EZ DUENAREKIN PARTEKATU
Abendualdiko 3. igandea C (2015-12-13)

Joan Bataiatzaileak basamortutik oihu egindako hitzak bihotza ukitu zion jendeari. Bihotz-berritzeko eta Jainkoari leialago izateko haren deiak askori eginarazi zion galdera: Zer egin behar dugu? Gizakiaren baitan beti harrotzen den galdera da hori, errotiko dei bat entzun eta geure erantzuna nola zehaztu ez dakigunean.

Bataiatzaileak ez die proposatu erritu erlijiosorik, ezta araurik eta manamendurik ere. Kontua ez da, berez, gauzak egitea, ezta eginbeharrak baitaratzea ere, baizik beste era batekoa izatea, beste era gizatarrago batean bizitzea, dagoeneko geure bihotzean dugun hau garatzea: bizitza zuzenagoa, duinagoa, haurride-izaerakoagoa.

Gauzarik erabakitzaileena eta zinezkoena geure bihotza Jainkoari irekitzea da, sufritzen ari direnen premiei adi-adi begiratuz. Bataiatzaileak xumetasunez eta egiaz aparta den formula honetan bildu du erantzuna: «Soingaineko bi dituenak partekatu ditzala ezer ez duenarekin, eta jatekoa duenak gauza bera». Ezin esan era sinpleagoan eta argiagoan.

Zer esan genezake hitz hauetaz, munduan gizadiaren hirutik bat baino gehiago miserian eta biziari nola eutsiko egonik, geure armairuak mota guztietako arropaz eta geure hozkailuak janariz beteak ditugunok?

Eta zer esan genezake kristauek hain laua eta gizatarra diren hitz horien aurrean? Ez ote dugu geure bihotzeko begiak irekitzen hasi beharra; hain zuzen ere, gizatarrago izatea eragozten digun ongizateak mendean gauzkanongan sentiberatasun-falta horren eta esklabotza horren kontzientzia biziagoa eragiteko?

Kezkaturik bizi gara, eta arrazoi osoz, kristautasunaren momentu honetako puntu askotaz; aldi berean, ordea, ez gara jabetzen «erlijio burges batek atxiloturik» gauzkala. Ez du ematen kristautasunak, bizi dugun eran, indarrik duenik ongizatearen gizartea eraldatzeko.

Aitzitik, azken hau da Jesusen erlijioak duen alderik onena desitxuratzen ari dena: Kristorekiko gure jarraipena kimatzen ari da hura jatorrenak eta finenak diren balio hauek erauziz: solidaritatea, pobreen defentsa, errukia, zuzentasuna.

Horregatik, askoz gehiago baloratu beharko genuke «gatibutasun» honen aurka matxinatzen den hainbat eta hainbat jenderen ahalegina; solidaritate-keinu zehatzez eta biziera lauagoa, soilagoa eta gizatarragoa landuz konprometitzen den jendearena.

Jose Antonio Pagola