ABENDUALDIKO 3. IGANDEA C (2015-12-13)

SARRERA

Antzina, GAUDETE izena ematen genion igande honi: POZTU ZAITEZTE, latinezko Sarrera antifona horrela hasten zelako. Hain zuzen, horixe eskatzen digute gaurko lehen bi irakurgaiek; baita hasierako otoitzak ere: POZTU ZAITEZTE. Baina zergatik poztu? Jauna badatorrelako. Jaunaren etorrera dugu pozteko arrazoi guztia.
Baina, jakina, ondo pentsatu beharko genuke: zer da poza Bibliaren arabera, ebanjelioaren arabera? Hain juxtu, bi irakurgaiek POZTEKO eskatzen badigute, gaurko ebanjelioak KONPROMISOA eskatzen digu: bi soineko dituenak eman diezaiola bat ezer ez duenari. Jatekorik duenak, bana dezala ez duenarekin. Beraz, poza eta konpromisoa bereizezinak ditugu mundualdi honetan.
Bai, gure pozaren oinarria Jesus da. Zeruko Aitaren altzotik gure artera etorri den Jesus; gurekin bat egitera; gu zorion-bidean jartzera. Ez da etorri triste bizitzera, ez bera, ez gu; baina ez etorri tripa-jorran egotera ere: mundua zuzenago egitera etorri da eta zuzenago egite horretan aritzeak ematen duen poza bizitzera. Kristauarentzat ere, nekea eta poza, heriotza eta bizia, konpromisoa eta ongizatea batera doaz mundualdi honetan.
Jaunak lagundu diezagula egiazko poza eta alaitasuna gozatzen.

BIGARREN IRAKURGAIA Sofonias profetaren liburutik (3,14-18a)

Jeremias profetaren garaikoa-edo da Sofonias profera. Josias errege erlijiosoaren garaian, Kristo aurreko zazpigarren mendean, erreforma erlijiosoa eragin zuen Sofoniasek, Palestinan. Herrian sartuak ziren atzerriko ohituren kontra.
Liburuaren lehen zatiak, Juda erreinuari datorkiokeen zoritxarra hots egiten du; guztia, herriak bizi duen zuzengabekeriagatik. Bigarren zatian, atzerriko herriei hots egiten die zoritxarra, arrazoi beragatik. Hirugarren zatian, berriz, mundu osora datorren Jainkoaren salbazioa hots egiten du.
Gaurko zati hau hirugarren zati horretatik hartua da. Pozik bizitzeko deia da. Poztu zaitez, esaten dio herriari. Jaunak urrundu du zure etsaia. Jauna zuen artean dago. Ez izan inolako gaitzen beldur. Bere maitasuna berritu nahi dizu Jaunak.
Baina bada kontuan hartzeko beste xehetasun bat: Zugatik pozik dago Jauna; zuri begira dantzan ari da Jauna. Esan liteke, Jesusen Berri Ona aurreratu duela Sofoniasek. Irudi eder hau dakarkigu Jainkoaz: zuen artean dago, zuek salbatzeko, poz-jauzika dantzan ari da, bereek garaipena lortu dutelako.
Sofoniasek bere herriari esana, guri esan digu Jesusek: Jainkoa gutaz maitemindua dago; gure ongizatea ikustean poz-jauzika dantza egiten du; guri gauza okerrik gertatzen zaigunean, bat egiten du gure tristuran.

BIGARREN IRAKURGAIA Filipoarrei egindako gutunetik (4,4-7)

Kartzelatik idatzi die Paulok gutun hau filipoarrei. Eta pozik bizitzeko eskatzen die: «senideok, poztu zaitezte Jaunagan». Behin eta berriz errepikatzen du hori. Jauna da poz horren sorburua: poztu zaitezte Jaunagan. Hau da egiazko pozaren iturria: «Jauna hurbil da».
Hari beretik esaten du beste hau ere: ez zaitzatela kezkarazi ezerk. Ez du esan nahi, jakina, axolagabe bizitzeko; baizik ezbeharrak berak ere halako patxada edo baretasun batez hartzen saiatu behar dugula; izan ere, «Jainkoaren bakeak zainduko ditu zuen bihotza eta zuen pentsamenduak». Garbi ageri da: Paulo Kristoz maitemindurik bizi da, eta horrela bizitzeko eskatzen digu. Kartzelan egon arren, barneko poza ez dio inork kentzen; eskuak eta oinak lotu dizkiote; bihotza ez.

EBANJELIOA Lukasen liburutik (3,10-18)

Lukasen ebanjelioan Joan Bataiatzailea behin baino gehiagotan aipatu da. Batzuetan modu orokorrean agertu du Bataiatzailea.
Gaurko pasarte honetan modu zehatzagoan agertu digu Lukasek Joan Bataiatzailea. Jende-mota guztia jarri du Joanek kezkatan: «Eta guk zer egin behar dugu», galdetzen diote. Guztiei eskatu die gauza bera: «eman konbertsio-fruituak». Bihotz-berritu zaitezte. Alda ezazue kaskoan duzuen klixe hori. Baina, ondoren, Joanek zehaztu egin du bakoitzak eginbeharrekoa; guztiei nori berea eskatu die: bi soineko dituenak eman diezaiola bat ezer ez duenari; zerga-biltzaileak ez beza eskatu erabakia dagoena baino gehiago; militarrak ez beza bortxatu inor.
Aldi berean, jendeak leporatu nahi dionaren kontra, «Ni ez naiz mesias» esango du. «Nik urez bataiatzen dut… beste bat etorriko da: hark Espirituaz eta suaz bataiatuko zaituzte».
Hemen ere, nahiz ez aipatu agerian, pozerako bidea eman digu: beste bat dator, berri ona dakar, poza dakarren berri ona. Konpromisoa eta poza, bata bestearekin. Joanen mezu honetan, inportanteena ez da zeregin morala; baizik berri ona: Jauna badator.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: pozik biziz, salbazioaren testigu bizi izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.- Lanik gabe edo lana galtzeko zorian bizi direnen alde: lortu dezatela aitorpena, pertsona orok duela lan egiteko eskubidea. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Aita santuaren eta Euskal Herriko eta mundu guztiko gotzainen alde: beren jokabidean eta esanetan Jesusen Espirituaren argiak ukitu ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen elkartu garenon alde: etorri datorren Jesusekiko fedea sakonduz, esperantza biziagoz bizi gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.