Albiste on bat aski bitxia
Abendualdiko 3. igandea C (2015-12-13)
Joan den igandeko irakurgaiek agerian utzi zuten Abendualdiko kutsu alaia. Igande honetakoek are gehiago azpimarratzen dute hori. «Poztu zaitez, Siongo alaba, oihu egin alaitasunez, Israel; poztu zaitez bihotz-bihotzez, Jerusalem», esanez hasten da lehen irakurgaia. Haren oihartzuna jaso du Salmoak: «Oihu egin poz-jauzika, Siongo jendea: Handia da-eta zuen artean Israelgo Santua». Tonika berari atxiki zaio filipoarrei egindako gutuna: «Anai-arrebok: Bizi beti pozik Jaunagan; berriro diot, bizi beti pozik». Eta ebanjelioa, Berri Ona aipatuz bukatuko da, eta albiste onek poza eragiten dute beti. Baina benetan iragartzen al du Joanek Berri Ona?
Eguberritako Loteria, hauteskundeak eta Joan Bataiatzailea
Egun gutxi barru Eguberrietako Loteria aldarrikatuko da. Albiste ona, Loteria hori nire tokatzea izan ohi da, dudana baino gehiago ukaiteko. Joanek, aldiz, duguna partekatzeko deia dagigu, gutxiago ukaitera. «Bi tunika dituenak banatu ditzala ez duenarekin, eta jatekorik duenak egin dezala gauza bera».
Hauteskundeak ere gainean ditugu. Izangai edo kandidatu «ona», soldata hobeak agintzen dituena izaten dugu, zergak beheratuko dituena, ongizatea agintzen diguna. Zein izangai ausartzen da talde desberdinei eskatzera, ondradutasun eta erantzukizun handiagoak beren betebeharrak betetzean eta ez jardutera soldata handiagoak eskatzen? Joanek zer eskatzen die zerga-biltzaileei eta militarrei? Lehenengoei, ez eskatzeko erabakia dena baino gehiago; bigarrengoei, inor ez bortxatzeko eta beren soldatarekin konformatzeko.
Egitarau hori proposatuz, Joanek hauteskundeak galduko dituela uste duena, oker dabil. Hain zuzen, jendea galdezka hasi da, ez ote den bera izangairik hoberena, ez ote den bera Mesias. Baina berak ezetz. Oraingo hauteskunde-kanpaina honetan, kartelak ezartzera mugatu da Joan, urez bataiatzera. Egiazko izangaia, benetako Mesias, gero etorriko da eta herriak irrikatzen duen erreforma sakon hori gauzatzen hasiko: erromatarrak eta haien sostengu diren judu makurrak bazterrera uzten, herri zapalduari askatasun eta ongizate-bidea erakusten. Joanen hizkuntza poetiko gogorrean, larrain edo garia jotzeko eremu bat da Juda, eta alea eta lastoa bereiztera etorriko da Mesias, alea gorde eta lastoa erretzera.
Albiste ona ote hori? Bai horixe, jakina. Horrela hartu du herriak. Ez dio inporta berari ukapenak eta konpromisoak eskatu izana; izan ere, esperantzazko geroa ere eskaintzen dio.
Gure erantzuna Berri Onari
Markosek eta Mateok, Joan Bataiatzailea bihotz-berritzeko deia egiten aurkeztu digutenean, ez dute adierazi dei horrek zer eskatzen duen zehazki bizitzan. Lukasek, ordea, gauza zehatzak aipatzen ditu: jantzia eta janaria (gaur egun, dirua gehitu genuke) partekatzea, hiritar bezala ditugun geure zereginetan ondradu eta erantzukizunez jokatzea. Horixe da Abendualdia bizitzeko erarik hoberena. Beste irakurgaiek beste hiru konpromiso agertzen dizkigute: poza, neurritasuna eta otoitza.
Poza. Horren arrazoitzat, Jerusalemen zoria aldatu izana dakarkigu Sofonias profetak: konkistatua eta etsaien esku egotetik, hiri libre bihurtuko da, erregetzat Jainkoa bera izango duelarik. Promes hori oso urrun dago Israelen gaur egungo errealitatetik; ñabardura handiagoa eskatuko luke, beraz, hori argitzeak. Irakaspen handiagoa du Pauloren ikuspuntuak. Kristau-elkarte oso pobre bati idatzi dio, haziz doa baina etsai handiak dituen ingurumari batean. Halere, beti pozik bizitzeko eskatzen dio, Jauna laster itzuliko delako.
Neurritasuna. «Zuen neurritasuna ezagutu dezala mundu osoak», eskatzen die Paulok filipoarrei. Eguberritako testuinguru honetan, gauza egokia dela ematen du dei hori kontsumismoaren kontrako oharpentzat hartzea. Halere, Paulok darabilen hitzak (evpieike.j) beste esanahi bat du. Giza harremanetan onbera, maitagarri, otzan izatea esan nahi du, Jainkoak gurekin duen onberatasunaren eta maitasunaren antzeko jarrera biziz.
Otoitza. «Une guztietan, otoitzean eta esker onez egindako erreguetan, aurkeztu diezazkizuela zeuen eskariak Jainkoari». Hitz gutxitan, egitarau handi bat agertu die Paulok filipoarrei. Etengabeko otoitza: une guztietan; otoitz bat, eskaria dena, baina esker ona ere bai; otoitza, lotsarik ez duena Jainkoari eskatzeko estutzen gaituen edo inporta zaigun edozer arazoren inguruan.
José Luis Sicre