ABENDUKO LEHEN IGANDEA B
Lehen irakurgaia
( Jaunari deia etor dadin )
Izai profetaren liburutik 63,16-17; 64,2-7
16 Zu zira, Jauna, gure Aita, “gure Erosle” duzu izena betidanik.
17 Zergatik utzi gaituzu, Jauna, zure bideetarik baztertzen,
eta gure bihotzak gogortzen, zure beldurrik ez izaiteraino?
Itzul zakizkigu, zure zerbitzariengatik,
zure ondarea diren leinuengatik.
19 Ai, zeruak urra bazinitza eta jauts bazinte!
Mendiak zure aitzinean urtuko litaizke.
64,2 Jautsi zinen eta mendiak urtu ziren zure aitzinean.
3 Behinere ez da entzun, ez jakin,
nehork ez du zutaz beste jainkorik ikusi
haren baitan sinesten dutenen alde hola egin duenik.
4 Zu ateratzen zira, pozik eta zuzen dabiltzanen,
eta zure bideak gogoan dituztenen bila.
Hasarre egon zinen, bai, bekatu egin baiginuen,
aspaldidanik bekatari baigira, eta halere salbatuko gira.
5 Guziak zikinduak bezala gira,
eta gure egintza onak ere trapu zikina bezala dira.
Hostoak bezala eihartu ginen,
eta gure bekatuek, haizeak bezala, eremaiten gintuzten.
6 Ez zion nehork zure izenari dei egiten,
ez zen nehor zuri hel egitera lehiatzen zenik.
Zure aurpegia gorde baitzinuen guganik,
gure bekatuen menpean utzi baigintutzun.
7 Halere, Jauna, zu zira gure Aita.
Gu, buztina gira, eta zu gure eltzegilea:
zure eskuetako lana gira guziak.
Izairen idatzi hau Jesu Kristo aintzineko bostgarren mendekoa izan daiteke . « Gure Aita » otoitzaren
eite badu. Bi aldiz erraiten du Jainkoa Aita dela. Lehen bertseta eta azkena berdinak dira ; lehen
bertsetean « gure Aita, ‘ gure erosle’ duzu izena betidanik »…azken bertsetean « Jauna, zu zira gure Aita »,
eta bururatzean, eltzegilearen itxura : « Gu, buztina gira, eta zu eltzegilea : zure eskutako lanak gira
guziak. »
Eltzegilearen itxura hunkigarria da : erraiten du Jainkoa nola den gure Aita. Ez da lurreko aitatasuna,
eltzegilea ere ez da eltzearen aita biologikoa.
Ardura Izraeleko populuari, « seme » izena emaiten zaio. Hala nola Jalgitza liburuan, testo
zaharrenean irakurtzen dugu : « Hunela dio Jaunak : ene Lehen-Semea dut Izrael. » Beraz, Izrael hautatuari
pentsatzen dugu. David erregeaz geroztik, « Jainkoaren Seme » izendatua da erregea. Froga : David
erregetzeko egunean, bigarren Salmoan irakurtzen dugu : « Nere semea zira, gaur nik sortu zaitut. » Emeki
emeki, ulertzen dugu gutarik bakotxa Jainkoaren seme dela, haren amodioaren seme. Hortik ikusten dugu
“Gure Aitaren” hitzak , izigarri urrunetik heldu zaizkigula : hitz guziak juduen otoitzetan aurkitzen dira.
Izaik bertze izen bat emaiten dio Jainkoari : « Salbatzailea » edo « Libratzailea ». « Salbatzailea »
erraiten dugun aldi guziz « Libratzailea » pentsatu behar dugu, zeren Juduen Kredoa hasten baita
erranez : « Sinesten dut Jainko libratzailearen baitan ». Izraelen, gizaldi guzietako errana da : « Jainkoak
libratu gaitu eta batasuna egin gurekin. » Horrek egiten du Izrael populu bat, fede berarekin. Jainkoarekin
elkargo egin baino lehen, Izraelek esperientzia bat egina zuen : Egiptotik libratzea. Jainkoak gizona libro
nahi du, gizonen eta jainko faltsuen esklabotasunik gabe.
Ainitz aldiz, Testamendu Zaharrean, Jainkoa deitua da « Salbatzailea », populuaren « eroslea ».
Bixtan da, hitz horrek ez du erran nahi erosten gaituela, bainan Jainkoa gure ahaide hurbilena dela, eta libro
nahi gaituela. Zeren Izraelek egin duen lehen esperientzia baita libro izaitea. Izaik Jainkoari erraiten dio :
«Zu zira gure Erosle (erran nahi baita libratzaile). Hori da zure betiko izena. »
Jainkoa aitatzat daukalakotz, Izaik otoitz bat egiten dio : « Itzul zakizkigu…Ai, zeruak urra bazinitza.
».« Itzul zakizkigu » zinez bihozberritzearen otoitza da. Badakigu Jainkoa ez dela gutarik urruntzen, ez da
irriskurik urrun dadin. Ez ote da populua urrundu ? Beraz otoitz hori eginez aitortzen du huts batzuetan erori
dela, bereziki idolatrian. « Ez zion nehork zure izenari dei egiten, ez zen nehor zuri hel egitera lehiatzen
zenik. » Alta badaki Jainkoa dela Jainko bakarra. « Behinere ez da entzun, ez jakin, nehork ez du zutaz beste
Jainkorik ikusi haren baitan sineste dutenen alde hola egin duenik. »
Salmoa 79
Leloa: Gu itzularaz berriz zu gana:
Begitarteaz gu salba, Jauna!
Izraeldarren artzain, entzun:
Zure ardiak lehen bezala otoi, lagun!
Zure indarra berpitz-azu:
Zato, Jainkoa, salba gaitzazun, etor ba zu!
Gu ganat itzul, Jaungoikoa,
Zerutik beha, gure zain heda zuk besoa!
Zain mahasti hau, zaint zazu ba:
Zure eskuinak lantu mahatsa, otoi, salba.
Zure gizona zuhauk lagun,
Hautatu duzun gizasemea hel dakigun.
Zure gaitutzu sekulako:
Pitz gaitzazu, pitz, guk zuri beti kantatzeko.
Salmoa laburra da bainan biziki aberatsa. Hogoi bertsetetan emaiten du Izraelen historia: oren
ospetsuak eta oren nekeak. Oren ospetsuak : populua ateratu zelarik Egiptotik, Jalgitza, Lur Sainduan
sartzea, Jainkoarekilako elkargoa Izraeleko 12 leinuekin. Bereziki ez deusetarik hasia den populu ttipi horren
baliostasuna. Denborak zailak dira segur, bainan urteak joan arau, populuak oroitzapenak edertzen
ditu…Badaki Jainkoak duela sortarazi populua, handiarazi eta zaindu : « Izraeldarren artzain…Zure ardiak
lehen bezala otoi, lagun…Zure eskuinak landatu mahastia, otoi salba.»
Izrael populuak neke frango ukan du. Ez dakigu Salmo hau zoin mendetan izkiriatua izan den.
Izkiriatua izan zelarik populua penetan zen : « Jauna, guziahalduna, noiz arte egon behar duzu hasarre,
herria otoizka ari zaitzunean ? Nigarra eman daukuzu janari, malko anitz edari.» Hersturan da populua, ez
da dudarik, estranjerraren menpean. Salmoak aipatzen ditu abere basak, hesi zilatuak. Hersturan oihua
egiten du Izraelek, itxura guzien arabera urriki-ospakizun batean : «Ez gira zure ganik berriz urrunduko,
bizia emanen daukuzu eta guk zuri dei eginen.» Kantuz eman zen otoitza da, zeren 5 bertset baditu, bakotxa
bere errepikarekin. Errepikak eginak dira, aipatuz batean iragan denbora, bertzean oraingoa. Errepikak,
barkamenduzko galderak dira : « O Jainkoa, altxa gaitzazu; ongi etorri egiguzu, salba gaitezen. » Salmo
guzian, populuak konfiantza kantatzen du, oroitaraziz iragan denbora, zeren beti Jainkoak frogatu baitu
amodioa populuarentzat…beraz pentsatzen du orai ere salbatuko duela : « Susper zure ahala eta zatozkigu
salbatzerat. » Salmo osoak eta bereziki errepikak erraiten du populuaren ezinegona, beha baitago beti
Jainkoak hitzemanak noiz obratuko dituen.
Jainkoaren amodioaz eta artaz, populuak ainitz aldiz esperientzia egin du, eta Biblian bi irudik
adiarazten daukute: artzainarenak eta mahastiarenak. Biek erraiten daukute zer artarekin Jainkoa arduratu
den populuaz : mahastizainak mahastia artatzen duen bezala eta artzainak artaldea.
Bigarren irakurgaia
( Eliza leialki Jaunaren beha dago )
Jondoni Paulok Korintiarreri 1,3-9
Haurrideak,
3 grazia zueri eta bakea gure Aita Jainkoaganik
eta Jesu Kristo Jaunaganik.
4 Jainkoari eskerrak emaiten ari nitzaio beti zuengatik,
zueri Jesu Kristo baitan eman dautzuen graziaren gatik.
5 Alabainan, haren baitan aberastu zaituzte gauza guzietan:
bai hitz, bai Jainkoaren ezagutza guzietan.
6 Zeren, Kristori buruz egiten dugun aitormena
zuen artean sendo finkatua izan da.
7 Horrela ez duzue dohainik batere falta
Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den beha zaudeztenek.
8 Berak sendo iraunaraziko zaituzte azkeneraino,
nehork zuen kontra erraitekorik izan ez dezan
Jesu Kristo gure Jauna etorriko den egunean.
9 Leiala da Jainkoa,
bere Seme Jesu Kristo gure Jaunarekin bat eginez
bizitzera deitu zaituzten Jainkoa.
Paulok izkiriatzen diote arrunt galduak diren Korintiarreri. Erraiten diote girixtino baten berezitasuna
dela beha egoitea : « Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den beha zaudeztenek. » Girixtinoak ez daude
gibelerat so, bainan aitzinerat.
Salmo hau proposatua zauku abendoko lehen igandean, girixtinoa oroit dadin Jainkoak zer hitzeman
dion gerorako, zer heldu den.
Abendoan eguberri igurikatzen dugu, gertakari historikoa, Jesusen etortzea gizonen erdirat.
Abendoan, urtemuga horri buruz, bihotzak prestatzen ditugu. Beraz, urte guziz, irakurtzen ditugu, Liburu
Sainduan, profeten predikuak, Jainkoaren agintzak (salbamenduzkoak) erran nahi baita zoriona. Hitz bera
errepikatzen da : « Bozkaria zaitezte…Jainko Jauna salbatzerat heldu zauzue.
Salbamenduaren historia ez da Betlemeko mañateran gelditzen. Orai ere, beti aiduru gaude. Kristo
Erregearen besta egin berria dugu. Bai, Kristo zinez errege da: heriotzeaz eta pizteaz. Jadanik, biziak garraitu
baitu herioa eta amodioak herra. Bainan, haren Erregetza ez da oraino osoa. Irakur ditzagun kasetak, entzun
ditzagun irratiak, denetan amodio eskasa eta nekeak. Kristo zinez Errege izanen da, gutarik bakotxa amodioz
gainditua izanen delarik. Haren garaipenaren beha gaude, gizadi guzia izan dadin libratua: bekatutik,
esklabotasunetik eta heriotzetik. Iduri zaiku gaizkiak, herrak, bortizkeriak mundua eremaiten duela, bainan
guk fedea baitugu, segurtamena badugu « Gaizkiak » ez duela azken hitza ukanen. Gaizkiak gudua galdua
du eta betikotz.
Abendoko testoak irakurtu behar dira hiru moduz :
Lehena : populua Mesiasen beha dago, Davidetik Jesusen sortzeraino.
Bigarrena: salbamendua Jesusek emana dauku bere heriotzeaz eta pizteaz. Jesus gizon egina bizi izan da
amodio osoan Aitaren nahia eginez, eztitasunean, barkamenduan, elkartasunean.
Hirugarrena: Jainkoaren egunaren aiduru gaude, haren garaipen ospetsua gertatuko delarik, orduan gizadi
guzia biziko da, Jesus bizi izan den bezala. Badakigu ez dela amets bat, Jesusek erakutsi dauku gertatzen
ahal dela.
Hala nola, Paulok erraiten duelarik Korintiarreri « Grazia zueri eta bakea Jainko Aitaganik eta Jesu
Kristo Jaunaganik », ez dira bakarrik jendetasunezko hitz hunkigarriak. Paulo mintzo da Jainkoaren
aspaldiko asmuaz : « grazia eta bakea ». Grazia eta bakea berdin dira, emaitza bat urririk. Grazia ukaitea da
Jainkoarekin bat egitea. Jainkoaren asmoa da haren amodioan gizadi guziak bat egin dezan Trinitate
Sainduan.
Paulo hemen hiru mailatan mintzo da : lehen maila – grazia eta bakea- Jainkoak aintzinetik eta
betidanik asmatua duena, eta populuak kontzientziatu duena. Bigarrena: Paulok erraiten du Korintiarreri,
grazia jadanik emana dela eta Jesu Kristok zabaldua: « Jainkoari eskerrak emaiten ari nitzaio beti zuengatik,
zueri Jesu Kristo baitan eman dautzuen graziaren gatik. Alabainan haren baitan aberastu zaituzte gauza
guzietan: bai hitz, bai Jainkoaren ezagutza guzietan. » Hirugarren maila: « Grazia eta bakea emanak izan
zaizkizue… Jesu Kristo noiz agertuko den beha zaudezte, berak sendo iraunaraziko zaituzte azkeneraino… »
Kuraia emaiteko Korintiarreri, Paulok erraiten diote: « Leiala da Jainkoa, bere Seme Jesu Kristorekin bat
eginez bizitzera deitu zaituzten Jainkoa. »
Beraz, abendoan oroitzen gira Jainkoaren leialtasunaz, zeren haren baitarik ukanen baitugu behar
den indarra bizitzeko.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Ager betiko bihotz ona, salbamendua igor, Jauna!
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 13,33-37
Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri, erranez:
33 “ Kasu! Egon erne! Ez baitakizue tenorea noiz izanen den.
34 Bidaiaz joan zen gizon batekin bezala da:
Etxetik joaitean, bere mutilen gain uzten du,
bakotxari bere lana emanik,
eta atezainari erne egoiteko manatzen dio.
35 Zaudezte, beraz, erne,
ez baitakizue etxeko nagusia noiz etorriko den:
ilunabarrean ala gauerditan, oilarrak kantu egitean ala goizean.
36 Uste gabean etorri eta , ez zaitzatela lo aurki.
37 Zueri erraiten dautzuetana, deneri erraiten diotet:
Egon erne ! ”
Jesus dizipulueri mintzo da Ebanjelio huntan « Gizonaren Semearen etortzeaz », eta erraiten du: «
Bainan egun edo oren hura noizko diren, nehork ez daki, ez aingeruek zeruan, ez Semeak, Aitak baizik. »
Semeak ez badaki, nola guk jakiten ahal dugu ? Eta Markek segitzen du erranez : « Kasu! Egon erne! Ez
baitakizue tenorea noiz izanen den. » Eta testoa segitzen da erranez uste gabean atxemanak izanen
girela : « Ez baitakizue etxeko nagusia noiz etorriko den : ilunabarrean edo gauerditan, oilarrak kantu
egitean edo goizean. »
Bigarren irakurgaian, Paulo mintzo da Jainkoaren aiduru egoiteaz. Hemen, Markek erraiten dauku
aiduru egoitea ez dela « lo egoitea ». Huna berria, neurriz goragokoa, Abendoan errepikatua izanen dena :
gure biziek, izanikan ere xumeak, parte hartzen dute gizadi berriaren sortzean ; horrek egiten du gure
handitasuna.
Gure aidurua izan dadila langiletsua ! Alabainan, neke da zerbaiten edo norbaiten beha egoitea.
Hortakotz Jesusek apostoluak abertitzen ditu, eta Petrik badaki nehork baino hobeki, Jesus ukatu zuelarik…
Ahulezia hori baino zenbait oren lehenago, Jesusek errana zioten dizipulueri Getzemanin : « Zaudezte
atzarririk eta otoitz egizue, tentaldian ez erortzeko » eta gero : « Izpirituz kartsu izanagatik, ahula da
jendea… » Zeren beti zatituak baigira Jainkoaren Erresumaren balioaren eta gure ahuleziaren artean.
Egun testoa hobeki ulertzen dugu: « Egon atzarririk » erran nahi baita « otoitz egin ». Otoiz egin
behar dugu, izan gaiten Izpirituz beteak, Jainkoaren Erregetza ezagutua izan dadin gure laguntzarekin. So
egin dezogun Erresumari Jainkoaren begiekin. Huna Lukek zer erraiten daukun: « Eska, eta emanen dauzue
Jainkoak; bila eta aurkituko duzue, jo atea, eta zabalduko zaizue. Zeren eskatzen duenak ukaiten baitu,
bilatzen duenak aurkitzen, eta jotzen duenari zabaltzen baitzaio. Ba ote da zuen artean aitarik, semeak
arraina eskatu eta arrainaren orde sugea emanen dionik ? Edo arrultzea eskatu eta harrulia emanen
dionik ? Beraz, zuek, zirezten gaixtoek, zuen haurreri gauza onen emaiten baldin badakizue, zenbatez
gehiago Aita Zerukoak emanen diote Izpiritu Saindua eskatzen dioteneri ! » Bai, Eguna eta Orena
Jainkoaren segeretuak dira… Jesusek erraiten duen bezala « nihork ez ditu ezagutzen Aitak baizik. » Ez gira
arranguratu behar, Izpiritua gurekin dago, hori desiratu behar dugu, eta gero sartuko zaiku indarrez.