Erregua, miresmena, adi bizitzea (Markos 13,33-37)
Abendualdiko 1. igandea B (2020-11-29)
Lau aste Jesusen jaiotzaren oroitzapenerako prestatzeko? Ez. Hori baino zerbait gehiago da Abendualdia. Arazoa ez da iraganeko gertaera bat era erromantikoan gogoratzea; gertatua sakon ulertzea da arazoa, eta Jaunarekin behin betiko topo egitera prestatzea.
Erregua (Lehen irakurgaia: Isaias 63,16b-17.19b; 64,2b-7)
Jesus etorri aurreko bosgarren mende ingurura garamatza lehen irakurgaiak. Garai hartan Israel herriaren egoera guztia beharrekoa zen, alde guztietatik: ikuspegi politikoaren, erlijiosoaren, sozialaren aldetik. Israel herriak trapu zikin bezala dakusa bere burua, adar ihar eta hosto zimeleko arbola bezala. Egoera ez bide zen gurearen oso desberdina. Baina herria, errua politikoei, bankeroei, Nazioarteko Diru Funtsari eta potentzia handietako Presidenteei leporatu ordez, batzar liturgikoan bildu eta lantu bat bota du.
Herriaren hitzei kontraste bitxi bat nabari zaie Jainkoaz hitz egitean. Batzuetan ezaugarri baikorrak dituzte: «gure aita» da, «gure eroslea», «zuzentasuna dagienari bidera irteten zara», «zure eskuaren egintza gara guztiok». Beste batzuetan kexu da: «zeure bidetik desbideratzen gaituzu eta geure bihotza gogortzen diguzu», «haserre zinen eta porrot egin genuen guk», «zeure aurpegia ezkutatzen zenigun». Halere, herriak aitortu du errua ez dela Jainkoarena, berarena baizik: «lohi ginen guztiok, gure zuzenbidea oihal zikin bat zen, geure hutsegiteek haizeak bezala harrapatzen gintuzten, inork ez zion dei egiten zure izenari, ez zen saiatzen ere zuri atxikitzeko».
Zein da irtenbidea? Ustekabekoa: Jainkoa bihurtzea: «itzul zaitez zeure zerbitzarien maitasunagatik», «urratuko ahal da zerua eta jaitsiko ahal zara», «urrundu itzazu gure hutsegiteak». Lehenagoko profetek (Amos, Isaias, Jeremias…) garrantzi handia emana zioten norberaren konbertsioari, herria Jainkoagana itzultzeari eta bere jokabidea aldatzeari. Orain, berriz, lantu hau egin dutenek ez dute konfiantzarik beren buruan. Jainkoak behar du itzuli eta, buztingile on gisa, buztin-ontzi berri bat eratu.
Abendualdiaren testuinguru honetan, hau da atentzioa gehienik deitzen duen eta testu hau liturgian tartekatzera eragin duena: «Urratuko ahal duzu zerua eta jaitsiko ahal zara!» Profetak buruan Jainkoaren etorrera badu ere, liturgiak geure gogoa Jesusen etorreran jartzera garamatza.
Miresmena hartutako ondasunengatik (1 Korintoarrei 1,3-9)
Jainkoaren erantzunak nasaiki gainditu du Isaiasen irakurgaian datorren herriaren eskaria, nahiz eta beste era batean egin. Jainko Aitak ez du urratu zerua, ez da etorri bera gurekin topo egitera. Jesus bidali du, eta hau onartzearekin gure bizitza goitik behera aldatzen da.
Paulo iraganaz, geroaz eta orainaz mintzo da.
Iraganean, gauza guztietan aberastu gaitu Jainkoak, bere Semearen, Jesu Kristoren, bizitzan partaide izatera dei egin digu. Irudia indartsua da eta arraroa. Seme batek amarekin, zeinengandik bizia hartu baitu, izan duen esperientzia gogoratzen du. Baina bizi-harreman hori ez da amaitzen zilbor-hestea etetean, beti iraungo du.
Geroari dagokionez, Jesu Kristoren agerpenaren zain gaude, Jaunaren bigarren eta behin betiko etorreran zain; gai funtsezkoa lehen kristauentzat, guretzat ere izan beharko lukeena Abendualdi honetan.
Orainean, «ez dugu ezeren faltarik». Hainbat eta hainbat jende kexatzen denean, batzuetan arrazoiz, falta zaion mila gauzaz, segidako hitz hauek kasik zaurgarri gerta daitezke: «Ez duzue inolako dohainen faltarik». Egokiera ona, Abendualdiko hau, zein gauza hartzen dugun baliozkotzat gogo emateko: materialak, batzuetan falta ditugunak, ala Jesusek dakarkigun aberastasun espirituala.
Pauloren irakaspen hau ez da sortu gogoeta teologiko hotz baten testuinguruan, baizik eta otoitz eta esker on baten giroan, gogoan Korintoko kristauak dituelarik, bere kristau-elkarteetako korapilatsuena eta problematikoena.
Adi eta zain-zain bizitzea (Markos 13,33-37)
Ironikoa ere bada gaurko ebanjelioak, hain juxtu, ez hitz egitea, ez Jainko Aitaz, ez Jesusez. Gu geu hartu gaitu ebanjelio honek ardatzaz, bizi behar dugu jarrera, alegia: «adi bizi», «zain bizi», «erne bizi». Hiru bider agindu bera lerro apur batzuetan. Abendualdia ez baita Jaunaren etorrera gogoratze hutsa; batez ere, berarekin behin betiko topo egitera prestatzea da.
Jesusen jendaurreko jarduera munduaren azkenaz eta Jesusen beraren bigarren etorreraz egindako hitzaldiaz bukatzen da; ez da ikasle guztiei zuzendua, gaurko ebanjelioaren sarrerak iradokitzen duenaren kontra, baizik eta Jesusek dei egin dien lehen lau ikasleei zuzendua da: Pedro, Santiago, Joan eta Andres (Mk 13,3-37). Jesusek esan du lehentxeago, tenpluko eraikin handietatik ez dela geldituko harririk harri gainean. Lau ikasle hauentzat, Jerusalemgo tenpluaren azkenak munduaren azkena esan nahi du, eta noiz gertatuko den eta zein seinalek adieraziko duen jakin nahi dute. Guri, gehiago, Jehovaren Lekukoen gaia dela iruditzen zaigu, baina lehen kristauen artean egundoko kezka eragiten zuena da. Hitzaldiak arazo hauei erantzuten die, zain-zain bizitzeko erreguarekin bukatzen da. Liturgiak, zentzu osoz, ikasle guztiei eta gu guztioi esleitzen digu.
Zertan datza zain-zain egotea? Hitz gutxiz iradokitzen digu: «zerbitzarietako bakoitzari bere zeregina eman zion». Horixe da, hein batean, Abendualdiko zeregina: Jainkoagandik hartutako zereginaren gainean gogoeta egitea eta behar bezala betetzen ari garen aztertzea.
José Luis Sicre