JESUSEN NORTASUNA (Mateo 11,2-11)
Abendualdiko 3. igandea A 2019-12-15
Makeronteko presondegiraino, han baitago Antipasek atxiloturik, iritsi zaizkio Joani Jesusen albisteak. Entzuten ari denak, ordea, nahasturik utzi du. Ez da espero zuena. Bere burua Jainkoaren auziaren indar ikaragarriz ezartzen duen Mesias bat espero zuen, beraren bataioa onartu dutenak salbatuz eta uko egin diotenak gaitzetsiz. Nor da Jesus? Dudak uxatzeko, bere bi ikasleri gomendatu die, Jesusi berari galdegin diezaioten bere egiazko nortasunaz: «Zu al zara etortzekoa dena ala beste baten zain egon behar dugu?». Galdera erabakitzailea zen kristautasunaren hasierako une haietan.
Jesusen erantzuna ez da teorikoa, baizik eta oso konkretua eta zehatza: esan Joani «ikusten eta entzuten ari zaretena». Bere nortasunaz galdegin diote, eta bere jarduera sendatzailea aipatuz erantzun die Jesusek: Galileako herrixketan, baliabiderik gabe eta bizitzak hobera egiteko esperantzarik gabe, bizi diren gaixoen, behartsuen eta zoritxarrekoen alde ari duen bere jarduera sendatzailea, alegia: «Itsuek ikusten dute eta ezgaituak ibili dabiltza; lepradunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzuten dute; hildakoak pizten dira eta behartsuei Berri Ona hots egiten zaie».
Jesus ezagutzeko gauzarik hobena, bera norengana hurbiltzen den eta zeri emanik bizi den ikustea da. Beraren nortasuna ondo atzemateko, ez da aski teorikoki aitortzea bera Mesias dela, Jainkoaren Semea dela. Mesias izateko bizi duen moduarekin sintonizatu behar da, ez baitu hau beste jokabiderik: sufrimena arindu, bizitza sendatu eta pobreei esperantzarako zeruertz bat ireki.
Jesusek badaki, beraren erantzunak desengainatu egingo duela Mesias boteretsu batekin amets egin duena. Horregatik gehitu du: «Zorionekoa nigatik desengainurik sentitu ez duena». Ez dezala inork espero beste Mesias bat, beste erabateko «egintzak» egingo dituena; ez dezala inork asmatu beste Kristo bat, bere gustukoa, zeren eta Semea izan baita bidalia bizitza guztientzat duinago eta zoriontsuago bihurtzera, harik eta bere betea Aitaren azken jaian izango duen arte.
Zein Mesiasi jarraitzen diogu gaur egun kristauok? «Egintzak» Jesusek egiten zituen bezala egiteari emanik bizi al gara? Eta hala ez bada, zer ari gara munduan egiten? Zer ari da «ikusten eta entzuten» jendea Jesusen Elizan? Zer ari ikusten gure bizitzan? Zer entzuten du gure hitzetan?
Jose Antonio Pagola