Abendualdiko 3. ig B 2017-12-17
HOMILIA

Anai-arrebok!

Batek Joan Bataiatzailea agertu zen bezala agertu nahi luke. Batez ere, Jesus agertu zen bezala. Egiazale. Lekuko edo testigu leial eta bizi bezala. Mundu osoaren maitale fin.

Joan Bataiatzaileaz, errezeloak dituzte garaiko agintariek: beren agintea koloka ikusi dute Joanen predikuarekin.

Bestalde, Joanek jarraitzailea asko izan ditu. Eta Jesus etorri denean, jarraitzaile horietako askok ere bere errezeloak ditu: zer du handiagorik Jesusek Joanek baino?, galdetzen dute. Azaletik hartuta, Jesusek sortu duen mugimendua Joanek sortu duenaren antzeko da: biek aldarrikatu dute erreinua iritsi izana; biek aldarrikatu dute bihotz-berritu beharra.

Joanen ebanjelioa lehen mendearen azken aldera idatzi zen. Ebanjelariak katekesi bat eskaini nahi izan du. Horretarako, Joan Bataiatzaileari berari eman dio hitza; eta Jerusalemdik etorritako fariseuekin hizketan ari da Joan. Beraren jarraitzaile izandakoei ere garbi agertu die, zer ez den, eta zer den.

Batetik. Garbi aitortu du Joanek: ni ez naiz Mesias; ni ez naiz argia. Baina Joan ez da mugatu zer ez den esatera. Baizik eta, Jainkoaren asmoan zer leku edo zer egiteko duen agertu du. Joanen ebanjelioaren hasieran ere, Hitzaurrean alegia, garbi dator. Joan ez da argia; argiaren lekuko da, argiaren testigu da.

Argia. Guztiok gara, nola edo hala argiaren lekuko. Ezin ezkutatu dugu erabat argi hori. Gogoan izan beharko genuke Joanena: ni ez naiz argia. Harrokeriak eta egoismoak, askotan eragiten digute, geure burua benetako argiaren gainetik jartzera: gezurra dela, inbidia dela, uste handiegia dela… Zenbat aldiz eta zenbat modutan jokatzen dugun geure burua argia izango balitz bezala: besteen iritzia entzun nahi ez, bizitzak agertzen dizkigun arazoetan sakonera jo nahi ez…

Bestetik. Argiaren lekuko izateak, benetako argiari bideak prestatzera eragin dio Joan Bataiatzaileari. Zuzendu, zelaitu, prestatu bidea. Horretan jardun da Joan.

Prestatu bidea. Hori da gure egitekoa; batez ere, abendualdian. Zenbat prestaketa gure etxeetan eta gure herrietan Gabonak direla-eta. Zenbat diru botatze. Zenbat denbora-galtze. Esan liteke, hor azpian mafia bezalako zerbait edo norbait dabilela. Bai, mafia. Gure artean, ekonomiari dagokionez, ditugun alde izugarriak, desberdintasun ikaragarriak ezkutatu nahi dizkigun mafia bat. Horretarako, gastuak eta gastuak egitera bultzatuz. Alferrikako gastuak. Zenbat gastu loterian? Pentsatzen jarri gabe, norengana doazen loteria makur horren irabaziak. Alferrikako gastuak, loterian bezala, jateko eta janzteko kontuetan. Alferrikako gastuak, beste hainbat eta hainbat gauzatan.

Joan Bataiatzaileak Jainkoaren asmoan zer leku dagokion agertu digu. Argiaren lekuko izatea. Argiari bidea prestatzea. Horretan guztian, funtsezko gauza bat erakutsi digu: bihotz-berritu beharra. Joanen garaian bataio-mota asko egiten ziren. Bataioen egitekoa. Bataioa, mezu jakin batekin konpromisoa hartzeko era edo forma bat zen. Joanek ematen zuen bataioak Joanen mezu hori onartzea eta betetzea eskatzen zuen: bihotz-berritzea, bihotz-jarreraz eta joeraz aldatzea.

Abendualdi honetako Isaias profetak, Joan Bataiatzaileak eta benetako Argiaren zain egoten eredu dugun Andre Mariak lagundu gaitzatela Jainkoaren asmoan bakoitzari dagokigun lekua hausnartu eta bizitzen: ARGIA den Jesusen zinezko testigu izanez, benetan bihotz-berritzen saiatuz.

Dionisio Amundarain