Abendualdiko 1. ig B 2017-12-03
HOMILIA

Anai-arrebok!

Abendualdia, gure esperantza den Jesusen zain-zain egotea da. Jakina, zain egotea, esperantza izatea, ez da besoak gurutzaturik egotea. Gure esperantza, Jesusen utopia da, Jainkoaren Erreinua da.

Ebanjelioari egindako oharpenean, Bloch filosofo ateoarena entzun dugu: «oraindik izan ez, baina izatera iristeko eginahalak egitea». Ez da gutxiestekoa filosofo horren iritzia. Baina kristauok gauza bat, oso garrantzizkoa, gehitzen diogu: eginahal horretan ez gaude bakarrik, ez gaude gizadi osoa ere bakarrik; gure aitzindari eta eragile dugu Jesus: aurrea hartu digu Jesusek, gurekin ari da arian Jesus, gure helmuga Jesus bera dugu: geure lagun dugu Jesus, iraganean, orainean, geroan.

Izan ere,Jesus etorri dator. Etorri zen duela 2000 urte, etorri dator egunero eta ordu oro, egun batean etorriko da behin betiko. Duela 2000 urte agerian etorri zen, gorputz eginik; orain, egunero dator era misteriotsuan; egun batean aintzatsu etorriko da: izaki espiritual egingo den «ni» honek izaki espiritual den Jesu Kristo berpiztua argi eta garbi ikusiko du orduan betiko.

Baina gatozen egunero etorri datorren Jesusengana. Nola dator? Nola ezagut nezake Jesus hori?

Joantxok galdetu zion behin batean amonari: «Zer da abendualdian espero dugun hori?» Eta amonak: «Gure bizitzan igaro ohi den Jesus. Adi egoten ez bagara, Kepari gertatu zitzaiona gerta dakiguke». Eta istorioa kontatu zion: «Oso erlijiosoa zen Kepa. Egunero eskatzen zion Jesusi, bere aurpegia ikusten uzteko. Ez zuen hil nahi Jesusen aurpegia ikusi gabe. Behin batean, elizan zegoela ahots bat entzun zuen bihotzean: «iritsi da ikusiko nauzun ordua; bihar etxera joango natzaizu bisitan». Kepa etxera joan zen poz-pozik, eta dena eder-eder prestatu zuen, bisitariari harrera egiteko. Alfonbra gorri bat ere jarri zuen atarian; baita saskitxo bat ere, gailetaz eta gozopilez betea. Eta bera atean, bisitaria noiz etorriko.
Horretan, mutiko bat hurbildu zitzaion jolasean, eta ikusmiran; errieta eginez bidali zuen Kepak; mutikoa triste joan zen.
Geroxeago, andere eskale adineko bat igaro zen; eskean joan zitzaion Kepari; honek, ordea, ez hurbiltzeko esan zion, alfonbra zikinduko zion beldurrez; eskaleak triste alde egin zuen, beste nonbaitera eskale.
Denboratxo bat pasatu zen, eta auzoko bat etorri zitzaion: istripua izan zuela eta laguntzera joateko esanez. Kepak erantzun zion, bisitari handi baten zain zegoela eta ezin ziola lagundu. Auzokoa triste joan zen.
Ilundu zuen, eta Jesusen arrastorik ez. Biharamunean elizara joan zen Kepa, eta kale eta huts egin izana aurpegiratu zion Jesusi. Isilune bat izan zen. Bat-batean ahots bat entzun zuen bihotzean: «Joan nintzaizun atzo, eta ez ninduzun onartu; ni neu nintzen mutiko hura, ni neu nintzen emakume eskale adineko hura, ni neu nintzen istripua izan zuen auzoko hura
Kepa irten zen elizatik, joan zen etxera, eta negarrari eman zion. Ez zen gai izan Jesusi antzemateko.

Senideok!

Mediterraneo itsasoan milaka afrikar ari da itotzen.
Profetak hor ari zaizkigu salatzen, gobernariek eta dirudunek egiten dituzten zuzengabekeriak.
Apostoluek Mesias, Salbatzailea eta Askatzailea, Jesus etorri izana hots egin digute.
Apostoluek, Jesusen izenean, esan digute: «Ez beldur izan. Eman bihotz, eman animo jende ahul eta pobreari?»

Zer ari gara egiten horren guztiaren aurrean, gaurko jende hau, gaurko gizon-emakume hauek.

Gaur Mattin bataiatuko dugu. Zer esan nahi du bataioak? Jesusek esan zien, behin batean, Santiago eta Joan ikasleei: «Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik edateko eta nik bizi behar dudan bataioa bizitzeko?»

Bataioak, Jesusekin bat egitea esan nahi du. Jesusek bizi izan zuen biziera bizitzea. Jesusek hots egin zuen Jainkoaren Erreinua eratzen eta eraikitzen saiatzea esan nahi du; hori guztia: bera, Jesus, buru eta lagun eta adiskide dugularik; bera, Jesus bihotz-emaile eta esperantza bizigarri baten eskaintzaile dugularik.

Bataioa hartzeak, Jesusen Utopian sinestea eta uste izatea esan nahi du.

Bete dezala Jesusen Espirituak Mattinen bihotza, bete dezala Mattinen gurasoen bihotza, bete dezala Mattinen aita-ama pontekoen bihotza, aitona-amonen eta gu guztion bihotza. Geure mundualdia bukatzean, gu geu ere izaki espiritual eginik, Jesus berpiztua aurrez aurre ikusiko dugunean, esan ahal diezaiogula: Jesus maitea, zure laguntzarekin ur-ttantto bat bota diot, mundualdiko neure bizitzan, zuk erein eta aldatu zenuen landareari, Jainkoaren Erreinuari. Poz hori agertzera natorkizu, eta besarka nazazun.

Dionisio Amundarain