BETI IZATEN DA AUKERARIK ERREAKZIONATZEKO
Markos 13,33-37
Abendualdiko 1. igandea B 2020-11-29
Ez da beti etsipena izaten gure esperantza eta egunez egun bizi-bizi jarraitzeko gogoa desegiten dituena. Aitzitik, esan liteke, esperantza hori ia beti isil-isilik joaten dela desegiten eta era doi-doi susmagarrian.
Agian, norbera ohartu gabe, dirdaia eta bizitasuna galduz joan ohi da gure bizitza. Apurka-apurka ematen du, den-dena hasten zaigula astun eta aspergarri bilakatzen. Gutxi-asko, egin beharrekoa egitera mugatzen gara soil-soilik; orduan biziak ez gaitu «asetzen».
Halako batean jabetuko gara egiazko pozak alde egin digula bihotzetik. Ez garela jadanik bizitzan on dena, eder dena, handi dena ahogozatzeko gai.
Pixkana-pixkana, korapilatu egin zaigu den-dena. Agian, ez dugu espero izaten gauza handirik, ez bizitzatik, ez inorengandik. Jadanik ez dugu uste onik geure buruan ere. Dena kasik ezdeus iruditzen zaigu, kasik zentzurik gabeko.
Gero eta errazago nagusitzen zaizkigu garraztasuna eta umore txarra. Jadanik ez gara abesteko ere gai. Gure ezpainek ez dute jariatzen jadanik behartutako irribarre bat baizik. Aspalditik dugu joana otoitz bat egiteko gogoa ere.
Agian tristuraz jabetu gara bihotza zakartu egin zaigula eta gaur egun doi-doi maite dugula inor ere benetan. Egunero bidean topatzen dugunari entzuteko eta onarpena eskaintzeko gaitasunik gabe, kexua, gaitzespena eta deskalifikazioa botatzea da egiten dugun gauza bakarra.
Pixkana eszeptizismoan erori gara, axolarik ezean edota «erabateko alferkerian». Egunetik egunera kemen txikiagoa dugu benetako ahalegina eskatzen duenari ekin eta gainditzeko; ez dugu jada beste arriskurik hartu nahi. Ez du merezi. Garrantzizko iruditzen zitzaizkigun gauza askori erabat emanik, bizia ihesi joan zaigu. Zaharkitu egin gara barruz, eta zerbait hiltzear dago gu baitan. Zer egin genezake?
Lehenik eta behin, esnatu eta begiak ireki. Ezin senti gintezke gustura bat-batean geure buruarekin, baina badugu aukerarik erreakzionatzeko. Egin behar dugun galdera: zer utzi dut orain arte arretarik gabe?, zer da aldatu behar dudana?, zeri eskaini behar diot ardura handiagoa eta denbora gehiago? Guztiontzat dira Jesusen hitz hauek: «Bizi adi-adi». Agian, gaur berean dugu erabakiren bat hartu beharra.
Jose Antonio Pagola