ABENDUKO LAUGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Jainkoak Salbatzaile bat hitzemaiten )

Izai profetaren liburutik 7,10-16

Jaunak igorri zuen Izai profeta
10 Akaz erregeari erraitera:
11 “Galda zozu Jaunari, zure Jainkoari, ezaugarri bat zuretzat,
bai lurraren barnean, bai zeru gainean.”
12 Akazek ihardetsi zuen:
“Ez dut galdeginen, ez dut tentatuko Jauna.”
Izaik orduan ihardetsi:
13 “ Adi zazu, beraz, Dabiden etxea:
ez ote zaitzu aski gizakientzat aspergarri izaitea,
nere Jainkoarentzat ere aspergarri izan behar ote duzu?
14 Horrengatik, Jaunak berak emanen dautzue ezaugarria.
Huna: birjina (emazte gaztea) haurdun dago,
eta semea sortuko du,
Emanuel deituko dute , erran nahi baita “ Jainkoa gurekin.”
15 Esne gatzatua eta eztia janen ditu haurrak,
gaizkia baztertzen eta ongia hautatzen jakinen du.
16 Haurrak gaizkia baztertzen
eta ongia hautatzen jakin baino lehen
hutsik geldituko da
holako beldurra emaiten dautzueten bi erregeen lurraldea.”

Lerro hauek kondatzen daukutena Judako erresumaren une lazgarrienetarik da. Jesu Kristo
aitzineko 735 inguruan gira. Paleztina bi erresumatan berexia da. Iparraldean Zamaria, hegoaldean
Juda. Hiri-nagusitzat Jerusalem duen Juda erresuman sortu beharra da Mesias, David erregearen
leinukoa. Tronuan jarri berri-berria den erregea Akaz gaztea da. Lanjerrik handienean baita
erresuma, ondorio beltzak ukan zezazkeen erabakia hartu behar du. Bainan ez bakarrik politikari
begira. Fedean bermatu behar du, Jainkoa du sustengurik segurena. Jainkoak hitzemana du Daviden
ondorea ez dela ezeztatuko. Alta egoera politikoa beldurgarria da : Asiriarrek (hiri-nagusia Ninive
dute, oraiko Mossoul ondoan, Iraken) Judako iparralde guzia beren menpean daukate: 738an
Ziriako et Samariako erregeak Asiriarren zerga-pean sartuak dira.
Bainan Asiriaren uztarri-petik atera nahi dute, judako errege Akazen laguntzarekin. Hunek,
ordea, ez du holakorik nahi. Ondorioz, Siriako eta Samariako bi erregeak Jerusalemen setiatzera
heldu zaizkio. Akaz izitua da. Ez du ihardokitzen ahalko. Izai profetak erraiten dio : atxik ! Daviden
errege-saila ez da ezeztatzen ahal, Jainkoak hitzemana du. Sinesten ez baduzu ez duzu irauten
ahalko.
Akazek, ordea, ez du entzun nahi. Jainko bakarrari zor dion fedea ahantzirik, idoloeri sakrifizio
egiten hasten da. Gehiago oraino, ordu heietan noiztenka egiten zen bezala, bere seme bakarra
hiltzen du, sakrifiziotan eskaintzeko. Kenka izigarri hartan ez du aterabide bat baizik ikusten :
Asiriarren laguntza galdegin, Siriako eta Samariako erregeen kontra. Izaik ez du holakorik entzun
nahi. Zer ez da ordaindu beharko Asiriari? Judak bere gaintasuna galduko du, politikan eta
erlisionean.
Orduan ditu erran Izaik gaur entzun ditugun hitzak, guretzat ere bali direnak. Akazi erran
zion : « Galdegiozu seinale bat Jainkoari .» Akazek, bere semea oparitan eskaini zuenak eta
egiazko Jainkoa baitan fidantziarik ez zuenak, fartzuntzi-errepostu hau egin zion : Ez ! Ez naiz
Jainkoari zerbaiten galdegitera ausartatuko !
Bainan Jainkoa leiala da : seme bat emanen dio, eta izena « Jainkoa gurekin » ukanen du.
Hemen aipu den « emazte gaztea » erregina izan daiteke. Hain zuzen erregeari seme bat eman zion,
gero Ezekias erregea izanen zena. Gainera, Asiriarrek Damaseko eta Samariako erresumak suntsitu
zituzten.
Huna pasarte hunen erakaspena : gizonak desleialak izanik ere, Jainkoa leial dago Dabiden
ondokoen eta herriaren alderat. Izraelek mendez mende bihotzean atxikitzen du Jainkoak
hitzemana : noizbait errege bat agertuko dela « Emmanuel » (Jainkoa gurekin) izena merexituko
duena.

Salmoa 23

Leloa : Heldu da Jauna, ospe gaitzeko Erregea.

Jainkoarenak mundua eta mundukoak,
Bai lurra eta lurrekoak.
Harek du lurra itsas gainean ezarria,
Ibai artean hor jarria;
Nor iganen da Jainko Jaunaren mendiraino?
Dagon tokian nor sartuko?
Eskuak eta bihotza garbi dabilana,
Gezurretarat ez doana.
Eginen dio Jaun zerukoak ongi hari,
Emanen dio Jaunak sari.
Jainko Jaunaren begitartea noiz non goza,
Holakoak bai badabiltza.

Beilari lerro luzea heldu da Jerusalemeko tenplora. Bi kantari talde, kantuz tenploko atean.
Batek : “Nor iganen da Jaunaren mendiraino…? Besteak : “Eskuak eta bihotza garbi dabilana…”
“Bihotz garbia” ez da Jainkoaz onartua bere mereximenduengatik. Jainkoa da salbatzaile. Herriari
eta bakotxari galdegiten zaiona :”Gezurretarat” (erran nahi baita idoloetarat) ez joaitea da.
“Eskuak garbi” ukaitea, alde bererat doa : idoloeri sakrifizioak eskaintzen ez dituzten eskuak dira
garbi.
Hemen entzuten dugu profeta guzien borrokaren oihartzuna : herria idolatriatik begiratu, Jainko
bakarraren adoratzera bultzatu. “Jainko Jaunaren begitartea noiz non goza” dabilana da Izrael,
sasi-jainko guziak bazterturik, ez baitzen gauza errexa izan inguruko herri politeisten artean. Jainko
bakarrari leial egoitea da baldintza bakarra salbamenduaren ardiesteko. Borroka gogorra, beti berriz
hastekoa, sekula bururatuko ez dena. Jesusek ere erran du : “Nehork ez ditu bi nagusi ukaiten
ahal…”
Jainkoari leial egoiteak ondorio onak ukanen ditu gizartean : « Bihotz garbia » emeki-emeki
bihozdun, bihotz oneko bilakatuko da, herrarik gabekoa. « Esku garbiek » ez dute gehiago gaizkirik
eginen. Jadanik Jesus entzuten dugu erraiten : « Dohatsuak Jainkoaren nahia egin gose eta egarri
direnak, Jainkoak asea emanen baitiote…Dohatsuak bihotz garbiak, Jainkoa ikusiko baitute. »

Bigarren irakurgaia

( Apostoluak Jesu Kristoren baitako salbamendua predikatzen du )

Jondoni Paulok Erromanoeri 1,1-7

1 Nik, Paulok, Jesu Kristoren zerbitzari naizenak,
izkiriatzen dautzuet.
Jainkoak apostolu izaiteko deitu nau eta hautatu
2 Liburu sainduetan profeten ahoz
jadanik hitzemana zuen Berri onaren kridatzeko.
3 Berri on hori Jainkoaren Seme Jesu Kristori buruz da:
Hau, haragiaren arabera, Dabiden hazitik sortua da;
4 bainan, hiletarik piztu denaz geroz,
Izpiritu Sainduaz Jainkoaren Seme ahaltsu egina izan da.
5 Jesu Kristorenganik ukan dut apostolu izaiteko dohaina,
haren aintzarako, nere bidez pagano herri guziek
Jainkoaren baitan sinetsi eta hari obedi diezoten.
6 Heietarik zirezte zuek ere, Erroman zireztenak.
7 Jainkoak maitatu
eta bere herri saindu izaitera deitu zaituzte.
Grazia eta bakea zueri guzieri
Jainko gure Aitarenganik
eta Jesu Kristo gure Jaunarenganik.

Huna Jondoni Paulok Erromanoeri zuzendu ziozkaten lehen hitzak. Zenbait lerrotan emaiten
dauku girixtino fedearen laburpena: Jainkoak Idatzi Sainduetan hitzeman duena, Kristoren
mixterioa, haren sortzea eta Piztea, herri sainduaren hautatzea, Apostoluen misionea herri
paganoetan. Goazen ikus larri-larria.
Erromako girixtinoek Paulo ez dute ezagutzen. Nor den behar du erran : « Jesu Kristoren
zerbitzari ». Bai eta « Apostolu », erran nahi baita « igorria » (ez da bere baitarik ari). Ohar gaiten
Jesusi « Kristo » titulua emaiten diola. « Jesus » izen bat zen, orduan nor-nahiri emaiten zitzaiona.
Aldiz « Kristo » titulu bat da, « Mesias » erran nahi duena. « Jesu Kristo » erraitea, girixtino fede
guzia aitortzea da.
Paulok aitzina : « Jainkoak… deitu nau eta hautatu…Berri onaren kridatzeko. » Girixtino
izaitea, bi gauza mezutzea da : Jainkoak guretzat ongia nahi duela, Jainkoa bihotz zabalekoa dela ;
eta bigarrenekorik Jainkoaren asmo on hori Jesu Kristo baitan betetzen duela.
« Liburu Sainduetan profeten ahoz jadanik hitzemana zuen Berri on hori .» Ebanjelioan ez da
deusik konprenitzen ahal Testamendu Zaharraren argitan baizik. Biek bat egiten dute ezin berexizko
gisan. Jainkoaren asmoak munduaren hastapenetan ditu erroak, eta emeki-emeki agertu du Jainkoak
bere profeten ahoz.
« Berri on hori Jainkoaren Seme Jesu Kristori buruz da .» Paulorentzat, Jesu Kristo betidanik
Jainkoaren asmoaren erdi-erdian da. Munduaren hastapenetarik Jainkoaren asmoa da gizadi guzia
Jesu Kristoren baitan biltzea.
“Haragiaren arabera, Dabiden hazitik sortua da.” Gizona da, herri hautetsiko seme, Dabiden
ondoko. Behar den guzia badu Mesias izaiteko. “Hiletarik pisten denaz geroz, Izpiritu Sainduaz
Jainkoaren Seme ahaltsu egina izan da.” Izraelen, errege oro “Jainko seme” zen, koronatua izan
zenetik. Jainkoak Jesu Kristo errege alkian jarrarazi du, piztu denetik, gizadi berriaren errege.
Paulorentzat, Kristoren pizteak munduaren aurpegia aldatu du. Paulok ez du Jesusen heriotzea aipu,
bakarrik piztea. Badakigu, harentzat, fedearen lehen pertsua dela :”Jesu Kristo ez bada piztu, gure
fedea hutsa da” (1Ko 15,14). Pizte hori du Paulok mezutuko bazter guzietan.
“…Nere bidez pagano herri guziek Jainkoaren baitan sinetsi eta hari obedi diezoten.”
“Obeditze” hori ez dugu laket. Bainan Biblian, obeditzea ez da apaltzea, esklabotzea. Obeditzea,
entzuten egoitea da fidantzia osoz, segurtasunean, eman kontseilueri jarraikitzeko. Beraz,
Paulorentzat, obedientziarat ekartzea, Berri onaren mezutzea da. Berri ona dela ohartuko direlarik,
paganoek onartuko dute, Aita maitekorraren ganikako hitz bezala.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Huna: Birjina gaztea zaiku amaturen;
Eta seme bat du izanen.
“Gurekin Jauna”, Emanuel
Izanen baitu hak izena.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 1,18-24

18 Jesu Kristoren sortzea hunela gertatu zen:
Maria, Jesusen ama, Josepekin ezkontzeko emana zen;
eta, elkarrekin bizi izan baino lehen,
haur-beharretan gertatu zen,
Izpiritu Sainduaren egitez.
19 Josep, Mariaren senarra, gizon zuzena zen;
ez zuen bere emaztea salatu nahi,
eta ixilka uztea erabaki zuen.
20 Hori gogoan zagolarik,
Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan,
eta erran zion:
“ Josep, Dabiden semea,
ez izan beldurrik Maria, zure emaztea, etxean hartzeko,
Haren baitan sortua Izpiritu Sainduaganik baita.
21 Semea izanen du, eta zuk “Jesus” emanen diozu izena,
harek baitu bere herria salbatuko bere bekatuetarik.”
22 Horiek oro gertatu ziren
Jaunak profetaren bidez errana bete zadin:
23 Hara: birjina haur-beharretan gertatuko da,
eta semea ukanen du,
eta Emmanuel emanen diote izena,
erran nahi baita: Jainkoa gurekin.”
24 Josepek, lotarik atzarri zenean,
Jaunaren aingeruak errana egin zuen:
bere emaztea berekin hartu zuen.

Jondoni Matiuren Ebanjelioan Jesusen sorterro zerrenda hunela bururatzen da : « Jakobek
(sortu zuen) Josep, Mariaren senarra; eta Mariaganik jaio zen Jesus, Mesias deitzen dena.” Hemen
ageri da haustura bat sorterroan : ohiko erran-moldean hau izanen zen :”Josepek Jesus sortu zuen”,
eta, berez, Jesus Dabiden leinukoa izanen zen. Bainan testoaren arabera, sorterroan lerrokatua
izaiteko Josepek adoptatu behar du : haste-hastetik Jainkoaren Semea gizonen eskuetarat emana da,
Josepek zer ihardetsiko duen, onartuko duen ala ez. Mariaren “baia” ezagunagoa da, bainan
Josepena ere baitezpadakoa zen. Aingeruak, Josepi mintzatzean, “Dabiden semea” deitzen du.
Ondoko lerroek azpimarratzen dute Jesusen semegoaren mixterioa : Izpiritu Sainduak sortua, ez
Josepek; bainan, halere, Josepen seme bezala ezagutua : “Josep…ez izan beldurrik Maria, zure
emaztea, etxean hartzeko”. Eta Josepek emanen du Jesusi bere izena.
“Jesus” izenak, Jaunak “salbatzen” erran nahi du, testoak berak dion bezala : “Harek baitu
bere herria salbatuko bere bekatuetarik.” Eta hala da : herria Mesiasen beha zagon. Ez bakarrik
Mesias politiko bat, bere herria erromanoetarik libratuko zuena eta Israelgo erregegoa berriz
finkatuko. Herria beste zerbaiten ere beha zagon : mundu berri baten, deneri justitzia eta bakea
ekarriko ziotena.
Aingeruak Josepi erraiten dio :”Ez izan beldurrik…(Mariaren) baitan sortua Izpiritu
Sainduaganik baita.” Jesusen sortzeaz bi testo baditugu. Hemengo hau Josepi zuzendu mezuarena,
eta bestea Lukena, Mariari eman mezua. Elizaren Tradizioneak erakasten dauku Idatzi Sainduak
Izpiritu Sainduaz goi-argituak direla. Mariak birjina egonez ukan zuela Jesus, gure fedean barne da.
Zergatik eta nola nahi ukan duen hori Jainkoak, ez dakigu. Xoratzen ahal gira bakarrik nola
Jainkoak egin duen Jesus gizon, emazte batenganik jaioa, eta aldi berean Jainkoaren Seme Bakar,
Izpiritu Sainduaganik sortua.
23. bersetean Matuik Izairen profezia gogoratzen dauku : « Hara, birjina haur-beharretan
gertatuko da, eta semea ukanen du, eta Emmanuel emanen diote izena, erran nahi baita : Jainkoa
gurekin. » Pentsa daiteke : azkenean, zer du izena haur horrek, Jesus ala Emmanuel ? Badakigu :
Jesus du izena, « Bere herria salbatuko duena bere bekatuetarik ». Bainan bereak utziko dituelarik,
erranen diote :”Zuekin naiz denboren azkenetaraino” (hori erran nahi du Emmanuel izenak).
Salbatua izaitea, Jainkoa gurekin dela jakitea da, hortaz ez dudatzea, harekin eta hartaz bizitzea.