ABENDUALDIKO 4. IGANDEA (C) 2018-12-23

SARRERA

Senideok, abendualdiko azken igandea dugu gaur. Hiru lekuko edo testigu berezi gogoratu ditugu abendualdian. Orain arte, profetak eta Joan Bataiatzailea izan ditugu gogoan. Gaur, modu berezian, Andre Maria gogoratuko dugu.
Abendualdiko lehenengo igandean esan genuen, salbamen-historia prozesu bat dela, hau da, ibilaldi bat. Ez da planto eginik geldi egotea. Ibiltze horren lekuko berezi-berezia da Andre Maria. Gaurko ebanjelioak modu grafikoan agertuko digu Mariak bihotzean bizi duen errealitate hori: haurdun gertatu denean, bere lehengusu Elisabetengana doa arin-arin. Bidaia fisiko honekin, bere barneko bidaia agertu digu Mariak. Esperantzaz bizi da, eta esperantza bizi du. Eta prest dago espero duen horretan Jainkoak eskatu dion parte hartzea bere gain hartzeko. Esperantza dinamikoa da Mariarena. Halakoa izan beharko luke gureak ere.
Gaur, bestalde, Caritas eguna ospatzen dugu. Andre Mariak, bere barruan Jainkoaz albiste berria izan orduko, laguntzera jo zuen; sei hilabeteko, haurdun, zegoen Elisabeti laguntzera. Ebanjelioa ezagutzeak horixe dakar: premian dagoenari laguntzea.
(Larunbatean: Gaur, azkenik, elkarteko penitentzia ospatuko dugu. Izan dezagun hau gogoan: penitentzia nagusiki, Jainkoaren errukia aitortzea da, Jainkoa barkatzaile dela aitortzea; guk ezer egin aurretik, aurrea hartzen digu Jainkoak, bere maitasuna azalduz. Egin dezagun bihotz-bihotzez aitorpen hori).

[Larunbatean irakurgai hau ez; igandean bai]LEHENENGO IRAKURGAIA Mikeas profetaren liburutik (5,1-4a)

Salbazioa iragarri du Mikeas profetak; hala dio: amak haurra izango du. Baina herriak behin eta berriz galdetzen du: zergatik ari da atzeratzen salbazio hori? Hau da erantzuna: Jainkoaren maitasunaren seinalea da atzeratze hori. Hain zuzen, astia eman nahi digu salbazio hori geure gogoz onartzeko. Hain juxtu, batetik, Jainkoak ez gaitu egin robot bizigabe, baizik geure gogoa, geure askatasuna dugun gizon-emakume bizi egin gaitu. Bestetik, salbazio hori nola etorriko den adierazi digu; Betleem, Jesus guztion salbatzailearen arbaso den Daviden jaioterria txikia den bezala, salbatzailea bera ere txiki eta xume egin da; esan nahi digu, geure salbazioa, geu ere txiki eta xume eginez lortuko dugula.
Testu hau, Itun Berrian, Jesusi aplikaturik dago (Mateo 2,6an berariaz eta Joan 7,42an). Aipamen horietan hau adierazten da: Jesusen garaian Mesiasen jatorriaz zuten iritzia eta ustea. Uste zuten, alegia, Mesias Betleemen jaioko zela.

[Larunbatean hau izango da lehen irakurgaia] BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (10,5-10)

Kristo, betiko salbazioaren iturri dela dakar idazki honen hamargarren kapituluak. Hori argitzeko, biok konparatzen ditu: alde batetik, Itun Zaharreko sakrifizioa edo oparia; bestetik, Kristoren beraren sakrifizioa edo oparia. Antzinako sakrifizio hura behin eta berriz egin behar izaten zuten. Kristoren sakrifizioa, berriz, behin betikoa da. Antzinako hartan abereak eskaini ohi ziren. Oraingo honetan, berriz, bere burua eskaini du Jesu Kristok. Horrek guztiok jarri gaitu salbazio-bidean. Horra gure konfiantzaren oinarria: bere burua Aitari erabat eskaini dion Jesu Kristo.
Antzinako opariez eta Kristoren sakrifizio edo opariaz hitz egitean, arrisku handi bat dugu: Jainko Aitak, bere haserrea kentzeko, Jesusen odola behar izan duela pentsatzeko arriskua. Zoritxarrez, iritzi hori gure otoitzetan ere ageri da; adibidez, Kristok erosi edo berrerosi gaitu esatean, oker handi hori ageri da. Baina ez. Jainkoak ez du gu zertan erosi. Jainkoa ez da sekula gurekin haserre egon. Gu, bai, aldendu izan gara Jainkoagandik. Baina hura ez gugandik. Izan dezagun gogoan parabola hura: seme gazteenak, dagokion ondarea jaso, urrutira joan, dena gastatu… eta aita zain eta zain, semea noiz etorriko zain. Horixe da Jainkoa.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (1,39-45)

Maria, Jainkoaren eskaerari «bai» esan ondoren, bere lehengusu Elisabetengana doa. Graziaz betea den Mariak agur egin dio Elisabeti.
Baina ebanjelioak beste hau azpimarratu nahi du: Elisabetek Maria gorestea.
Kontuan hartzekoa da segidako hau: Maria arin-arin joan zen Elisabetengana. Hainbat aldiz aipatzen da ebanjelioan arin-arin joate hori; besteak beste, gogora dezagun nola joan zen aita ona seme hondatzaileagana, hura ikusi zuen orduko; nola abiatu zen Pedro ere arin-arin hilobirantz Jesus piztu zela entzun orduko.
Kontuan hartzekoa da Elisabeten galdera hau ere: nor naiz ni neure Jaunaren amak bisita nazan? Eta Mariari egindako gorespen hau: Zorionekoa zu, esan dizuna sinetsi duzulako.
Azpi-azpian, dena den, Mariak Elisabeti egin dion bisitak beste bisita hau sinbolizatzen du: Jainkoak gizadiari egin dion bisita
Mariak lagundu gaitzala bisita hori onartu eta fede handi handiz bizitzen.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztion alde: Jesusen jaiotzaren esperantza, guztiok fede handiz bizi dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Familia izateko dauden ama guztien alde: senarrak eta biak, une hori konfiantzaz eta pozik bizi dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Pobre, lanik gabe, kartzelan, erbestean bizi diren guztien alde: Jesusen jaiotza, esperantza-iturri izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garen guztion alde: eguberrialdi honetan, hainbat joan-etorriren eta istiluren artean, pentsatzeko, otoitz egiteko, adoratzeko, isiltasunean asti labur bat hartzeko gai izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.