ABENDUALDIKO 1. IGANDEA A (2016-11-27)

SARRERA

Senideok, liturgiako urte berria hasten dugu gaur. Abendualdia. Liturgiako urte osoan, Jainkoak munduan gauzatu nahi duen salbamen historia ospatuko dugu. Abendualdi honetan bi gertaera hauek gogoratu eta biziko ditugu: batetik, gizakiak bere barruan bizi duen zorionaren irrika eta, bestetik, zorion hori beteko duela aginduz, Jainkoak egindako promesa.
Hau da promes horren muina: Jainko Aitak bere Semea bidaliko duela mundua salbatzera. Abendualdia, Seme hori noiz etorriko zain egotea da. Baina ez egonean egonez, baizik Seme hori etor dadin bizi-bizi ahaleginduz.
Hiru eratan uler genezake Seme horren etorrera: lehenengo etorrera duela bi mila urte gertatu zen: apal-apal eta sufrimendu artean etorri zen; Itun Zaharrean, israeldarrak haren egon ziren; baina etorri zenean, oso jende gutxik onartu zuen; bigarren etorrera: egunero etorri dator Jesus: Biblia irakurtzean, sakramentuetan, jai berezietan, eguneroko bizitzako gorabeheretan; zer harrena egiten digu?; hirugarren eta azken etorreran, gutako bakoitza Aitagana eramateko etorriko da; zer harrera egingo diogu?.
Gaurko ebanjelioak eskatzen digun bezala, aurki gaitzala, etorrera horietako edozeinetan, mundu honetan geure zeregina zintzo eta arduratsu betetzen.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (2,1-5)

Isaiasek ikuskizun bikaina eta esperantzaz betea agertu du Judari eta Jerusalem hiriari buruz: bakea, segurtasuna, batasuna, elkartasuna. Ez da ari iraganeko aldiaz, baizik etorkizunaz. Aldien azkenaz ari da. Orduan herri guztiek bat egingo dute. Elkartasuna izango da nagusi. Ezpatak lan-tresna bihurtuko dituzte.
Esan nahi du, historiaren azkena ez dela izango banaketa, haustura. Baizik eta Jainkoaren Hitza indar bateratzailea izango dela azkenean. Ordu arteko herio-indarrak bizi-indar bihurtuko dira.
Senideok, zori hori izan behar dugu begi aurrean. Zori hori izan behar dugu geure jomuga. Zori horrek eragin behar digu mundu hau gero eta kemen handiagoz azken zori horretara bideratzen.
Kontua ez da dena gerorako uztea; kontua ez da dena Jainkoak egin dezan uztea.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (13,11-14)

Bizitza santurako deia egin digu Paulok. Azken aldia esaten duenean, ez da pentsatu behar munduaren azkena berehala datorrela. Hasiera hartan oker pentsatu zuen kristau askok: Kristoren bigarren etorrera berehalaxe izango zela uste izan zuen. Baina ez. Azken aldia esaten dugunean, Jesusen jaiotzan, Jesusekin, hasi den aldia ulertu behar dugu. Paulok dio, sartu garela azken aldi horretan, Jesusen aldi horretan. Aldi horretan modu berezian agertu zaigula Jainkoa: era argiagoan eta biziagoan agertu digula, bai gurekiko duen maitasuna, bai dagokigun eginkizuna, bai espero dugun zoriona. Ondorioz, kementsuago saiatu behar dugula Jainkoaren maitasun hori onartzen.

EBANJELIOA Mateoren liburutik (24,37-44)

Jesusen bigarren etorrera atzeratzen ari zela eta, jendea ilusioa galtzen hasia zen. Lehen kristauen egoera horri erantzun bat eman nahi dio Mateok.
Esaten die / digu, atsekabeak eta pertsekuzioak jasan beharko ditugula. Beraz, adi-adi bizi behar dugula horien artean. Ez dakigula gerta Noeren garaikoei gertatu zitzaiena. Axolagabe bizi ziren. Eta, horretan zirela, konturatu gabe etorri zitzaien azkena, uholdearekin.
Beraz, bizi gaitezen erne eta adi. Jauna etortzean egon gaitezela prest hari harrera ona egiteko. Baina hori ez da inprobisatzen. Egunero harrera ona eginez bizitzea da kontua. Izan dezagula lagun, bai Jesus bera, bai kristau-elkarte osoa.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan goseak bizi diren guztien alde: gogo oneko jendearen laguntza izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Bizitzari zentzurik aurkitu ezinda, erdi etsita, jomugarik gabe, ilusiorik gabe bizi den jende guztiarentzat. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure herriko ekonomi agintarien alde: ondasunak pilatzeaz ez, baizik herriaren onerako nola hobeto inbertituko bizi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Kristau guztien alde: geroko bizitzako etorkizun baketsua eta zoriontsua espero izateak, zorion hura bera, ahal den neurrian, mundu honetan gauzatzera eraman gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.