ZER DA ESNA BIZITZEA? Lucas 21,25-28.34-36
Abendualdiko 2. Igandea C 2021-11-28
Jesus ez zen jardun dotrina erlijioso bat irakasten, ikasleek zuzen ikasi eta, ondoren, alde guztietan zabal zezaten. Ez zuen hori bere helburua. Agitzen ari zen «gertaera» batez hitz egiten zien: «Jainkoa munduan sartzen ari da. Gauzak alda daitezen nahi du. Gura du, soilik, bizitza guztientzat duinagoa eta zoriontsuagoa izan dadin.
Jesusek honi guztiari «Jainkoaren erreinua» esaten zion. Bera noiz etorriko oso adi egon behar dugu. Esna bizi behar dugu: bihotzeko begiak ondo irekirik; mundua alda dadin sutsuki desiratuz; bete-betean errealitate bihurtzea hainbeste kostatzen zaion berri ona sinetsiz; pentsatzeko eta jokatzeko era aldatuz; «Jainkoaren erreinua»ren bila eta hura onartuz biziz.
Ez da harritzekoa, ebanjelioan barna, beraren behin eta berrizko dei hau entzutea: «zain egon», «adi egon beraren etorrerari», «esna bizi». Bizitza Jesusek bizi zuen bezala bizitzea erabaki duenaren jarrera da. Beraren urratsei jarraitu ahal izateko, kontuan hartu behar dugun gauza da.
«Esna bizitzeak», munduaren joanera dela eta, eszeptizismoan eta axolagabetasunean ez erortzea esan nahi du. Ez uztea geure bihotzari gogortzen. Ez gelditzea kexu, kritika eta gaitzespen hutsean. Esperantza eraginkor esnatzea.
«Esna bizitzeak», era argiagoan bizitzea esan nahi du, batzuetan den-dena kutsatzen duela ematen duen zorakerian erori gabe. Bestelako izaten ausartzea. Ez uztea itzaltzen geure baitan guztien onaren bila ibiltzeko gogoari.
«Esna bizitzeak», egunean eguneko abentura txikia grinatsu bizitzea esan nahi du. Gure premia duenaz ez axolagabetzea. «Keinu txiki» horiek egiten jarraitzea, itxuraz deusetarako ez, baina jendearen esperantzaren euskarri direnak eta bizitza hein bat maitagarriago bihurtzen dutenak.
«Esna bizitzeak» geure fedea iratzartzea, esnatzea, esan nahi du. Jainkoa bizitzan bilatzea eta,bizitzatik, Jainkoa pertsona bakoitzaren ondo-ondoan sumatzea. Ikustea Jainkoak guztiok zorionera nola erakartzen gaituen. Ez bizitzea geure egitasmo txikiei begira bakarrik, baizik eta adi bizitzea Jainkoaren egitasmoari.
Jose Antonio Pagola