Hiru bide Jesusenganantz (Markos 1,1-8)
Abendualdiko 2. igandea B (2020-12-06)
Bide poetikoa (Isaiasen irakurgaia)
K.a. 540. urte inguruan, juduek kasik berrogeita hamar urte zeramatzaten erbestean, Babilonian. Urte gogorrak, sufrimendu handikoak, askatasun eta aberrira itzultzeko antsian. Albiste on hori die hots egiten Isaias profetak. Baina bidearen luzeak, askotan zona babesgabetan barna, jende asko izuaraz dezake, desanimatu ere bai bideari ekitetik. Orduan, ahots misteriotsu batek agindua eman du, ezin jakin nori emana den, Jaunaren bidea prestatzeko. Ez da gizon-emakumeei emana, egin beharreko lana gizagaindikoa baita: basamortuan autopista eder bat eraiki behar da, mendiak eta mendixkak zelaituz, ibarrak betez. Hartan barna itzuliko da judu-herria, Jainkoa bidelagun duela, bere artaldea bazkatzen duen artzain gisa.
Bide etikoa (Qumran)
Denborarekin, Jaunari basamortuan bide bat prestatzeko ideia horrek beste zentzu bat hartu zuen: K.a. II. mendearen erdi aldera, judu-apaizen eta judu-laikoen talde batek, Jerusalemeko apaiz nagusiekin eta sartzen ari ziren ohitura paganoekin haserre, Isaiasen liburuko testuaz gogoraturik, Judako basamortura erretiratzea erabaki zuen eta han, Qumranen, elkarte erlijioso antzeko bat fundatzea. Basamortuan Jaunaren bidea prestatu nahi dute. Ez da jada bide poetiko bat, baizik eta Jaunaren Legearekin bat datorren jokabidearena. (Hebreeraz, «derek»ek «bidea» eta «jokabidea», biak adieraz ditzake, ingeleseko «way»k bezala).
Jesus Jaunaren bidea (ebanjelioa: Markos 1,1-8))
Isaiasen testuaren interpretazio hau bera esleitu dio ebanjelioak Joan Bataiatzaileari. Hau ere basamortura doa bide bat prestatzera. Lehen begiratuan, bide etiko batez ari dela ematen du, Qumranen bezala, konbertsiorako eta bataiorako deia egiten baitu Joanek, bekatuen barkaziorako. Baina beraren hitzek garbi diote bera baino ahaltsuagoa den pertsona bati prestatu nahi diola bidea, berarena baino gailenago den bataioa dakarrenari: Jesusi.
Joanen bataioaren eta Jesusenaren arteko aldeaz, komeni da gogoratzea, «bataiatu» hitzak «garbitu» esan nahi duela grekoz. Fariseuek, adibidez, platerak «bataiatzen», garbitzen dituzte. Baina uraz bakarrik garbitzen ahal da, Joanek dagienez: garbitze azalekoa da, ez da gai zikin sakonagoak kentzeko; eta garbitzen ahal da «Espiritu Santuaz» (edota «Espiritu Santuaz eta suaz», beste testu batek dioenez), pertsona erabat garbituz.]
[Argitaratu berria dudan liburuan —El evangelio de Marcos. Comentario liturgico al ciclo B y guía de lectura, Verbo Divino 2020— iruzkin xeheagoa eman dut ebanjelioko pasarte honetaz, liburuko 46-50 orrietan].
Itxaron eta lasterkatu Jaunaren etorrera (Bigarren irakurgaia: 2 Pedro 3,8-14).
Lehen mendearen erdi aldera eta bukaeran, kristau asko nahasmendua sentitzen hasia zen. Esana zieten behin eta berriz, berehalakoak zirela Jaunaren etorrera eta munduaren azkena. Alabaina, aurrera zihoazen urteak eta Jauna ez zen agiri. Pedroren 2. gutunaren egileak (ez da Pedro bera) kezka honi egin nahi dio aurre, hogei menderen ondoren oso konbentzigarri ez den erantzuna emanez: Jauna ez da atzeratzen ari, baizik eta epe bat eman nahi digu konbertitu ahal gaitezen. Autoreak jarrera tradizionalari eutsi nahi dio: Jaunaren etorrera eta munduaren azkena bat-bateko zerbait izango dira, ustekabeko zerbait. Eta Jauna atzeratzen ari izateaz kexatu gabe, «itxaron eta lasterragotu egin behar dugu Jaunaren etorrera». Gainera, munduaren azkena zeru berri baten eta lur berri baten hasiera izango da, eta prestatu beharra dugu haiei harrera egiteko, biziera santu eta jainkozalea eginez, Jainkoarekin bakean, garbi eta errugabe.
Etika, Jesusengan oinarritua
Bigarren irakurgaiak, ebanjelioak bezala, etikaren bidea Jesusek bizi duen bidearekin bateratu du: Joan Bataiatzaileak lehen etorrerarekin erlazionatu du; Pedroren gutunak, berriz, bigarren etorrerarekin. Liturgiak adierazten digu, Abendualdia ez dela itxarote pasibo baten aldia, ez dela pelikula noiz hasiko egon ohi dena bezala egotea: konpromiso eginkorra behar da. Eta konpromiso hori Jaunaren etorreraren oroitzapenean eta beraren itzuleraren esperantzan oinarritu behar da.
José Luis Sicre