ABENDUALDIKO 1. IGANDEA (C) 2018-12-02

SARRERA

Senideok! Abendualdia hasi dugu gaur. Jesusen hiru etorrera ospatzen ditugu. Batetik, duela bi mila urte inguru, Jesus gizon eginik etorri zen. Bigarren, etorri dator beti sakramentu bidez edota eguneroko gorabeheretan. Hirugarren, aintzatsu etorriko da egun batean, mundu berpiztua Aitaren eskuetan ipintzeko.
Lehen etorrian, Ama Mariagandik jaioz, pobre eta apal etorri zen, gutako bakoitzari eskua luzatzeko.
Bigarren etorria, egunero egiten digun bisita da. Guztiok maite gaitu. Eta bakoitza maite du, bakoitz hori munduan bakarra izango balitz bezala. Etorri horretan Jesus sumatu ahal izateko, konfiantza eta irekitasuna behar ditugu..
Hirugarren etorria, Jainkoak bakarrik dakien egunean gertatuko da. Gutako bakoitzarentzat, hilko garen unean. Gutako bakoitza Aitagana eramatera etorriko da.
Eguberrialdian, lehenengo etorreraren urteurrena ospatu ohi dugu. Gizon egin zen Jesusen urtebetetzea. Eta Abendualdia, urtebetetze horretarako prestaketa da. Ez gara ariko turroia eta bisigua eta intxaurrak etab. prestatzen. Ez. Lehen etorraldi hartan zertara etorri zen hausnartuko dugu Abendualdian. Eta zerekin topo egingo dugu?
Esperantza modu berezian bizi izan duten pertsonaia batzuekin: Isaias profeta, Joan Bataiatzailea, Andre Mariarekin nagusiki. Izan dezagula argia, haiei begira bizitzeko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (33,14-16)

Jeremias profeta Kristo aurreko seiehun eta berrogeita hamarrean jaio zen. Ekialde Hurbileko garai nahasi batean bizi izan zen. Aldi katramilatsu hartan, lehenik Israel herriaren hondamendia iragarri zuen: esklabo eramango zutela herria. Ondoren,ordea, Israel herriaren eta mundu osoaren salbazioa iragarri zuen.
Gaurko pasartean, mesias bat, salbatzaile bat, askatzaile bat etorriko dela iragarri digu.

BIGARREN IRAKURGAIA Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunetik (3,12−4,2)

Erregu bat eginez hasi du Paulok gutun hau: «Jaunak bete eta ase zaitzatela elkarrekiko eta guztiekiko maitasunez». Baina erregua izateaz batera, guztioi egin digun eskakizuna da: saia gaitezela elkar maitatzen.
Horixe da prestaketa nagusia Jaunaren etorreraren zain egoteko.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (21,25-28.34-36)

Lehenik, seinaleak izango ditugula adierazi digu Lukasek. Eguzkia, ilargia etab. Lehen begiratuan, gauza izugarria izango dela ematen du horrek guztiak. Baina garai hartako idazteko modua da hori: idazkera apokaliptikoa. Gauzak sakon hartuz gero, esperantza-iturri da hori guztia: mundu zaharraren ordez, berria etorriko da: «zeru berria eta lur berria ikusi nituen» dio Apokalipsi liburuak (21,1). Ondoren, gizonaren Semearen etorrera iragarri du Lukasek; guretzat, Jesusen etorrera. Hirugarren, esperantzaz mintzo zaigu: hurbil da zuen askapena. Laugarren, adi eta erne egotera gonbidatu gaitu, azkena etorriko denean antzemateko gai izan gaitzen: Gizonaren Semearen aurrean zutik egon ahal gaitezen.
Esperantza ez da geldo egoteko aldia. Baizik eta azti eta bihotzeko begiak irekirik bizitzeko aldia; inoiz baino gehiago.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Gizon-emakume guztien alde: adinekoek eta gazteek, pobreek eta aberatsek esperantza izan dezagun bizitzearen oinarri. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Kartzelan preso diren eta zaintzaile dituzten guztien alde: begiak eta burua gora begira bizi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.- Munduko gertaeren berriemaile diren kazetarien alde: gertaerak giza zentzuz ikusten, aztertzen eta egiaz diren bezala adierazten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Kristau izeneko guztien alde: geure irizpidearen eta jokabidearen argitzaile eta eragile, geure interes indibidualak ez, baizik geure herriarenak eta mundu osoarenak izan ditzagun. Eska diezaiogun Jaunari.