ABENDUALDIKO 1. IGANDEA (C) 2015-11-29
SARRERA
Senideok! Gaur abendualdia hasi dugu. Jesusen hiru etorrera ospatzen ditugu. Batetik, duela bi mila urte inguru, Jesus gizon eginik etorri zen. Bigarren, etorri dator beti sakramentu bidez edota eguneroko gorabeheretan. Hirugarren, aintzatsu etorriko da, mundu berpiztua Aitaren eskuetan ipintzeko.
Lehen etorraldian, Ama Mariagandik jaioz, pobre eta apal etorri zen, gu guztiotako bakoitzari eskua luzatzeko.
Bigarren etorraldia, egunero egiten digun bisita da. Guztiok maite gaitu. Eta bakoitza maite du, bakoitz hori munduan bakarra izango balitz bezala. Jakina, ez da etortzen fisikoki. Behin berpiztuz gero, jainkozko izaera du Jesusek: Jainkoa ezin ukitu, ezin ikusi dugun bezala, Jesus berpiztua ere ezin ukitu eta ikusi dugu. Baina Jainkoa, nire bihotzean, ni neu baino sakonkiago den bezala, Jesus berpiztua ere ni neu baino niago eta neuago da. Jesus berpiztu hau sumatzeko, fedea behar dugu.
Hirugarren etorraldia, munduaren azkenean gertatuko da. Gutako bakoitzarentzat, hilko garen unean. Orduan ere ez da etorriko fisikoki. Baina bai aintzatsu. Gutako bakoitza Aitagana eramatera etorriko da.
Eguberrialdian, lehenengo etorreraren urteurrena ospatu ohi dugu. Gizon egin zen Jesusen urtebetetzea. Eta Abendualdian, urtebetetze horretarako prestaketa da. Ez gara ariko turroia eta bisigua eta intxaurrak etab. prestatzen. Ez. Lehen etorraldi hartan zertara etorri zen hausnartuko dugu Abendualdian. Eta zerekin topo egingo dugu? Betiko munduak, baina, gure kasuan, gaurko munduak hain beharrezkoa duen esperantzarekin egingo dugu topo.
Esperantza hori modu berezian bizi izan duten pertsonaia batzuekin egingo topo: Isaiasekin, Joan Bataiatzailearekin, Andre Mariarekin nagusiki. Izan dezagula argia, haiei begira bizitzeko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (33,14-16)
Jeremias profeta Kristo aurreko seiehun eta berrogeita hamarrean jaio zen. Ekialde Hurbileko garai nahasi batean bizi izan zen. Aldi katramilatsu hartan, lehenik Israel herriaren hondamendia iragarri zuen: esklabo eramango zutela. Ondoren,ordea, Israel herriaren eta mundu osoaten salbazioa iragarri zuen.
Gaurko pasartean, mesias bat, salbatzaile bat, askatzaile bat etorriko dela iragartzen du; hau dio: Begira, Daviden jatorritik kimu berria sortaraziko dut, zuzentasuna eta zuzenbidea eragingo du hark lurrean.
Bai. Horixe izango du bere egitekoa: zuzentasuna eragin gizon-emakumeen artean. Hori izan du Kristok ere egitekoa. Hori da Kristoren jarraitzaile izan nahi dugunon egitekoa: munduan zuzentasuna eragitea.
BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik (3,12−4,2)
Erregu bat eginez hasi du Paulok gutun hau: «Jaunak bete eta ase zaitzatela elkarrekiko eta guztiekiko maitasunez». Baina erregua izateaz batera, guztioi egin digun eskakizuna da: saia gaitezela elkar maitatzen.
Horixe da prestaketa nagusia Jaunaren etorreraren zain egoteko. Jaunari begira bizitzeak bizitza honi zentzuz eta gizabidetsu begiratzera eragiten digu.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (21,25-28.34-36)
Lehenik, seinaleak izango ditugula adierazten digu Lukasek. Eguzkia, ilargia etab. Lehen begiratuan, gauza izugarria izango dela ematen du horrek guztiak. Baina gauzak sakon hartuz gero, esperantza-iturri dira: mundu zaharraren ordez, berria etorriko da: «zeru berria eta lur berria ikusi nituen» dio Apokalipsi liburuak (21,1). Ondoren, gizonaren Semearen etorrera iragartzen. Guretzat, Jesusen etorrera. Hirugarren, esperantzaz mintzo zaigu: hurbil da zuen askapena. Laugarren, adi eta erne egotera gonbidatzen gaitu, azkena etorriko denean antzemateko gai izan gaitzen: Gizonaren Semearen aurrean zutik egon ahal gaitezen.
Esperantza ez da geldo egoteko aldia. Baizik azti eta bihotzeko begiak irekirik bizitzeko aldia; inoiz baino gehiago.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Gizon-emakume guztien alde: adinekoek eta gazteek, pobreek eta aberatsek esperantza izan dezagun bizitzearen oinarri. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Kartzelan preso diren eta zaintzaile dituzten guztien alde: begiak eta burua gora begira bizi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Munduko gertaeren berriemaile diren kazetarien alde: gertaerak giza zentzuz ikusten, aztertzen eta egiaz diren bezala adierazten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Kristau izeneko guztien alde: geure irizpidearen eta jokabidearen argitzaile eta eragile, geure interes indibidualak ez, baizik geure herriarenak eta mundu osoarenak izan ditzagun. Eska diezaiogun Jaunari.