena, koadro bat bezalakoa da; beraren ezkerrean kokatuarekin konparatzean bakarrik ulertzen ahal dugu: Gabrielek Zakariasi egindakoarekin konparatzean. Orduan, bien arteko aldeak kontenplatuz, hobeto atzemango dugu bien mezua.
1.-Tenpluaren eremu sakratuan egin dio iragarpena Zakariasi; Mariari, Galileako berrehun biztanleko herrixka ezezagun batean.
2.-Gabriel, agure beneragarri bati agertu zaio; emakume oso otoizlari batekin dago ezkondua; biak dira israeldarri eredugarri; ondoren, bikote gazte batengana bidali du Jainkoak Gabriel; ezkondu gabe dago artean bikotea, ez da aipatzen bikotearen inolako bertuterik.
3.-Lehen kasuan, gizonezko bat da protagonista, Zakarias; bigarrenean neskatila bat, Maria.
4.-Kasu bietan, haur baten jaiotza iragarri da, baina alde handia dute biek: profeta izango da Joan, Eliasen tankerakoa, eta herria prestatzea izango du bere egitekoa; errege izango da Jesus, betiko gobernatuko du Daviden Etxea. Sarritan izkina egiten zaio Jesusi buruzko hitzen eduki politiko handiari: «Handia izango da, Goi-goikoaren Seme esango diote, Daviden tronua emango dio Jainko Jaunak, bere Aitak, eta beraren erreinuak ez du azkenik izango». Kontuan hartzen badugu, «Goi-goikoaren Seme» terminoak ez duela adierazten «Hirutasun Santuko bigarren pertsona», baizik eta Israelgo erregearen titulu bat dela, jabetuko gara, Gabrielen hitzek indartsu errepikatzen dutela Jesusen erregetzaren ideia. Baina haren erregetza ez da unibertsala, «Jakoben etxera» mugatzen da haren erregetza.
5.-Kasu bietan, ezinezkoa dela ematen du jaiotzak: Zakarias eta Elisabet zaharrak dira; Mariak ez du harremanik izan Joserekin. [Ohiko itzulpenak: «ez dut gizonik ezagutzen» delakoak oker ulertzeko bidea ematen du; izan ere, Mariak ezaguna du Jose, senargaia du; hau da esan nahi duena: «ez dut izan sexu-harremanik inongo gizonekin».]
6.-Zailtasun honen aurrean, esandakoa gertatuko den berme bat eskatu dio Zakariasek aingeruari [grekozko testuan argi eta garbi ageri da: kata. ti, gnw, soma i tou / toÈ]; Mariak galdera bakarrik egin dio: «Nolatan geldi naiteke haurdun, inongo gizonekin harremanik izan ez badut?» [pw/j e; stai tou/to ( evpei. a;ndra ouv ginw, skwÈ].
7.-Ondorioz, Joan jaio arte Zakarias mutu gelditu den bitartean, Maria da azken hitza jaulki duena: «Hona Jaunaren zerbitzaria, gerta bekit zuk diozuna».

Hirugarren mezularia (Paulo) eta hirugarren promesa (mundu guztiari)

Paulok ez du bisitatu artean Erroma, erromatarrei bere gutuna idatzi dienean. Baina esperientzia luzea du apostolutzaz eta gogoetaz. Batez ere, oinarrizko esperientzia izan du bere bokazioaren unean: Jesus Mesias ez du bidali Jainkoak Israel herriarentzat bakarrik, baizik eta nazio guztientzat.

Misterioa

Davidengandik Paulo bitartean bide luzea egin dute, eta ikusmira era harrigarrian zabaldu da: hasieran, errege bati egindako promesa izan zen; geroago, herri bati egina; azkenean, mundu osoari. Bigarren irakurgaiak dioenez, «hau da mende askotan ezkutuan gorde izan den misterioaren agerpena».

Hiru erreakzio hiru mezulariri

Nola erreakzionatu dute dagokienek hartu dituzten mezuen aurrean?
Irakurgaiak ez dakar Daviden erantzuna, baina gorespen eta esker otoitz luzea izan da, Jainkoak egin dion promesagatik (2 Samuel 7,18-29).
Mariak onartuz eta fedez erreakzionatu du. Ez ditu imajinatzen Jesusengatik jasan beharko dituen une latzak («ezpata batek zeharkatuko dizu arima»), ezta beharrezko izango duen fedearen handia ere semea kritikatua eta gaitzetsia ikusiko duenean, terroristatzat eta biraolaritzat emanik.
Pauloren erreakzioa, bere erromatar irakurleei itsatsi nahi diena, Jesu Kristoren bidez Jainkoaren jakinduria eta aintza kantatzea izan da.
Hiru erreakzio hauek lagungarri ditugu Eguberri aurreko aldia bizitzeko.

José Luis Sicre