ZIRRIKITUAK Markos 1,1-8
Abendualdiko 2, igandea B 2020-12-06
Aski lagun dago jadanik Jainkoagan ezin sinetsi duenik. Ez dute ukatzen, ez. Gertatzen zaie, ez dakitela zein bide hartu harekin topo egiteko. Eta, halaz guztiz, Jainkoa ez dago urrun. Ez dago bizitzaren barnean berean gordea. Jainkoak hurbiletik jarraitzen die gure urratsei, batzuetan erratu edo etsi dutenak badira ere; beti ere, maitasun begirunezkoz eta era diskretuan. Nola sumatu haren presentzia.
Profetak basamortuan bota duen aldarria dakarkigu gogora Markosek: «Prestatu bidea Jaunari, zelaitu haren bidezidorrak». Baina non eta nola urratu bidea Jainkoari geure bizitzan? Ez ditzagun amestu bide eder eta argiak, Jainkoak miresteko moduan etortzeko hartuko lituzkeela uste izanik. Teologo katalan batek, J.M. Rovirak, gogorazi digu, zirrikitu batez baliatuz hurbiltzen dela Jainkoa, gizakiak egiari, ongiari, eder eta gizatar denari irekirik uzten dion zirrikitu batez. Bizitzako zirrikitu horiei behar diegu erreparatu Jainkoari bidea urratzeko, prestatzeko.
Jende batentzat, labirintu bilakatu da bizitza. Mila gauzari buru-belarri emanik, etengabe mugitzen eta asaldatzen da jende hori, baina ez daki ez nondik datorren, ez nora doan. Halere, Jainkoaganako zirrikitu bat uzten du, irekita, geldialditxo bat egitean bere baitan duen alderik onenarekin topo egiten ahal duelarik.
Bada urardozko bizitza egiten duen jenderik ere: bizitza lau-lau eta ganorarik gabea bizi du, inporta zaion gauza bakarra denbora pasa bizitzea du. Jainkoa sumatu, bizitzaren hondoan taupadaka duen misterioari erreparatzen hasten bada bakarrik sumatuko du.
Beste batzuk «itxurakeriaren aparrean» murgildurik bizi dira. Beren irudia dute kezka bakarra, azalekoa eta agerikoa. Jainkoagandik hurbilago sentituko dira egiaren bila, besterik gabe, hasten badira.
Zaratak, erretolikak, handinahiak edo presak mila puska egin dituztenek ere Jainkoagana hurbiltzeko urratsak egingo dituzte beren bizitza gizatar bilakatuko dien hari-gidaria bilatzen saiatzen badira.
Asko ibiliko dira Jainkoarekin topo egiten, haren aurrean bizi duten defentsa-jarreratik abegi-jarrerara pasatzen saiatzen badira; postura harrotik otoitz apalera; beldurretik maitasunera; buru-gaitzespenetik Jainkoaren barkazioa onartzera. Eta guztiok eskainiko diogu Jainkoari txoko zabalago bat bihotz xumez saiatzen bagara beraren bila.
Jose Antonio Pagola