ABENDUKO BIGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Jerusaleme berriari buruz goaz )
Baruk profetaren liburutik 5, 1-9
1 Jerusaleme, ken dolu eta atsegabe-soinekoa;
jauntz Jainkoak betiko ematen dautzun aintzaren soineko ederra.
2 Bil zure gorputza Jainkoak ematen dautzun
zuzentasunaren soingainekoan,
eta ezar buruan Betikoaren aintzaren korona.
3 Agertuko diote Jainkoak zure distira zerupeko guzieri,
4 eta izen hau emanen dautzu behin betiko:
“ Bakea zuzentasunean, Ospea jainkozaletasunean”.
5 Jeiki zaite, Jerusaleme, igan gainetarat,
eta beha sortalderat: ikus zure haurrak
sortaldetik sartalderaino Jainko Sainduaren hitzak bilduak
eta bozkariotan, Jainkoa heietaz oroitu baita.
6 Oinez atera ziren, etsaiek eremanik,
bainan Jainkoak ospe handitan ekartzen dauzkitzu,
errege-alkian bezala.
7 Jainkoak manatu du
Mendi gora guziak eta betidaniko mendixkak apaldurik,
errekak betetzea, lurra berdintzeko,
Izraelek segurean bide egin dezan, Jainkoaren aintza gidari.
8 Jainkoak manaturik, oihanek eta usain oneko zuhaitzek
Izraeli itzala emanen diote.
9 Bozkariotan eremanen baitu Jainkoak Izrael,
bere aintzaren argitan
zaintzale ematen diola bere urrikalmendua eta zuzentasuna.
Baruken liburua, liburu gaitza olerkarientzat; bainan nor ote zen Baruk hori?
Nabukodonosoren armadak Jerusalem hartu aitzin, bazen delako Baruk deitua, Jeremiren idazlea,
JK aitzineko 6garren mendean eta liburu huntako lehen lerroak harenak direla diote. Egia erran,
autorea zenbat mendez gazteagoa da (liburu hau bigarren mendekoa liteke). Oraiko ohidurak arras
ezberdinak dira, bainan denbora heietan, lehengo autore famatu baten izena hartzea, haren ospatzea
zen.
Bigarren oharra: Baruken izenpetzea hartu du bai eta Isaiasen lerro ainitz. Hori ere usu zen
orduko denboretan. Lehengo profetari profeta berriak oihartzun: Jainkoaren agintzeri dagokion
fedearen berpizteko moldea. Ez da bestenaz jabetzea; agintzen balioaren aitortzea da. Hori bera
ikusi dugu joanden astean, Jeremiren Liburuan, hunen heriotzearen zonbat menderen buruan, testo
berri bat sartua .
Ikus etxeratzeko agintzak: « Mintzo bat oihuka: « Presta zazue basamortuan bidea Jaunari,
berdin zazue errepidea eremuan gure Jainkoari.Bete daitezela haranak, apal mendi eta mendixkak,
tontorrak zelai bilaka daitezela eta maldarrak ordoki. Orduan Jaunak bere ospea agertuko du eta
jende guziek batean ikusiko dute. » (Is 40,3-4) Mendi guziak bide eginen ditut eta errebideak
leunduko. » (Is 49,11) Eta Barukek oihartzun: « Jainkoak manatu du mendi gora guziak eta
betidaniko mendixkak apaldurik, errekak betetzea, lurra berdintzeko, Izraelek segurean bide egin
dezan, Jainkoaren aintza gidari »
Bertze lerro beki hauek: « Zedro, arkazia, mirto eta olibondoak landatuko ditut
basamortuan; altzifre, zuhar eta izaiak eremuan. Hola denek ikusiko dute eta jakinen, ohartuko
dira eta konprenituko nik, Jaunak, egin dutala hori, nik Izraelen Jainko sainduak, kreatu dutala
hori guzia »(Is 41,19) Baruk bere alde: « Jainkoak manaturik, oihanek eta usain oneko zuhaitzek
Izraeli itzala emanen diote. Bozkariotan eremanen baitu Jainkoak Izrael, bere aintzaren argitan
zaintzale ematen diola bere urrikalmendua eta zuzentasuna. »
Isaiasek dio oraino: « Beha ingururat eta ikus: denak biltzen ari dira. Zin egiten dut neure
biziaz: jantzi zoragarri ukanen dituzu soinean, andregai-jantziz bezala inguratuko zaituzte. »(Iz
49,18) Hau Isaiasen bigarren liburuan, eta hirugarrenak dio: «Beha ingururat eta ikus: denak,
bildurik, zureganat heldu dira urrunetik datoz zure semeak besoetan ekartzen dira zure alabak. »(Iz
60,4) Eta beti Baruken oihartzuna: « Jeiki zaite Jerusaleme, igan gainetarat, eta beha sortalderat:
ikus zure haurrak sortaldetik sartalderaino Jainko Sainduaren hitzak bilduak eta bozkariotan,
Jainkoa heietaz oroitu baita. Oinez atera ziren, etsaiek eremanik, bainan Jainkoak ospe handitan
ekartzen dauzkitzu, errege-alkian bezala. »
Jerusalemgo helduden ospetzeaz, Isaias bigarrenak dio: « Iratzar zaite, Sion, iratzar, jantzi
zaite indarrez! Jantzi soinekorik ederrenak, Jerusalem, hiri saindu horrek! »(Is 52,1) Eta urtero,
Trufania egunean, entzuten dugu: « Jeiki Jerusalem, dirdira zazu, heldu baita zure argia: Jaunaren
aintza zure gainerat ateratzen da! » (Is 60,1) Bere mendekidentzat Barukek berriz: « Jerusaleme,
ken dolu eta atsegabe-soinekoa; jauntz Jainkoak betiko ematen dautzun aintzaren soineko ederra…
Agertuko diote Jainkoak zure distira zerupeko guzieri.. » Harrigarriak diren lerro hauetan geldi
gaiten: « Jauntz Jainkoak betiko ematen dautzun aintzaren soineko ederra »: ez da harat-hunatik,
Jainkoaren aintzaketari gaude bilakatuak.
Bixtan dena, Baruken liburua Isaiasena baino berantagoa izanez, zertako agintzen
errepikatze hau? Babiloniako erbestaldia bururatua da; ez da beraz seigarren mendeko erbesteratuaz
mintzo. Lehengo profeten hitzak, nori buruz? Egia erran, munduan zabaldu diren Judueri da mintzo,
Greka eta Erromanoen erdian diren Judu taldeeri eta beren burua Jerusalemtik urrun daukateneri.
Profetak ongi daki, gorabehera guzien artetik Jainkoaren xedea Jerusalem eta gizadi osoaren alde
gauzatuko dela.
Isaiasen iduri, Barukek bere predikua mundu etsipendu eta ilun batean du mezutzen: hau
dugu fedezko eta itxaropenezko erakaspen ederra: oraiko lazgarrikeri guziak ez dute gure indarra
ahultzekorik.. dute aldiz azkartuko.
Salmoa 125
Leloa: Handizki gaitu Jaunak lagundu:
Hara non garen bozkariatzen.
Preso zirenak baititu Jaunak erakarri,
Gu ginen kasik ametsetan.
Ahoa zabal ginauden oro, dena irri,
Kantu soinuak ezpainetan.
Bertze jendeek egiten zuten so elgarri:
“Ari da Jauna heien baitan”.
Handizki dauku Jaunak eskua eman guri:
Hara non garen lorietan.
Eman zuk, Jauna, gure jendean indar berri,
Urek bezala mortuetan.
Nigar hipetan joaiten direnak ereilari,
Uzta bilari lorietan.
Haratekoan harat doatzi pleinuz ari,
Hazi bihiak eskuetan.
Hunatekoan hunat datortzi kantuz ari,
Espal ederrak besoetan.
Salmo hunen aitzineko lerroak « beilarien kantua » deitzen dira, horrek erran nahi baitu ez
zirela Jerusalemgo tenploan kantatzen, bainan beilaz Jerikotik Jerusalemerat igaiten den bidean.
Babiloniako erbestaldia bururatua zen eta tenploa berriz eraikia, beraz zertako berriz aipa?
Jainkoaren bertze agintzen sinesmena eskarmentu miresgarri hortarik ateratzeko, jalgitzeko. « Preso
zirenak baititu Jaunak erakarri, gu ginen kasik ametsetan Ahoa zabal ginauden oro, dena irri,
kantu soinuak ezpainetan. »
Etxerat-itzultze horren alaitasuna deus ez ditake gure bihotzen zorionaren ondoan azken
iganaldian. Israelen, lehengo denboraz orroituz, etorkizuna da gogoan. Jainkoak « miresgarriak »
egin ditu bere herriarentzat: Egiptotik ateratzea, desterrutik itzultzea, bainan haundiagoak eginen
ditu, gatibu ainitz izanik oraino Jerusalemerat edo Sionerat ekartzekoak: leku arrotzetan direnak,
egungo lehen irakurgaian Baruken liburuak aipu dituenak; eta oroz gainetik, mundu zabalean
dagotzin gatibuak: indarkeri, erra, zuzengabekeri, mesprexu eta edozoin moldetako katepean
daudenak.
Erran zaharrak entzunez eta entzunez, agintzak uste baino haundiagoak zirela dute ulertu.
Bai, Jainkoak Babiloniatik etxeratzea zuen agindu bainan polliki polliki gure desterru guzietarik
ateratzea digula agintzen dugu ikusten. Mugagabekoa Jainkoaren leialtasuna; neurrigabekoa haren
maitasuna. Mendeak zehar, testoen barnatze etsenplugarria,Israelen fedea Jainkoaren misterioari
idekiz eta onduz.
Jainkoak du, ez eta jendeak, herria biltzeko Jerusaleme hautatu. Jainkoak berak hautatua
gatik, Juduek daukaten lokarria Jerusalemekin dago hain azkar eta kartsua. Jainkoaren manuz du
Dabidek, Gad profetaren medioz, aldarea eraiki mendixkaren gainean, gaur egun Jerusalemgo
tenploa den zelaian. Jerusaleme edo Tenploaren mendixka maiz aipatzen da erranez: « Jainkoak
bere izena bizi dadin hautatu lekua ».Jainkoak berak Jerusaleme aipatzen du erranez: « nik hautatu
hiria ». Zer pisua, Jerusaleme izenak daukan sinbolismoa menderen mendetan. Jainkoaren ikusegoitza
izana gatik da guziz Hiri Saindua.
Gizadi osoari dagokion idekidura du bibliako fedeak zabalduko: Israel, gizadi guziaren
zerbitzari dela aurkitu-arau, Jerusaleme ez da gehiago Israelen haurren aberria bainan jende guzien
bil-tokia. Isaiasek holako ikus-molde zabalak agertzen ditu frangotan, adibidez: « Zure argirat
etorriko dira herriak, zure goizargirat erregeak. …Beha ingururat eta ikus…. Heiek ikustearekin
dirdiran jarriko zira, bihotza zabalduko zaizu bozkarioz; zureganat bilduko dituzte urruneko
herrien altxorrak, zureganat ekarriko nazioneen ontasunak. Zure herria kameluz estaliko da (eta
hemen autoreak mundu ezaguneko nazione aberatsenak ditu aipatzen) Madian eta Efako karabanak,
bai eta Sabako guziak. Urre eta intsentsu ekarriko dute, Jaunaren egintza goresgarriak hots eginez.
Zuretzat bilduko dituzte Kedarko artalde guziak, zure zerbitzuko izanen dira Nebaiot-eko marroak;
Jaunari eskainiko zaizkio bere aldare gainean, harentzat opari atsegingarri eta Jaunak eder baino
ederrago eginen du bere ospea agertzen duen tenplua. Zer dira horiek, zeruan harat hodeiak
bezala usategirat usoak hegaldaka bezala?.. (Is 60,3.5-8) Bai ta ere: « Noizbait Jaunaren etxea
gainean duen mendia beste mendiak baino gorago ezarriko du Jaunak, beste mendixkak baino
gorago. Eta harat joanen dira nazione guziak. Nazione asko harako dira, erranez: Zatozte, igan
gaitezen Jaunaren mendirat, Jakoben Jainkoaren etxerat.. »(Is 2,2-3)
Horiek hola, egungo salmoa Jerusalemeri buruz kantatzean, Israelen bizi barnean sartzen da
bai ta ere munduaren barne barnean, zeren egun batez nazione guzi guziak, eta ez bakarrik
desterratuak edo Israelgo beilariak, dute bide hori hartuko. Beha berriz ere zer dion Isaiasek: « Sion
mendian, Jaun guziahaldunak apairu nasaia emanen du herri guzientzat, haragi gizen eta arno
xahar, haragi gizen bikain, eta arno xahar garden apairua. Mendi huntan kenduko du herri guziak
estalirik zauzkan oihala nazione guzien gainera zabaldu oihala »(Is 25,6-7) Eta bururatzeko testo
miragarri hau: « Hara, zeru berria eta lur berria kreatuko ditut. Lehengoaz nehor ez da oroituko,
nehori ez zaio gogoratuko. Azkenik gabeko bozkarioa eta alaitasuna kreatuko ditut bozkario-hiri
bilakatuko baitut Jerusalem, alaitasun-herri hango jendea. Ni ere alai izanen naiz
Jerusalemengatik. »(Is 65,17-18)
Bigarren irakurgaia
( Goazen behaztopatu gabe Kristoren egunari buruz )
Jondoni Paulok Filipeko giristinoeri 1, 4-6. 8-11
Haurrideak,
4 pozik egiten diot beti otoitz Jainkoari zuen guzien alde,
5 lankide izan baitzaituztet Ebanjelioaren zabaltzean,
lehen egunetik orai arte.
6 Segur nago eginbide on hau zuen baitan hasi duen Jainkoak
bururatuko duela Kristo Jesus etorriko den eguna arte.
8 Lekuko dut Jainkoa, zenbat maite zaituztedan zuek guziak
Kristo Jesusen maitasun samurrean.
9 Eta hau da nere otoitza:
gero ta handiago izan dadila zuen maitasuna
jakitate eta adimendu osoan,
10 hoberenaren berexten jakin dezazuen.
Horrela, garbi eta hobenik gabe joanen zirezte Kristoren egunera,
11 Kristo Jesusen bitartez dugun zuzentasunaz beterik,
Jainkoaren aintza eta gorespenerako.
Jondoni Paulok Filipeko taldea eraiki zuen Tesalonikoarena aitzin, bainan Filipen gehixago
egon zen. Silas eta Luk berekin zituen. Hunek, apostoluen egintzetan dio: « Hiri huntan egon ginen
zenbait egun »( Eg 16,12)
Berehala talde bat sortu zen; heietarik batek, Lidia izenekoa, purpurazko oihalen saleroslea,
bere etxean hartu zituen. Bainan hor, denen gustuko ez den mirakuilu bat egiten du Paulok. Huna
zer dion Lukek: « Otoizlekurat gindoatzin batez, neskato gazte bat etorri zitzaikun biderat:
geroaren asmatzeko ahala emaiten zion izpiritu batek hartua zen, eta bere asmaketen bidez irabazi
ederra emaiten zioten nagusieri. Neskatoa ondotik ginuen, Paulok eta guk, oihuka: « Gizon hauek
Goi-goiko Jainkoaren zerbitzariak dira, eta salbamen bide bat mezutzen dauzuete. »
Egun ainitzez egin zuen gauza bera. Azkenean Paulo, nardatua, itzuli zen eta izpirituari erran zion:
« Jesu Kristoren izenean manatzen daiat: atera hadi emazte horren baitarik ». Eta ordu berean
atera zen. Neskatoaren nagusiek, beren irabazien mentura galdu zutela ikustearekin, Paulo eta
Silas hartu eta hiriko plazarat ereman zituzten buruzagienganat, eta jujeen aitzinean salatu,
erranez: « Gizon hauek gure hiria durduzatzen dute: juduak dira, eta guk erromatarrek, ontzat har
ez ditzazkegun eta begiratzera haizu ez diren ohidurak irakasten dituzte. »
Horiek hola, Paulo eta Silas azotatuak izan ziren eta preso sartuak, bainan mirakuiluz
ateratuak, lurikarra bateri esker: jujek zeruko mezu bat hor ikusirik, kanporat atera eta hiritik
urruntzeko galdegin zieten.
Apostoluen Egintzak ez dira Filipeko hiriaz gehiago mintzo; Paulok berak du gutun huntan
aipatzen eta bere atxikimendua erakusten: « Lekuko dut Jainkoa, zenbat maite zaituztedan zuek
guziak Kristo Jesusen maitasun samurrean. ». « Samur » hitz hunek Grekoz,« sabela » luke bere
itzulpena. Hemen ere, ebrear hiztegitik da Paulo arras urbil. Jesu Kristoren samurtasunaz edo
sabelaz da mintzo; Jesu Kristo bera da giristino taldeen haurridetasunaren iturri ez eta hala-hulako
sendimendukeria bat.
Itzul gaitezen gure gutunerat. Nundik Paulok Filipekoeri idazten dioten, ez dakigu: Preso
dela dio, bainan frangotan presotua izana gatik, Zesare, Roma, menturaz Efesen ere, ez ditake ez
nun ez noiz erran.
Nolanahiz, preso izanik ere, Paulo pozik daude: « Eta zuen fedearen kultu-zerbitzua
askitzeagatik nere bizia oparitan eskaini behar badut ere, bozkariotsu eta alai nago zuekin
guziekin. Bozkaria eta alai zaitezte zuek ere nerekin batean. »(2,17-18) Eta zorion horek bere gutun
osoa betetzen du: « Pozik egiten diot beti otoitz Jainkoari zuen guzien alde »
Paulok bere otoitzaren gaia xeheki emaiten du, guk maite ditugun alde egiten dugun
otoitzaren erakasle gisa: « Gero eta handiago izan dadila zuen maitasuna jakitate eta adimendu
osoan, hoberenaren berexten jakin dezazuen ». Ohar gaiten: maitasunak du lehentasuna. Harek du
jakitatean aitzinarazten: « gero eta handiago izan dadila zuen maitasuna jakitate eta adimendu
osoan. », eta Paulo jakitateaz mintzo delarik Bibliaren adieran eta Timoteori igorri gutunean hitz
bera du erabiliko: « jende guziak salbatu eta egiaren ezagutzera hel daitezen nahi baitu »(1 Tim,
2,4) Itzulpen hau dela « Jainko gure Jaunaren nahia, gizon-emazte guziak salbatuak izen diten, erran
nahi baitu, egiaren ezagutzera denak jin diten » jakina da.
Paulorentzat delako « adimendua » ez da bakarrik izpirituaren adimendua bainan bihotzaren
begia, « fedearen begiak » erran ditake. Biblian soaren simbolismoa edatua da. Adametik aste,
sugearen hitzak makurtua; Adamen haurrak gero, begiak badituzte eta ez dute ikusten, profeten
arabera; bainan badira ere Adamen haurrak « Jainkoari buruz begiak altxatzen dituzte » salmoak
dion bezala, erran nahi baita maitatzen, adoratzen eta konfiantxa egiten, dakitela.
Hola beraz, begiak idekiak, behaztopatu gabe fededunak aitzina doazi Kristori buruz. Hemen
ere, joanden igandeko Tesalonikarreri gutunean bezala, Paulon ikusmoldea Kristoren Eguna da.
Girixtinoa, igurikatzen duen jendea da… Kristoren Egunaren beha dago, Maitasunaren egunaren
ospea. Gizadi osoaren historiak bai eta bakotxaren historiak hor dauka bere adiera. Mundu berri
horren eraikitzean, maitasunak baitu eraikitzen, bakotxak bere eginbeharra dauka : Filipeko
giristinoen jokamoldeaz Paulo bozkariatzen da (pozik egiten diot beti otoitz Jainkoari zuen guzien
alde, lankide izan baitzaituztet Ebanjelioaren zabaltzean, lehen egunetik orai arte), eta denbora
berean dio: « segur nago eginbide on hau zuen baitan hasi duen Jainkoak bururatuko duela Kristo
Jesus etorriko den eguna arte. »
Jainkoaren eta gizon-emazten egintzak ez direla bat bertzaren kontra dauku horrek
erakusten. Lankidetza bat da, eta Paulok hori du erakusten Korintiarreri igorri gutunean,
baratzezaina deitzen den parabolan: «Nik landatu dut; Apolok ureztatu; bainan Jainkoak
handiarazi. Landatzailea eta ureztatzailea deus guti dira; konda dena Jainkoa da, handiarazten
duena. » (1 Ko 3, 6-7) Edo bertzela erraiteko, guk ahalduguna eta Jainkoak gaineratekoa.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Apain zozue bere bidea Jainkoari,
Haren bidexkak zuzen egin.
Gizon guziek laster dute
Jainko Jaunaren salbamendua ikusiko.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 3, 1-6
1 Tiberio enperadore zelako hamabosgarren urtean,
Pontzio Pilato Judeako gobernari, Herodes Galileako buruzagi,
hunen anaia Filipe Iturea eta Trakonitida herrialdeko buruzagi,
Lisania Abileneko buruzagi,
2 Ana eta Kaifas apez nagusi zirelarik,
Jainkoaren hitza etorri zitzaion basamortuan
Zakariasen seme Joanesi.
3 Jordan eskualde guzian ibili zen,
bihozberritzeko bataioa predikatuz bekatuen barkamendurako,
4 Izai profetaren liburuan izkiriatua den bezala:
“ Mintzo bat oihuka ari da basamortuan:
Presta bidea Jaunari, zuzen bidexkak hari.
5 Erreka guziak izanen dira tapatuak,
mendi eta mendixkak oro apalduak;
bihurguneak xuxenduak, eta malkarrak zelaituak.
6 Eta ikusiko dute gizaki guziek Jainkoaren salbamendua.”
Hain xeheki mintzatzeko, noiz nun eta norekin igan diren gauzak erraiteko, Lukek bere
arrazoinak lituzke. Ohar bat egin dezakegu berehala: aipatzen dituen jendeak, Jesusen Pasionearen
aktoreak dira, hau urbiltzen ari delako berria.
Alabainan aipatzen duen urtea « Tiberio enperadore zelako hamabosgarren urtean » ez
zauku soberik argi. Luke ez da hobendun, zeren denbora hartan, biziki zaila zen urteen lerroa
berregitea. Segur dena, 27 edo 28 garren urtean guti gora-behera gaude.
Joanes Bataiatzailearen eta ondotik Jesusen inguruan izanen diren aktoreak ditu Lukek
aurkezten. Gobernadore erromano bat, Pilatus deitua, Judeakoa (erran nahi baita Jerusalemgoa);
bertze euskaldetako errege batzu. Zergatik du Judeako euskaldeak berezitasun bat? Euskalde
horren manatzea zaila omen zen eta Pilatusen gogorkeria famatua izanez Erromanoek zuten
izendatu beren nagusitasuna ezartzeko.
Azken ohar bat: delako Herodes hori, Herodes Antipas deitua, Herodes haundiaren semea
da; hau zen gobernadore Jesusen sortzean, bainan Jesusen bizi publikoan, Herodes Antipas da.
Lukek bi Juduen euskalde aipatzen ditu, Galilea eta Judea eta hiru judu ez diren euskaldeak
ipar aldean: Iturea, Trakonitika eta Abilenea. Ez da beraz euskalde osoa, bainan ez du geografia
politiko erakaspen bat egin nahi. Helduden salbamendua bai Judueri bai paganoeri dela agindua du
adiarazi nahi, hori izanen baita bere ebanjelioaren sail nagusia. Ez da harritzekorik: bera, pagano
konbertitu bat izanik.
Gero erlisionearen agintariak ditu izendatzen, Ana eta Kaifas apez nagusiak. Testo grekoan,
« Ana eta Kaifas apeznagusia » du erraiten! Egia erran, apez nagusi bakar bat zen. Ana 6garren
urtetik 15raino izan zen eta gero Kaifas bere suhia 18garren urtetik 36arte; bere suhiaren gainean
Anak eragin haundia zaukan eta Lukek hori izan nahi du erakutsi. Jesusen auzian, bihak beren
partea ukanen dute.
Segi dezagun testoa: « Jainkoaren hitza Joanesi etorri zitzaion ». Biblian, errankizun
berbera erabilia da Jeremirendako eta Osiasendako. Lukek gogoz ezarri du: Joanes, Bataiatzailea
deitzen duguna, egiazko profeta bezala dauku presentatu nahi.
Aitzinaxago bere ebanjelioan Joanesen mirakuiluzko sortzea, Elixabet eta Zakariasen semea,
dauku kondatu. Joanes Bataiatzailea apez seme da beraz, orduan arrunta zen gauza, bainan Judu
kartsu ainitz bezala, Jerusalemgo tenplotik urrundu da. Eta bere anaiak gomitatzen ditu Josu eta
Hebrear populua bezala Jordane ibaian barna iraganez, basamorturat elgarretaretzera. Horiek hola,
profeten egintzak ditu errepikatzen: « bihozberritzeko bataioa predikatuz bekatuen
barkamendurako ». Profeten gai berezia beren predikuetan beti bihozberritzea izan da. Helduden
astean Joanesen bataioaz bai eta kristau bataioaz gira mintzatuko Luken segidako bertsuekin; egun,
erran dezagun Jesusek ez duela bataioa asmatu, hura aitzin Joanesek bataiatzen zuen.
Joanesen predikua geriza ezin hoberenean dago: « Izai profetaren liburuan izkiriatua den
bezala » erakusteko Joanes Bataiatzailea egiazko profeta dela, lehengo agintzen gauzatzeari begiak
idekiz. Testamendu Berriko idazkien helburua Jesus dela Jainkoaren xedearen egilea, Testamendu
zaharrak erran bezala. Autore bakotxak, bere jitearen arabera, hori du beti erakusten. Luken
aipamena, Isaiasen liburutik, 40 garren kapitulutik, du ateratua. Hori zen bigarren Isaias,
Babiloniako desterru denboran profeta zena: Jainkoaren leialtasuna eta herrirat itzultzea zuen
mezutzen.
Isaiasen mezutze hori bere mendekideri zagon, orduko axola eta kezkaren araberakoa.
Jainkoak abandonatu dituela pentsatzen duten erbesteratueri, dio: etxerako bidea laster hartuko
duzue. Heientzat arras argi diren itxurekin du erakusten: urtero, Mardouk jainkoaren besta
handiarenkari, Judu esklaboak Babiloniarat erbesteratuak zernahi bortxazko lanen egiterat ziren
hertsatuak: autopista bat basamortu erdi erdian antolatu, leizeak bete eta errekak tapatu, mendixkak
apaldu, bidexkak zuzendu… horiek oro lan dorpeak gorputzarendako bainan gehiago
izpirituarendako paganoen jainko sasi baten ohoretan izana gatik. Eta zer du Isaiasek mezutzen?
Oraidanik, Jainkoaren bideak du basamortua zeharkatuko: bertzela erraiteko, Jainkoak du zuen
etxeratze ospetsuaren burua hartzen.
Joanes Bataiatzaileak, bere aitzineko profetaren mezua irakurriz, askatasunezko bide baten
berria du aurkezten: oraidanik ez dute Babilonian ziren erbestuak bakarrik, bainan emazte-gizon
guziek Jainkoaren salbamendua ikusiko.