ABENDUKO HIRUGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Bozkaria, Jauna zure baitan duzu )
Zofoni profetaren liburutik 3, 14-18
14 Bozkarioz egin irrintzi, Ziongo alaba, egin oihu alai, Izrael!
Poztu zaite bihotz bihotzez, Jerusalemeko alaba!
15 Urratu du Jaunak zure kontrako erabakia, haizatu zure etsaia.
Izraelgo erregea, Jauna, zure erdian dago.
Ez duzu gehiago zorigaitzaren beldurrik izanen.
16 Egun hartan, hau erranen zaio Jerusalemeri:
“ Ez izan beldurrik, Zion! Ez ditela eror zure eskuak!
17 Jauna, zure Jainkoa, zure erdian dago, salbatzaile indartsu.
Pozaren pozez alaitzen da zugatik,
bere maitasunez biziberritzen zaitu.
Pozez jauzika dabil zugatik,
18 besta egunetan bezala.”
Nor da hola mintzo den profeta hau ? Zofoni J.K. aitzineko 7. mendekoa da, Jerusalemen, Josias
erregearen denborakoa. Hitza laburra du bainan fermua. Erregea eta herria bihozberritzera deitzen
ditu : “Zuek denek, lurraldeko apal horiek, Jaunaren manamenduak betetzen dituzuen horiek, bila
zazue Jauna. Bila zuzentasuna, bila apaltasuna. Eta menturaz geriza aurkituko duzue Jaunaren
hasarre egunean.”(2,3) Bazuten bihozberritzearen beharra : Josiasen aitzineko bi erregeek,
Manasesek (687-642) eta Amonek (642-640), Jainkoaren manamendu guziak zangopilatu zituzten
(idolatria, indarkeria, gezur, boteredunen urgulu, behartsuen lehertze). Jainkoa mintzen duen guzia
egin zuten.
Eta Zofonik hori du salatzen. Adibidez : ” Ni adoratu ondoan Milkom jainkoaren izenean zin
egiten dute.” (1,5) Edo : “Jerusalemen nagusiak, lehoin orrolari; haren jujeak arratseko otso,
goizerako hezurrik ere uzten ez duten otso. Hango profetak, ahobero eta enganatzaile. Jaunarentzat
sagaratua kutsatzen eta legea hausten dute apezek.
Kantika Izai 12
Leloa: Bozkarioz jauz eta kanta,
Jauna zu baitan handi baita.
Jauna da nere Jaungoiko eta Salbatzaile:
Harekin nago, beldur gabe.
Jainkoa baita nere indarra, goresmena,
Hura, salbatu ninduena.
Eskerrak eta goresmen eman Jainkoari,
Dei egin haren izenari.
Miragarriak nasaiki egin dauzkigula
Mundu guzian da jakina.
Kanta Jaunari, ospetsu baita egintzetan,
Jakin bezate lur mugetan.
Zutan, Izrael, Jainko saindua handi baita
Zionen egin jauzi, kanta!
Konfiantzazko eta esker onezko kantika hunek sinestera eman dezake dena eder, dena ordoki zela
Izairen bizialdi hartan. Bainan ez da batere hala.
Ingurumen politikoa beltzenean da. J.K. aitzineko 8. mendean gira, 740 inguruan. Asiriar
inperioa gorenean da. Mehatxu izigarria. Jainkoaren herria, aldiz, bi erresuma ñimiñotan berexia da,
eta gainera bat bestearen kontra altxatuak. Iparraldeko erresumak, Israelek (hiri nagusia : Samaria)
Asiriari gerla egin nahi dio, Damaseko erregea lagun. Hegoaldeko erresuma, Juda (hiri nagusia :
Jerusalem), Akaz duela errege, Israelek bortxatu nahi du harekin guduan sartzera Asiriaren kontra.
Akazek ez baitu holakorik nahi, Israelek Jerusalem setiatzen du. Akazek badaki Asiriaren kontrako
gerla galdua litaikela. Orduan bere erresuma ttipia Asiriari menperatzen dio, nagusi berria untsa
dirustatuz. Bainan Israelgo armada hor da hiriaren inguruan eta Akaz izitua da. Izai profetak
erraiten dio : “Ez beldur izan, ez ikara…(7,4) eni atxikiak ez bazirezte ez duzue atxikiko.” (7,9)
Profetak segurtatzen du Asiriaren nagusigoak ez duela iraunen. Laster kantatuko da : ” Jauna da
ene Jainko eta salbatzaile : harekin nago beldurgabe.” Lehenago Jainkoak Israel Faraonaren
aztaparretarik libratu zuen. Gisa berean Jainkoak Jerusalem askatuko du oraiko etsaien erasotik.
Bainan ez dezagun uste ukan librantza Herri Hautetsiari bakarrik hitzemana zaiola. Salmo
bat Israel herriaz ari den guziz unibertsaltasunaren oihartzuna nabari da. Herri guziak “deituak” dira
kantika hunek dion bezala : “Miragarriak nasaiki egin dauzkigula mundu guzian da jakina.”
Bigarren irakurgaia
( Bozkaria, Jauna hurbil baita )
Jondoni Paulok Filipeko giristinoeri 4, 4-7
Haurrideak,
4 bozkaria zaitezte beti Jauna baitan;
berriz diozuet: bozkaria zaitezte.
5 Ezaguna izan bedi gizaki guzientzat zuen bihotz ona.
Hurbil da Jauna.
6 Ez griña deusetaz,
bainan gorabehera guzietan ager zuen eskariak Jainkoari,
otoitzez eta galdez eta eskerrak emanez.
7 Eta guk pentsa dezakeguna baino handiago den Jainkoaren bakeak
zainduko ditu zuen gogo-bihotzak Kristo Jesusen baitan.
“Ez griña deusetaz, bainan gora-behera guzietan ager zuen eskariak Jainkoari.” lehentxago
Paulok errana zuen : “Jauna hurbil da. ” Hitz bakar horietan dena errana da otoitzaz .
Lehenik, otoitzean, galdeak eta eskerrak beti elgarrekin doatzi. Hori da egoki : zergatik
otoizten dugu Jainkoa ? Badakigulakotz gure zoriona egin nahi duela, beti eta beti. Jainkoari
zerbaiten galdegitea ez ote da, gisa batez, jadanik eskerren bihurtzea, baitakigu gure fedearen
xokoan, zerbait gisaz entzunak girela. Jesusek ez ote du erran : “Otoitzean eskatzen duzuen guzia,
sinetsazue ukana duzuela, eta ardietsiko duzue.” (11,24)
Gero, Jauna gutarik hurbil da. Jondoni Paulok ez du besterik errepikatzen. Horrek bi gauza
bederen erran nahi ditu : Jainkoa gutarik hurbil da, maite gaituelakotz; hurbil da ere denborak
beteak direlakotz, Jainkoaren erregetza hasia baita, azken denboretan baigira.
Paulok dion bezala : “Gibelean dena ahantzirik, aitzinerat noa, eta helburu alde lasteregiten dut sariaren irabazteko, gain hartan deitzen baigaitu Jainkoak Jesu Kristoren bitartez.” (Fil
3, 13-14)
Azkenik, Jauna hurbil delakotz deusek ez gaitu griñatzen : “Zeruan dugu egoitza; eta
salbatzailea, Jesu Kristo Jauna, handik etorriko zaukulakoan gaude.” (Fil 3,20) Nun baitugu ere
altxorra han dugu ere bihotza. Mundu aztoratuari girixtinoak erakutsi behar liokeena ez ote da
lasaitasuna. Lasaitasunak bozkarioraino joan behar du. Igande huntako testo guziek bozkarioa aipu
dute. Hortako deitzen da bozkariozko igandea.
Bozkarioa ez da berez ixurtzen, ura iturritik bezala. Paulok Filipoarreri oroitarazten diote
sofritu dutela Kristorengatik (erran nahi baita pertsegituak izan direla). Halere manatzen diote -ez
bakarrik kontseilu bat emaiten- bozkariotan egoiteko, girixtinoa Kristorena baita, eta beraz
Kristoren bozkarioaz betea. Huna Ebanjelioak emaiten daukun Jesusen otoitz bat : “Hau guzia
erran dauzuet nere bozkarioa zuen baitan ukan dezazuen, eta zuen bozkarioa bete-betea izan
dadin.” (Jn 15,11)
Alleluia, alleluia
Goigoikoaren profeta, Joanes etorri da
Jaunaren bidea prestatzera,
Argiaren lekuko
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 3, 10-18
10 Jendeak Joanes Bataiatzaileari galdatzen zion:
“ Zer egin behar dugu ?”
11 Joanesek ihardesten zioten:
“ Bi soineko dituenak parteka ditzala ez duenarekin;
eta jatekorik duenak berdin egin beza!”
12 Etorri zitzaizkion zergalari batzu ere bataiatzera, eta erran zioten:
“ Irakasle jauna, zer egin behar dugu?”
13 Harek ihardetsi:
“ Ez galda manatua zaitzuena baino gehiago.”
14 Soldaduek ere galdegiten zioten:
“ Eta guk zer egin behar dugu?”
Harek ihardetsi:
“ Nehori deusik ez ken indarkeriaz, ez eta nehor sala gezurrez;
eta zuen soldatarekin aski bekizue.”
15 Herria haiduru zagon, eta denak beren baitan ari ziren
Joanes ez ote zen Mesias.
16 Joanesek deneri erran zioten:
“ Nik urez bataiatzen zaituztet:
bainan badator ni baino ahaltsuagoa dena,
eta ni ez naiz on haren oinetako lokarrien laxatzeko.
Harek Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte.
17 Eskuan du bahea bere larrainaren garbitzeko,
eta ogia bere selaururat biltzeko;
lastoa, berriz, itzaltzen ez den suan erreko du.”
18 Holako beste ainitz aholkuren bidez
Berri ona irakasten zion herriari.
Joanes bataiatzailearen ganat etortzen direnak ttipiak dira, herri xehea, gaizki ikusiak (zergabiltzaile, soldado…). Umilki galdegiten dute : zer da bihozberritzea ? Joanik errepostu xinplea du :
gure aldeko laguna nola erabiltzen dugun, horra gure bihozberritzearen izaria. Geroago Jesusek
erranen du : ” Ez da aski eni Jauna, Jauna erraitea.” Joaniren predikua profeta guziena zen : zuzen
izan, ontasunak parteka, indarkeriarik ez. Eta profetek bezala egiten baitzuen Jesusek, jendea
galdeka ari zen : ez ote da Mesias ? Joaniren errepostua zorrotza zen : ez naiz Mesias, ” badator ni
baino ahaltsuagoa dena… (Lk 3,16) Holako beste aholkuen bidez Berri ona irakasten zion herriari.
Berri ona Jesusen etortzea da. Eta Joanik Mesias bi moldetara ikusten du; bat : Izpiritu Sainduan
bataiatzen du; bi : Mesias Jainkoaren jujamenduaren obratzera heldu da.
Lehenik, Mesias Izpiritu Sainduan bataiatzen duena da. Joel profetak errana zuen Mesiasen
denboran Jainkoak bere Izpiritua jende ororen gainerat ixuriko zuela. Bainan zer zen bataioa ?
Testamendu Zaharraren denboran ez zen bataiatzen. Jesusen denboran arras guti. Juduen anaidian
sartzeko erritoa ebakitza zen. Bataiatzeko, urean osoki sartu behar zen. Garbiketa bat, bainan ez
bekatuen barkamendurako. Bataioak jendea mundu profanotik atera eta eremu sakratuan,
Jainkoarenean, sarrarazten zuen.
Joani Bataiatzaileak sentsu berria emaiten dio bataioari : bihozberritzea eta bekatuen
barkamendua. Bainan erraiten du Jesusek bestela bataiatuko duela : “Badator ni baino ahaltsuagoa
dena …harek Izpiritu Sainduaz eta suz bataiatuko zaituzte.” Joaniren entzuleentzat mezu hori berria
eta harrigarria zen.
Testamendu Zaharrean ez zen “Izpiritu Saindurik” aipu, ez zen “Izpiritua” Jainkoaganik
berexten. Zergatik ? Sinaiko elkargoaren denboran herria politeismotik ateratzeari emaiten
baitzitzaion lehentasuna. Goizegi zen aldarrikatzeko Jainko bakarra hiru presunetan. Jainkoaren
Hatsa, Izpiritua aipu zen bai, gizakiari bizi-indarra emaiten diona edo Jainkoaren nahiaren egitera
bultzatzen duena. Joanik ate bat zabaltzen du aipatuz Izpiritu Sainduaz bataiatzea eta ez bakarrik
urez.
Bestalde, Mesias jujatzera dator. Ideia hau aspaldian aipu zen Testamendu Zaharrean.
Amestu erregeak, Mesiasek, gaitz oro kenduko zuen eta zuzentasuna finkatuko. Jainkoaren
jujamenduak garbiketa bat izan behar zuen. Joaniren entzuleek mintza-molde hori untsa ezagutzen
zuten eta bazakiten berri ona zela, garbiketa harek ez baitu kondenatuko, garbiketaren suak ez baitu
nehor erreko. Suak urrea garbitzen duen bezala, dirdira dezan, halaber su harek gure baitarik
kenduko du Mesiasen erregetzaren araberako ez den guzia.