Abendualdiko 3. igandea A (2016-12-11)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Igande honi, aspaldidanik, GAUDETE esaten zaio: POZTU ZAITEZTE. Zergatik? Jainkoaren Erregetza hurbil delako. Nazareten jaio den haur txikiak, ERREGE dela esango du jaio eta 33 urte ingurura. Jesus errege izateak probetxu handia du guretzat: berarekin errege izateko bidea urratu digu Jesusek.
Gaurko Mezako irakurgaiek ez dute beren artean erlazio handiegirik, baina aurreko igandeetako ildoan jarraitzen dute. Lehen irakurgaiak (Isaias 35,1-6a.10), antzinako eta gaur egungo arazo bati erantzun nahi dio: erbestetuen arazoari. Ebanjelioak lotura handia du joan den igandekoarekin: Joan Bataiatzailea nahasturik dabil: uste zuen Mesias epaila zorrotz izango zela, eta berak Mesiastzat jo duen hura beste modu batean ari da hitz egiten eta jokatzen.
Lehenengo irakurgaia. Gerlak eta erbesteratzeak oso gogor jo zuten Israel herria. Luzeegi jo luke historia guztia gogoratzeak. Profetek aipatzen duten lehen erbestealdia, K.a. 8. mendearen azkenaldian gertatu zuen: K.a. 720an. Gogorrena, ordea, K.a.. VI mendearen hasieran ezarri zieten: 598an eta 586an). Hondamen handia izan zen hura juduentzat. Azkeneko horretan, jende prestatu gehiena Babiloniara eraman zuten.
Babilonia gaurko Irak eta Iranen zegoen. Jerusalemdik Babiloniara, gaur egun errepidez 1145 km daude. Orduan, ordea, ez zen errepiderik, ez autobus erosorik. Presoak bisitatzera joateko, behin baino gehiagotan eragin beharko zion jendeak buruari. Batez ere, guraso eta haurrek. Profetak bihotz eman nahi die. «Gaur hau ez da bihar hura» esaten die. «Basamortua poztuko da». «Jainkoaren aintza ikusiko dute».
Irakurgai honek, gaur entzunda, gaur egungo tragedia handiak dakarzkigu burura: alde batetik, gure presoak, han eta hemen sakabanatuak; zigortuak; presoak berak adina, gurasoak, ahaideak, adiskideak. Zenbat kilometro egin behar haiek bisitatzeko! Zenbat gastu, zenbat nahigabe, zenbat ezbehar? Bestetik, antzina hartako israeldarrak bezala, zori bertsuan milioika pertsona gaur egun ere: bere herrian gaizki, arriskuan…; beren herritik kanpo noraezean ibili behar: iristen diren lekuan errezeloa jasan behar, ezin ikusia…
Eguberritako jai hauek aldatuko ahal dute etorkinen bisita hartzen duten herrialdeen bihotza. Bestela, berriz ere familia santuarena errepikatu beharko genuke: Betlehemera joan eta ez zuten aurkitu ostaturik.
Ebanjelioa. Joan den igandeko ebanjelioa Joan Bataiatzailearen esperantzaz mintzatu zitzaigun: ni baino handiagoa da, nik urez bataiatzen zaituztet; hark Espirituaz eta suaz baiatuko zaituzte.
Baina zer gertatu da? Joan Bataiatzaileak bere ustea eta ideia eta irudia zituela Mesiasi buruz: epaile zorrotza izango zela uste izan zuen, eskuan aizkora zuela etorriko zela fruiturik ematen ez duen arbola botatzeko; eskuan sardea ekarriko zuela, lastoa sura botatzeko. Jesus, berriz, gozo eta maitale etorri da: jendea sendatuz, bekatariei barkazioa emanez…
Joan Bataiatzailea nahasturik sentitu da. Baina bihotza irekirik du, Jesusen zoriontasun hau ulertu eta onartzeko: «Zorionekoa ni eskandalutzat hartzen ez nauena! Zorionekoa ni oztopo-harritzat hartzen ez nauena».
Senideok, behin baino gehiagotan gertatuko zaigu geuri ere Joan Bataiatzailearen nahasmendua. Jainkoa ahalguztiduna bada, Jainkoa on-ona bada,… zergatik niri hau guztia, zergatik munduan miseria hau, zergatik hainbat eta hainbat gerla…?
«Jainkoaren Semea bazara, jaitsi zaitez gurutzetik, eta sinetsiko dugu zugan», esan zioten Jesusi. Eta Jesusek gurutzean jarraitu zuen. Jainkoa ahalguztiduna da, on-ona da. Hain juxtu, horregatik ez du burruntzalia sartu nahi guk geuk egin beharreko gauzetan: on-ona delako; gugan konfiantza jarria duela. Ez du jokatu nahi munduko agintariek bezala: beren burua ondo zaindurik gorde, eta jende pobrea bidali frentera. Han elkar garbitu dezaten.
Jesus errege izatera etorri da. Baina, harena, beste era bateko erregetza da. Gurutzeko erregetza. Baina guretzean gelditzen ez den erregetza. Ez da epaile zorrotz datorrenaren erregetza. Gauza txikietan agertuko duen erregetza. Eguberrietako jaiak horren adierazle dira: pobre-pobre jaio, pobre-pobre bizi. Jesusen jaiotza horren adierazgarri izango al dira gure EGUBERRIAK aurten? Jesus errege aitortuko al dugu geure bizitza apalean, geure bizitza xumean? Besteak beste, zer gauza txiki-handia zaharrak eta gazteak, gurasoak eta haurrak gau-parte bat punttuan edo musean jokatuz ematea!
Dionisio Amundarain