Abendualdiko 3. igandea A (2019-12-15
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioak gertaera bitxi eta harrigarri bat dakarkigu: Joan Bataiatzaileari duda sortu zaio: Jesus hau ote da egiazko Mesias?, hau ote da profeten bidez Jainkoak salbatzailetzat agindu ziguna?

Bitxia eta harrigarria, esan dut. Izan ere, ez al zigun esan Joan horrek berak: nik urez bataiatzen dut, honek, ordea, urez eta Espirituaz bataiatuko zaituzte?; ez al zigun esan: ni ez naiz Mesias, baina zeuen artean duzue Mesias?, ez al zigun esan: ni ez naiz gai berari oinetako lokarriak askatzeko ere?

Eta orain duda agertu du Jesusen gainean. Eta bere ikasleak bidali ditu, Jesusi berari galdetzera. Eta Jesusek ez die erantzun zuzenean. Esan die Joanen ikasleei: Adieraz iezaiozue Joani ikusten ari zaretena: itsuek ikusten dute, ezinduak ibili dabiltza, lepradunak garbi gelditzen dira…

Seinale batzuk dira. Eta Joanek jakingo du seinale horiek interpretatzen; jakingo du seinale horiek zer esan nahi duten.

Eta gaur? Gaurko munduaren jarrera, jokabidea, gaurko munduaren nondik norakoa ikusirik, ez da harritzekoa, pertsona askoren bihotzean galdera sakon eta erabakitzaileak sortzea. Guztiz ziurtzat genituen gauza asko eta asko alde batera utzi ditugu; sinesgarritzat genituen gauza asko baliogabetzat hartu ditugu; konfiantzazkoak hartzen genituen pertsona asko alde batera utzi ditugu; gauza asko eta asko erlatibizatu egin ditugu; asko zabaldu da esapide hau: «bai, baina» delakoa.

Horrenbestez, non aurki lezake gaurko gizakiak ardatz berri bat bere bide historikoa orientatu edo norabidetzeko?; nola geldiarazi gizadia bere onetik erabat irtetea?; zer gertatuko da erlijioekin?; zer gertatuko da kristautasunarekin?; galdu egingo al dira?; eraldatu?; zer gertatuko da krisialdi ekologikoarekin?; zer egin gizadi hau indibidualimo hutsean gal ez dadin?

Nazatereko Jesusek Jainkoaren Erreinua proposatu digu. Erreinu hori ez dute gauzatzen itsuek, gorrek, herrenek. Baizik eta itsuez, gorrez, herrenez arduratzen direnek: horiek dira bide egokiaren seinale. Hau kontuan ez hartzeagatik, uste izaten dugu askotan, egiteko guztia pobreari gabezia kendu eta desegitea dela. Baina lehen xede edo helburua, nork bere gizatasun-falta desegitea da; orduan ikusiko dut zer egin Jainkoaren Erreinu hori gauzatzeko.

Orduan ikusiko dugu argi eta garbi, munduan gosea izateak, kartzelak izateak, itsuak izateak ez duela zentzurik.

Joan Bataiatzailearentzat Jesusen kasuan bezala, gure jarrera, gure jokabidea, gure biziera izango dira seinaleak gaurko munduarentzat, zorionerako bidea zein den ikusteko. Orduan izango da Jesus munduarentzat argia, bidea eta bizia.

Gida gaitzala Jesusen Espirituak mundua maitatzera. Gizadia maitatzera. Eguberrietako jaiak horixe agertzen digu: zeruko Aitak bere Semea bidali duela mundura, gizadia, den bezalako izanik, maite-maite duela.

Dionisio Amundarain