Berri on bat aski bitxia (Lukas 3,10-18)
Abendualdiko 3. igandea C 2018-12-16
Joan den igandeko testuek agerian jarri ziguten Abendualdiaren ukitu alaia. Eta igande honetan askoz gehiago azpimarratu dute hori bera: «Poztu zaitez Siongo alaba, egizu poz-irrintzi, Israel; alaitu zaitez bihotz-bihotzez, Jerusalem» esanez hasi da lehen irakurgaia (Sofonias 3,14-18a). Horren oihartzun egin da Salmoa: «Deiadar egin poz-pozik, Siongo jendea: Bai handia dela zuen artean Israelgo Santua». Bigarren irakurgaiak (Filipoarrei 4,47) hari berari eutsi dio: «Anai-arrebok: Bizi beti pozik Jaunagan; berriro diotsuet: bizi beti pozik». Eta ebanjelioa (Lukas 3,10,18) Berri Onaz hitz eginez bukatu da; eta, jakina, berri onak poza eragin ohi du beti. Baina Joan Bataiatzaileak benetan iragartzen al digu Berri On bat?
Jerusalemen poza eta Jainkoaren poza (Lehen irakurgaia: Sofonias 3,14-189
Testu labur hau, segur aski K.a. V. mendekoa, bi problema politikoz ari da, azken erlijioso bat duela. Jerusalem Babiloniara erbesteratua izan da, erregea eta Daviden dinastia galdu ditu, pertsiarrak dira menderatzaile berriak. Ez du ez askatasunik, ez erregerik. Profetak erabateko aldaketa iragarri du: Jaunak etsaiak bota ditu eta Jauna bera izango da Israelen errege. Gauzarik harrigarriena, ordea, egundoko aldaketa hau egitera eragin dion arrazoia da: «Jaunaren gozamen eta atsegin zara zu, maite zaitu eta poz-jauzi dagi, jai-egun batean bezala». Israel herriaren historia gogoratzen dugunean, profetek bekatu-historiatzat ematen baitute, harrigarri gertatzen da herri hori Jainkoaren gozamen eta atsegin izatea. Jakina, Jainkoaren maitasunaren misterioa da. Azken hitz hauek bete-betean egokitzen zaizkio Abendualdiaren espirituari. Nork beretzat hartu beharko genituzke Eliza osoak eta gutako bakoitzak.
Poza, neurritasuna eta otoitza (Bigarren irakurgaia: Filipoarrei 4,47)
Bere elkarte kutunenari idatzi dio Paulok, hartan problemarik falta ez bada ere, kanpokorik eta barnekorik. Gutunaren azken aldera, hiru aholku eman dizkio: poza, neurritasuna eta otoitza.
Poza, Jauna laster itzuliko delako konfiantzaz. Bere ministerioaren hasieran, Paulo konbentziturik zegoen Kristo laster itzuliko zela. Gauza bera espero zuten kristaurik gehienek lehen mendearen erdi aldera. Uste hori gauzatu ez bazen ere, «Jauna hurbil da» hitzak egia dira: ez denborari dagokionez, bai Elizaren eta gutako bakoitzaren errealitate sakonari dagokionez.
Neurritasuna. Eguberri-testuinguruan, izan genezake tentaziorik, neurritasun hori kontsumismoaren kontrako oharpentzat hartzeko. Alabaina, Paulok darabilen adjektiboak (evpieike.j) beste esanahi bat du. Gizon-emakumeen arteko harremanetan bizi beharreko onberatasun, maitagarritasun eta otzantasunaz ari da, Jainkoak gurekin dituen antzekoez.
Otoitza. Hitz gutxitan, egitarau handi bat marraztu die Paulok Filipoarrei. Etengabeko otoitza, «txolarte guztietan»: erregu den otoitza, baita esker ona ere ordea; otoitza, lotsarik ez duena Jaunari eskatzeko, estutzen edota faboratzen digun zernahiz.
Eguberrietako Loteria, hauteskundeak eta Joan Bataiatzailea
Egun gutxi falta dira Eguberrietako Loteriarako. Albiste ona, Loteria egokitzea da jendearentzat, daukaguna baino gehiagorekin ateratzea. Joan Bataiatzaileak, berriz, daukaguna partekatzera gonbidatzen gaitu, gutxiagorekin gelditzera. «Bi tunika dituenak bana ditzala ez duenarekin, eta jatekorik duenak egin dezala gauza bera».
Hauteskundeen bezperan, izangai edo kandidatu «ona» soldata hobetuko omen duena izaten da, zergak behetiko omen dituena, ongizatea agintzen duena. Zein izangai ausartzen da eskatzera, talde desberdinei, ondradutasun eta erantzukizun handiagoak betebeharrak betetzean, eta ez eskatzera soldata hoberik? Ba, Joan Bataiatzaileak zerga-biltzaileei esan die ez exijitzeko ezarritakoa baino zerga handiagorik, eta militarrei inor ez bortxatzeko eta beren ordain-sariarekin konformatzeko.
Uste duena, egitarau horrekin Joanek hauteskundeak galduko dituela oker dabil. Aitzitik, jendea galdezka hasi da, ez ote den bera izangai ideala, ez ote den bera espero duten Mesias. Baina berak ezetz diotse. Hauteskunde-kanpaina honetan, kartelak itsastera mugatu da Joan, urez bataiatzera. Benetako izangaia, Mesias, gero etorriko da eta hark gauzatuko du herriak amesten duen erreforma: erromatarrak eta berauen sostengu direnak galtzea, herri zapalduari askatasuna eta ongizatea ematea. Joan Bataiatzailearen hizkuntza poetiko gogorrean, Juda herria larrain bat da, eta lastoa eta alea bereiztera etorriko da Mesias, alea jasotzera eta lastoa erretzera.
Albiste on al da hau? Dudarik gabe. Horrela hartu du herriak. Ez zaio axola ukapena eta konpromisoak eskatzen badizkiote; izan ere, esperantzazko geroa agintzen diote.
Mateok eta Markosek, Joan Bataiatzailea bihotz-berritzera dei eginez aurkeztu dutenean, ez dute zehaztu zer eskatzen duen horrek praktikan. Lukasek, ordea, gauza zehatzak aipatu ditu: jantzia eta jana partekatzea (gaur egun, dirua gehituko genuke), ondradutasuna eta erantzukizuna bizitzea geure eginbeharretan hiritar gisa. Horra abendualdia bizitzeko erarik hobena.
José Luis Sicre