Abendualdiko 2. igandea B 2017-12-10
HOMILIA

Anai-arrebok!

Abendualdiko 2. igandea. Kristo aurreko 540. urte inguruan, erbestean zeuden judu asko eta asko, Babilonian. Bizitza latza bizi zuten. Hontan, profetak hots egin die: bukatua dute erbestealdia. Baina gauza bat da Ziro errege pertsiarrak askatasuna ematea beren aberrira itzultzeko. Beste gauza bat etxerako bide luze hori nola egin: pentsa Babiloniatik Palestinara! Berehala, beste ahots batek hots egiten du: prestatu bidea, zelaitu mendiak.

Dei hori bera hartu du Joan Bataiatzaileak. Basamortura jo du. Bidea prestatzera. Bera baino handiago den Jesusi.

Jende asko doa Joan Bataiatzaileari entzutera. Esperantza bizi du jende horrek bihotz-hondoan. Aspaldi profeta haien agindutako Mesias haren zain-zain daude. Basamortua. Lur lehorra. Lur elkorra. Halere badu bizirik. Joan bizia hots egiten hasi da. Joanengan doan jendeak hor du bihotzean biziaren arrastoan. Ezkur-ale batean bihar egungo haritz-arbola handia bere baitan duen bezala. Basamortuak ere du biziaren hazia. Jendeak ere hori biziaren hazia. Bizi hori predikatu du Joanek. Baina kasu honetan, letra handiz idazten den BIZIA. BIZIA DEN JESUS.

Joanek bataioa predikatzen du. Bihotz-aldaketa eskatzen duen bataioa da. Bizia dakarren bihotz-aldaketa

Markosek bere ebanjelioa K.o. 70. urte inguruan idatzi zuen. Kristau-elkarteak egoera gogorra bizi zuen. Kanpoan erromatar pertsegitzaileak eta fariseuak. Elkarte barruan, berriz, dudak. Besteak beste, batzuek zioten Joan eta Jesus parekoak zirela. Markosek azpimarratu nahi die: Joanek urez bakarrik bataiatzen du; Joanen ondoren datorrenak urez eta Espirituak bataiatuko du. Urez bakarrik hartutako bataioak ez du indarrik bataiatuaren barnea aldarazteko. Espirituaz bataiatzeak, berriz, bihotza bera ukitzen du; indar berezia du; Jesusen Espiritua bera ematen du. Espiritu honek sua dakar, arnasa dakar, bizi-izerdia dakar, bizia du fruitu. Pertsonaren espiritua bera ukitzen du.

Lehen irakurgaiaren eta ebanjelioaren argipean, gogoeta egin beharko genuke:

● esperantzarik ba al dugu bihotzean; nork lagundu digu esperantza hori suspertzen?, gurasoek, adiskideek, apaizak, katekistak? Joan Bataiatzailearen denborako jendeak erreferente onak zituen; Joanek Malakias eta Isaias profetak gogoratzen dizkie.

● esperantza hori geure bihotzean txertatzen laguntzaileak izan baditugu, zeini lagundu diogu guk geuk?

● hartua dugun bataioa, nolakoa izan da: urez bakarrik hartua, Joanen ikasleek bezala?, ala urez eta Espirituz hartua?, gogoratzen al gara Jesusen Espiritu hori, Jesusen arnasa hori geure bihotzean mimatzeaz?

Haur bat bataiatzean, kontuan izan beharko genuke Espirituaren alderdi hori. Oso inportantea da esatea, bihotz-aldaketa eskatzen digula. Baina askoz ere inportanteagoa da bataioa hartu duena eta bataioan hartutako Espiritua, pertsona arteko arazoa dela.

Frantziako iraultzan, 1791n, «Liberté, egalité, fraternité» (Askatasuna, Parekotasuna, Anai-arreba artekotasuna) aldarrikatu zituzten; baina hitz abstraktu gertatu ziren. 1948-12-10ean Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideak aldarrikatu zituen, eta aldarrikapen horren azalpenean borondate onik ere ageri zen, baina funtsean hitz abstraktu huts gertatu da.

Bataioan hartzen dugun Espirituak arnasa esan nahi du, bizi-arnasa, elkartasun-arnasa, lagunarte bizia esan nahi du.

Zer gauza miresgarria horrelakorik sustatzea, horrelakorik aldarrikatzea, bizi dugun gizarte arin, azaleko, material honetan! Lagundu gaitzala Jesusek hartu dugun Espiritu hori aintzat hartzen. Espiritu hori gogoan eta bizitzan izanik, ez dugu izango droga beharrik, ez dugu izango dopatze-beharrik. Barnetik sortuko zaigu poza eta alaitasuna; berez sortuko zaigu baikortasuna eta gorputzaldi ona. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak. Izan dezagula lagun Andre Maria ere. Izan ditzagula lagun Malakias eta Isaias profetak ere. Izan dezagula lagun Joan Bataiatzailea ere, galdu samar gabiltzanean Jesus seinalatuz «Hona Jainkoaren Bildotsa» esango diguna.

Dionisio Amundarain