ABENDUKO HIRUGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Etortzekoa den salbamenduaren miragarriak )

Izai profetaren liburutik 35,1-6.10

1 Alegera ditela basamortua eta lur idorra!
Bozkaria dadila eta lorezta eremua,
2 Landetako lorez jantzi
eta egin dezala bozkarioz irrintzin eta jauzi.
Libango ospea emana zaio, Karmel eta Zaroneko ederra;
ikusiko da Jaunaren ospea, gure Jainkoaren distira.
3 Eman indar esku ahuldueri,
azkar erortzera doatzin belaunak.
4 Errozute bihotz beldurtueri:
Gora bihotzak! Ez izan beldurrik!
Hara zuen Jainkoa: mendekioa heldu da, Jainkoaren ordaina.
5 Bera heldu da, eta salbatuko zaituzte.
Orduan idekiko dira itsuen begiak
eta elkorren beharriak zabalduko.
6 Orduan mainguak basahuntzak bezala jauzi eginen du,
eta mutuaren mihiak pozez oihu.
10 Jaunak libratuak itzuliko dira bide hortan gaindi.
Zionerat etorriko dira bozkariozko irrintzinaka;
betiko zorionak beteko ditu heien aurpegiak;
alegrantzia eta poza izanen dituzte lagun.
Auhen eta nigarrek ihes eginen dute.

Irakurgai hunen bihotza bertsu huntan dago: „Gora bihotzak! Ez izan beldurrik! Hara zuen
Jainkoa: mendekioa heldu da, Jainkoaren ordaina. Bera heldu da, eta salbatuko zaituzte“.

Jaunaren mendekioa, zuen salbatzea da. Eta irakurgai huntako gaineratekoak, denak agintzak dira:
sendatzeko agintzak denentzat, itsu, elkor, maingu, mutu… „Orduan idekiko dira itsuen begiak eta
elkorren beharriak zabalduko. Orduan mainguak basahuntzak bezala jauzi eginen du eta mutuaren
mihiak pozez oihu.“ Eta gain gainetik, etxerat itzultzeko agintza atzerriratueri.“ Jaunak libratuak
itzuliko dira bide hortan gaindi. Zionerat etorriko dira bozkariozko irrintzinaka”. Izaik hitz hauk
erraitean, Izraelko populua desterratua da Babilonian, Nabukodonozoren armadak Jerusalemen egin
izigarrikeriak ikusi ondoan. Berrogoita hamar urte etxetik kanpo ! Bada kuraia galtzekoa! Izaik
erraiten diote beraz : „Eman indar esku ahuldueri, azkar erortzera doatzin belaunak. Errozute
bihotz beldurtueri :“Gora bihotzak! Ez izan beldurrik!“
Berrogoita hamar urteko ametsa! Nola sinets profetaren errana : “Laster da zuen librantza!”
Herrirat itzultzeko bide zuzenena Babilonia eta Jerusaleme artean Arabiako basamortutik pasatzen
da. Eta basamortuaren zeharkatze hortaz Izai mintzo da loriostasun beteko ibilaldi batez bezala…
miragarriko proosione batez bezala: „alegera ditela basamortua eta lur idorra! Bozkaria dadila eta
lorezta eremua eta egin dezala bozkarioz irrintzin eta jauzi ! » Salmoek ez dute bertze hitzik
beiletako otoitzak aipatzean. Basamortua eder izanen da… Libaneko mendiak bezain eder,
Karmeleko mendixkak bezain ospetsu, Zaroneko ibai bazterra bezain panpin… Etxeratze hori esker
onezko proosione bat bezala izanen da, libratuak direnen esker ona, Izaik dion arabera : „Jaunak
libratuak itzuliko dira bide hortan gaindi“ Lerro hunek bi adiera baditu: etxerat itzultzea eta beren
Jainkoari buruz itzultzea. Itzultze hau adiskidetze berri bat da.
Hauek denak, Jainkoak dira eginak : “Bera heldu da, eta salbatuko zaituzte“. Izaik dio ere:
„Mendekioa heldu da, Jainkoaren ordaina“. Jakin behar da, orduko denboretan, hilketa baten
ondotik, familiako hurbilenek hila mendekatu behar zutela. Mendekatzea eginbide zen. Izaik hori
du aipatzen : Jauna da gure familiako hurbilena eta gure zorigaitzez arduratzen da; gainerat, bere
populuaren dretxoak begiratzen ditu eta jendeak libratzen beren lotura makurretik. Mendeku hitz
hunek ez du erran nahi Jauna gure kontra agertzen dela, bainan bai guri gertatzen zaizkigun gaitz
eta min guzien kontra dela. Bere mendekioa, gaitzaren kentzea da, zorigaitz guzien kentzea :
„idekiko dira itsuen begiak et elkorren beharriak zabalduko; mainguak basahuntzak bezala jauzi
eginen du eta mutuaren mihiak pozez oihu“
Egia erran, ez da beti hola pentsatu. Bibliaren historian Izairen lerro hauek berantekoak dira.
Hastapenean, Bibliako populuak gizonen itxurako Jainko bat zuten asmatu. Eta profeten predikueri
esker, Jainkoa den bezalakoa ikusi da eta ez asmatzen zen bezalakoa. Mendeku hitz hau egon da,
bainan arras bertze adierazpen batekin, bertze hitz batzu bezala, hala nola „sakrifizioa“ edo
„Jainkoaren beldurra“.
Zenbat mende eta zenbat urrats Jainkoaren egiazko irudia aurkitzeko, dena amodio eta
urrikalmendu den Jainkoa. „Hara zuen Jainkoa, mendekua heldu da; bera heldu da eta salbatuko
ziatuzte“ erran nahi baita : Jainkoa da zuen familietan hurbilena, maite zaituzte bertze nehor baino
gehiago, eta edozoin umiliatze edo tzarkeria jasanik ere, heldu da zuen altxatzeko, zuen libratzeko.

Salmoa 145

Leloa : Salba gaitzazu, zato, Jauna!

Jaunak betiko baitu zaintzen, Bertzek joentzat hura zuzen.
Gosetueri harek ogi, Gakotueri harek argi.
Itsutueri Jaunak begi, Lehertueri dio: jeiki!
Jaunak laguntzen urrun joanak, Hazten umezurtz, alargunak.
Jaunak zuzenak ditu maite. Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere, Gure Jauna Jaun mendez mende

Salmo hunen hiru bertsu dira egun emaiten, eta buruan-buru „alleluia“ kantatzen da, erran
nahi baita „Jauna gorets“. Salmo hau beraz osoki esker onezko eta goresmeneko kantu bat da.
Babiloniako atzerritik etorri ondoan idatzia izan da, tenplo berriaren estreina karietarat. 587an J.K.
aitzin, Nabukodonozor Babiloniako erregearen armadak tenploa suntsitu zuen. Berrogoita hamar
urteren buruan, Ziruz, Pertsiako erregeak garaitu zuen Babilonia eta esklabo ziren Judueri baimena
eman Izraelerat itzultzeko eta tenplo berri bat eraikitzeko. Badakigu hori ez zela errexki egin, etorri
berrien eta han bertan egon zirenen artean. Agge eta Zakari profeten bertutearen bitartez obratua
izan zen eraikitze hori. Sekulako airostasunean eta poz haundian egin zen estreinatzea.
Egungo salmoak etxerat itzultzeak emaiten duen bozkarioa du aipatzen. Berriz ere,
Jainkoak bere leialtasuna erakusten du. Lehenik Egiptotik ateratzeko, orain Babiloniatik joaiteko,
Jaunak bere populua altxatzen du, „mendekatzen du“, Izrael profetak dion bezala. Jendeak bere
historia irakurtzen duelarik, Jainkoak beti laguntzen duelako lekukotasuna emaiten ahal du :
„Gosetueri harek ogi, gakotueri harek argi“. Basamortuan zen populuari Jaunak ogi eta janari.
Urrats bat eta urrats bi, hola ezagutua izan da Jainkoa, beti gakotuak direnen salbatzaile, beti itsu
direnen argitzaile, beti apalduak direnen altxatzaile. Kreatzailea holakoa zela ez zen bere
baitarikako ikus molde bat; Bibliaren arabera bide luzea behar izan da Jainkoa hola dela onartzeko.
Ohore eta eskerrak Izrael populuari, amodiozko Jainko urrikalkorra agertu baitu. Populua molde
berari jarraikitzera gomitatua da, zapatuak direnen alde urrikalmendua erakustera. Jainkoaren
urrikalmendu bera agertzeko, Izraelgo legeak zernahi eginbide eman zuen alargunen, umexurtxen
eta kanpotiarren alde. Profetek irizpide horiek erabiltzen zituzten Izraelen leieltasuna neurtzeko,
Elkargoaren alderat.
Jainkoaren Elkargoari leial bizi arau, fededunak ohartzen dira Jaunak barne barnetik
aldatzen dituela.“Gosetueri harek ogi“, gorputzak behar duen ogia… bainan bihotzak duen goseari
ere, Jaunak bere hitzaren mamia du emaiten. „Itsutueri Jaunak begi“: zenbat itsutasun, ez begienak,
bainan bertzelakoak. „Gakotueri Jaunak argi.“ Zenbat gako, eta zenbat lokarri, urguluarenak,
herrarenak, jeloskeriarenak, eta Jainkoak bere esteka guzietarik libratzen dituela dute fededunak
aitortzen. Horra zergatik bertsu hauek alleluia duten aintzinetik eta ondotik. Jainkoak ereman gaitu
menpekotasunetik azkatasunerat, ilunbetarik argirat, esklabotasunetik berpizterat. Hortakotz, kanta
dezagun Alleluia!
Giristinoek salmo hau irakurtzen dugu Jesu Kristo gogoan: jendeari ogia eman zion, eta
bataiatu guzieri bere gorputzaren ogia emaiten dauku. Bere berpizteak hiltzea garraitu du :
“Gakotueri harek argi » .
Azken ohar bat : Bibliak aitortzen du Jainkoaren itxurarat eginak girela. Nola, diogu gure
baitan ? Hemen dugu erantzuna: dohakabea laguntzen dugun aldi oroz, dela itsu, elkor, mutu, preso,
kanpotiar, Jainkoaren itxura dugu, Jainkoaren eite. Ahul, apal, xume denari egin ongiak Jainkoaren
erreinua du aintzinarazten. Behin, katixima egile batek kondatu zuen nola Jesusek ogiak aniztu
zituen eta galdegin zuen : « Zergatik ez du orain gauza bera egiten, gose direnek jan dezaten ? » Eta
ahapetik bezala erran zuen : « Menturaz hori gure gain baita. »

Bigarren irakurgaia

( Izan iraupen: hurbil duzue Jaunaren etortzea )

Jondoni Jakoben epixtolatik 5,7-10

7 Haurrideak,
izan zazue pazientzia, Jauna etorri arte.
Beha laboriari:
lurraren fruitu ederraren zain egoiten da,
eta pazientziaz igurikatzen ditu goiz-euria eta berant-euria.
8 Izan pazientzia zuek ere, eta egon sendo,
Jaunaren etortzea hurbil baita.
9 Haurrideak, ez ar murmurikan bata bestearen kontra,
ez zaitezten kondenatuak izan.
Beha: Jujea ate ondoan dago.
10 Haurrideak, har neke eta pazientziaren etsenplutzat
Jaunaren izenean mintzatu diren profetak.

Jesusen inguruan, hiru Jakobe baziren : Zebederen semea, (Jesusen itxuraldatzean aurkitzen
duguna, bai eta Getzemaniko baratzean) ; Alfeoren semea, hamabietarik bat ; eta Jesusen ahaidea,
Jerusalemeko taldearen arduradun bat, eta egungo epixtolaren idazlea, deus segurtamenik gabe.
Lehen girixtinoen lema bat dugu egun : Jainkoaren etortzea igurikatzea. Ohargarri da nola
hastapenetako girixtinoek munduaren bururatzearen ikusteko gutizia zuten, Kristo berpiztuaren
ikusteko gutizia, ezinegon bat bezala. Ezinegon horri Jondoni Jakobek pazientzia du gomendatzen.
Lerro hauetan, lauetan errepikatzen du : „Izan zazue pazientzia, Jauna etorri arte“. Jauna etorriko
da, segur da eta segurtamen horrekin atzarririk daude, helburu hori gogoan, lasterkaldi batean
bezala, Jondoni Pauloren arabera. Lasterkaldi hau, luzerako lasterketa bat da, hatsa behar da.
Jainkoaren erresumaren etorrera, luzerako herstura. Hastapenean, Jesusen berpiztearen eta zerurat
altxatzearen ondotik loriostasunezko haren etortzea hurbil zela sinesten zen; urteak joaitean
esperantza pazientzia bilakatu da. Erran ginezake esperantza fedearen iraupena dela.
Lasterketa luzeak hats luzea behar du; ikus lasterkariak, kantariak, txistulariak; trebatu behar
da. Bere girixtino irakurleeri Jondoni Jakobek bi “trebe” emaiten ditu aintzinera : laboraria eta
profeta. Urtetik urtera, urtaroaren joan etorriak ikasi ditu laborariak : “eta pazientziaz igurikatzen
ditu goiztiar-euria eta berant-euria”. Profetek berriz, heien erraneri etsai agertzen zirenen kontra
iraun behar zuten; alta heien erranak salbamenduzko hitzak ziren ! Eginbidea, girixtinoek, beren
harremanetan dute “Haurrideak, ez ar murmurikan bata bestearen kontra”; eta Jesusek “ez
jujearena egin, Jainkoak juja ez zaitzaten”. Jainkoa da juje bakarra. Gurea ez den eskubidea ez
ebats.
“Jujea ate ondoan dago” dio Jakobek. Lehenik, irudi bat da. Lehengo denboretan, jujeak herriko
atean ziren, ez herri barnean. Gero, bi adierazpen: lehenik Jaunaren etortzea Jujamenduaren orena,
bizi gaiten beraz ikusmolde hori buruz. Profeten erranak dira horiek, bereziki Joanes
Bataiatzailearen predikuan. Bigarrenekorik, ez zirezte zuek juje. Iduriz beharrezko oroitaraztea.
„Jujea ate ondoan dago“, bihotzari, eta ez itxurari, behatzen diona… egiazko uzta-biltzailea ez da
prisatzen uzta egitera „belar basa biltzean ogia errotik atera ez dezazuen“ (Mt 13,29)

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jaungoikoaren profeta, Joanes, etorri da
Jaunari bidearen apaintzeko,
Argiaren lekuko izaiteko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 11,2-11

2 Joanes Bataiatzaileak,
presondegian Kristoren egintzen berri jakinik,
bere dizipulu batzu igorri ziozkan galdatzera:
“ Zu ote zira etortzekoa den hura,
ala beste baten beha egon behar dugu?”
4 Jesusek ihardetsi zioten:
“ Zoazte Joanesi erraitera zer entzuten eta ikusten duzuen:
5 Itsuek ikusten dute eta mainguak badabiltza,
lepradunak garbi gelditzen dira
eta elkorrek entzuten dute,
hilak pizten dira,
eta Berri Ona behartsueri adiarazia zaiote.
6 Dohatsu nere baitan erorbiderik ez duena.”
7 Heiek bazoatzilarik, Jesus jendeari Joanesez erraiten hasi zitzaion:
“ Zer ikusi beharrez joan zirezte basamorturat?
Haizeak higika derabilan kanabera?
8 Zer ikusi beharrez joan zirezte, bada?
Soineko apainez jantzia den gizon bat?
Bainan hola janzten direnak erregeen jauregietan egoiten dira.
9 Zer ikusi beharrez joan zirezte , bada? Profeta bat?
Bai, nik diozuet, profeta baino gehiago den bat.
10 Hartaz da izkiriatua Liburu Sainduan:
Horra, nere mezularia zure aitzinean igortzen dut
zuri bidea prestatzera.
11 Egiaz egiaz diozuet: emazteenganik sortu semeen artean
ez da Joanes Bataiatzailea baino handiagorik.
Halere, zeruetako Erreinuko ttipiena ere
hura baino handiagoa da.”

Joan den igandean, Joanes Bataiatzaileari buruz heldu ziren guziak Jordan ibaian bataiatzen
zituela ikusi dugu. « Nere ondotik heldu da » zion orduan. Egungo irakurgaia, ilabete batzuren
ondotik da. Joanes Bataiatzailea Herodesek preso sartu zuen 28an guti gora behera, eta Jondoni
Matiuk bere ebanjelioan dio Jesus predikatzen orduan hasi zela. Orduko presondegietan bizia aski
egokia zen. Badira etsenplu ainitz orduko harremanetaz bai kanpoko jendeekin bai barneko bertze
presoekin. Beraz Jesusek zer egiten zuen Joanes Bataiatzaileak bazakien; bere dizipuluek kondatzen
zioten, eta menturaz ez beti onginahiz. Ondorioz galderak ibilki zituen bere gogoan.
Jesusen bataio egunean, Jesus Mesias zela, Joanes Batatzailea segur zen. Argi eta garbi erran
zuen. Ilabeteak joan ziren. Joanes Bataiatzailea preso hartu zutelarik, Jesus Jordan ibai ingurutik
joan zen Iparralderat, Galileari buruz. Haren bizi publikoaren hastapenak Jondoni Matiuk kondatzen
dizkigu : predikuak, mendi gaineko prediku famatua (dohatsutasunak) bai eta egintzak : hainbertze
sendatze, bainan egiteko molde bitxi batzu ere. Adibidez, Jesusek dizipuluak hautatu ditu, eta batzu
ez dira sobera egokiak. Erlisione mailan eta politika mailan ez dira denak gogoeta
berekoak…Gainerat, profeta batentzat ez da batere saindugaia. Joanes Bataiatzailea bai, saindugaia
zen eta denek miresten zuten. Jesusek, aldiz, nornahik bezala jaten eta edaten zuen eta nornahirekin
ibiltzen. Alta, bere presondegian, Joanes Bataiatzailea beti kartsutasun berean dago. Ez da beraz
harrigarri griña dadin : „Engainatu ote naiz ? Hori ote da Mesias?“ Bere dizipuluak Jesusi buruz
igortzen ditu galdetzera: „Mesias zira zu, bai ala ez ?“ Jesusek ez du ez „bai“ ez „ez“ erraiten.
Liburu sainduak Mesias nola aipatzen duen erantzuten du, artamendatuz : « Beha zuhaurek eta
egiazta nik eginak. » Bertzela erraiteko : bai, Mesias, Jainkoaren Semea naiz, ez zira engainatu ;
aldiz, nere egin moldeak harritzen bazaitu, Jainkoaren izaite egiazkoa aurkitzekoa duzu.
Joanes Bataiatzailearen galdea guziz latza da. Latza da Joanes Bataiatzailearentzat, eta latza
da ere Jesusentzat. Bere bizian gogoetak egin ditu eta hautuak egin izan behar ditu (Tentaldiek aski
ongi erakusten dute). Galdera hau da : denek badakigu eta segurtamenez, Mesias etorriko dela.
Bainan, nolakoa izanen da? Zer eginen du? Botere haundiko erregea izanen ote da ? Apeza ?
Profeta ? Alta, Liburu Sainduko testoek, Jesusek hautatzen dituenek erakusten dute Mesias umil,
jendeen zerbitzari, lepradunen sendatzaile, maingu eta molde guzietako dohakaben zerbitzari dela.