Abendualdiko 1. igandea C 2018-12-02
HOMILIA
Anai-arrebok!
Liturgiari dagokionez, urte berria hasi dugu gaur. Eta urte berriarekin, abendualdia. Abendu hitza latineko «adventus» hitzetik dator. Etorrera esan nahi du.
Hain justu, abendualdian hiru etorrera ospatzen ditugu: batetik, duela 2000 urte Jesus etorri zitzaigun Andre Mariagandik jaioz; bestetik, egunero-egunero etorri dator Jesus hura bera, bihotza irekitzen badiogu; hirugarren, duela 2000 urte apal-apal eta pobre etorri zen Jesus hura bera, egun batean aintzatsu etorri da.
Abendualdian, modu batean edo bestean hiru etorrera horiei erreferentzia egiten dieten irakurgaiak entzungo ditugu. Batez ere, ordea, Jesusen etorrera esperantzaz bizi izan dituzten pertsonaiak aipatuko dizkigute irakurgaiek; bereziki, hiru pertsonaia hauek: Isaias profeta, San Joan Bataiatzailea eta Andre Maria.
Gaurko lehen irakurgaian Jeremias profeta mintzo zaigu. Jeremias Kristo aurreko VI. mendean bizi izan zen. Arazo handi eta larriak bizi behar izan zituen Israel herriak. Eta, Jeremiasek aurrez iragarri behar izan zizkion zoritxar haiek; batez ere, babiloniar inperioaren mende eroriko zela. Baina ez zuen bukatu bere mezua hondamendi hori iragartzearekin. Gaurko irakurgaian entzungo dugunez, Daviden ondorengo gizon zuzen bat iragarri zien eta zigun: herria zuzen gobernatuko zuena; Juda herria salbatuko da eta Jerusalemen lasai eta zoriontsu biziko da.
Jakina, Jeremiasi fisikoki entzun ziotenek, auskalo zer ulertu zuten hitz horiekin. Guk, kristauok, Kristo Jesusen etorreraz ari dela ikusten dugu. Baina Jesusen etorreraz ere, hiru etorrerak datozkigu burura: lehenengoa, egunero egiten diguna eta, partikularki, hirugarren etorrera, aintzatsu etorri eta betiko erabat zoriontsu egingo gaituen hura.
Ebanjelioa ere Jesusen hirugarren etorreraz mintzo zaigu. Aipatzen dituen fenomenoak, garai hartako hizketa-moduari dagozkion osagarriak dira: seinaleak eguzkian eta ilargian eta izarretan eta lurrean. Orduan Gizonaren Semea azalduko da aintzatsu. Eta hona zer gomendatzen digu: hau guztia hastean, «jaso burua, gainean duzue askapena».
Baina bere garaian guk gomendio hori bete ahal izateko, aurrez zer egin esan digu Lukasek: «Ibil zaitezte kontuz! Galdukeria, mozkorkeria eta bizitzako ardurak direla-eta, ez dakizuela moteldu gogoa, egun hura ustekabean gainera eror ez dakizuen» (Lukas 21,34).
Joan den aste honetan pertsona batekin ari nintzen, esanez, Jainkoak gizon-emakume guztiei hitz egiten diela bihotzera. Eta lagunak galdetu zidan: «Denei hitz egiten badie, zergatik ez du sinesten jende askok eta askok?»
Lukasen hau beste erantzunik ez dut izan: «Ibil zaitezte kontuz! Galdukeria, mozkorkeria eta bizitzako ardurak direla-eta, ez dakizuela moteldu gogoa, egun hura ustekabean gainera eror ez dakizuen».
Geure bizitzan edozeinek egin izan dugu esperientzia hau: noizbait haserrealdi handi samar bat izan dudanean, edota inguruan pobreak ikusi eta ardurarik izan ez dudanean, edota arazo material edo bestek erabat harturik nabilenean… Jainkoaren esperientzia ahazturik gertatzen naiz. Gogoan izan beharko genuke Lukasen abisua: «Kontuz!»
Senideok, duela 2000 urte Jesusek bezala, arazo handiak ditugu geuk ere: Elizaren baitan hor ditugu hainbat problema: apaiz eta erlijioso askoren pederastia (haurren eta gaztetxoen aurkako abusu kriminala), eliztar askoren botere-nahia eta ebanjeliotik beste hainbat eliztarrek hots egiten duten apaltasunaren bideari uko egitea; gizadi osoan hor ditugu hainbat eta hainbat problema latz: milioika jenderen gosea, ihes egin beharra, gerla…
Horren guztiaren aurrean, Jeremiasek bezala, Jesusek ere esperantza izateko oihua egin dugu. Baina esperantza ekintzailea da Jesusek proposatu diguna. Bukatzeko, inork gutxik irakurtzen dituen Judasen gutuneko hitz hauek aipatu nahi nituzke: «Ene maiteok…orain, beharrak agindurik eskatzen dizuet… borroka egin dezazuela fedearen alde (·3),…Egin otoitz Espiritu Santuaren eraginez, zaudete tinko Jainkoaren maitasunean, betiko bizia emango dizuen Kristo gure Jaunaren errukiaren zain» (20-21).
Dionisio Amundarain