Eguberrietarako prestaera hiru ekintzatan
Abendualdiko 3. igandea B (2017-12-17)
Liturgiak abendualdiko hirugarren igandea Eguberritik hurbil ikusten du, eta alaitasunerako deia dagigu. Lehen irakurgaiko protagonistak diosku: «Pozez gainez dagit Jaunarekin eta alai nago Jainkoarekin». Paulo santuak eskatzen die tesalonikarrei: «bizi beti pozik». Joan Bataiatzailea gizon seriosagoa da alaitasunaz hitz egiteko, baina mundua blaituko duen argiaren lekuko egin da; hori ere pozteko arrazoia dugu. Datu komun honetaz gain, irakurgaiak ulertzeko erarik hobena, guztia hiru ekitalditan garatutako antzerki-lantzat hartzea dugu.
Lehen ekitaldia
Oihala alboratu denean, pertsonaia bat agertu da zutik eszenatokiaren erdian, lurrean, behartsu jantzirik, eseria dagoen jendetza batek inguratua. Babiloniara aspaldi erbestetua izandako jendetza da, une honetan pertsiar inperioak zapaldua. Eszena ilunantz dago, ikusleari tristura-sentipen sakona ematen dio; foku batek bakarrik argitzen du protagonistaren aurpegia. Isilik dio begiratzen, une aski luzez, bera inguratzen duen jendetzari. Halako batean, ireki du ahoa eta ezusteko hau jaulki du: «Jaunaren Espiritua nigan dago». Birao-kutsua nabari zaio esaldiari. Izan ere, mendeak dira Jaunaren Espiritua inorengan jartzen ez dela. Horixe diote jakintsu batzuek: Espirituak alde egin duela Jerusalemgo tenplua suntsitu zutenetik. Alabaina, eszenako pertsonaiak oso segur dela ematen du dioenaz. Eta, Espirituak eraginik, berak gauzatu nahi duen egitekoaz mintzo zaie: «berri ona emango dizuet sufritzen ari zaretenoi, bendatuko ditut bihotz urratuak, gatibuei amnistia aldarrikatuko diet, eta presoei askatasuna, Jaunaren grazia-urtea aldarrikatuko dut».
Pixkana, aurpegia jotzen dion argia indartuz doa eta bide ematen du ikusteko, protagonista, gainerakoen aldean, dotore jantzia dagoela, errege-mantu bikainez jantzia, aurpegiko poza distirarazten diola. Halere, ez da mintzo errege bat bere gorteari mintzo ohi zaion bezala. Landa-jendeari mintzo zaio, honek ulertzen ahal duen hizkeraz: «Lurrak bere kimuak ematen dituen bezala, baratze batek bere hazia ernearazten duen bezala, hala ernearaziko ditu Jaunak zuzentasuna eta poz-kantak herri guztien aurrean».
Bigarren ekitaldia
Eszenatokiaren erdian, hogeiren bat urteko mutiko bat ageri da, mahai baten aurrean eseria eta idazten. Paulo atzera eta aurrera dabil diktatzen duelarik.
−Zaindu zeuen burua gaitz-mota guztitik.
−Ez ezazu jarraitu. (Eten dio mutikoak, esaldia idatzi orduko). Hor dira jada zazpi aholku.
Paulok harriturik begiratu dio.
−Zenbatuz aritu al zara?
−Jakina. Hauek izan dira aurreko seiak: «Bizi beti alai. Egin otoitz etengabe. Eman beti eskerrak. Ez itzali espiritua. Ez mespretxatu profezia-dohaina. Aztertu dena, hartu on dena». Orain, aski duzu jende hori guztia Jainkoari gomendatzearekin eta berari segurtatzearekin Jainkoaren babesa.
−Aholku horietatik zein doakizu egokienik?
Mutikoak aholkuak berrirakurtzen jarraitu du eta pentsatzen, oihala bildu bitartean.
Hirugarren ekitaldia
Eszena Jordan ibaiaren ertzean. Erdian Joan Bataiatzailea, apaizen eta lege-maisuen talde bat inguruan duela. Kezkagarriak dira Jerusalemera iritsi diren albisteak. Gero eta jende gehiago doa ibaira, eta agintariak matxinada bat gertatuko beldur dira. Zein da Joan hori? Mesias ote da, erromatarren mendetik aterako dituen erregea? Egia ote batzuek diotena, Elias dela, lurrera itzuli dena? Ala Moisesek aipatu zuen profeta ote da, beste batzuek munduaren azkenerako espero dutena? Eta zer dio Joanek berak bere buruaz?
Galderaz josi dute, baina ezezkoak besterik ez diote atera, gero eta laburragoak: «Ez naiz Mesias». «Ez naiz». «Ez». Azkenean, hainbat galderaz asperturik, gako bat eman die, berek segur aski ulertzeko modukoa. «Ni, basamortuan oihu dagien ahotsa naiz soilik. Bilatu beharko zenuketena, jada ezagutzen duzuen bat da, nire ondoren datorrena, ni baino garrantzizkoagoa».
Alferrekotzat eman dute apaizek eta lebitarrek Joanekin aritzea eta utzi egin dute.
Joanek, ikasleei begira, iruzkin hau egin die:
−Jerusalemetik etorri dira, ni nor naizen jakin nahiz, baina zipitzik ez zaie axola nire ondoren datorrena zein den jakitea.
Egunkariaren kritika
Eguberrietarako prestaketa gisa, lan bat antzeztu zen atzo, hiru ekitalditan; aski nahasmendu eragin zuen bertaratutako jendartean. Iruzkingile honen iritziz, lehen ekintzaren eta hirugarren ekintzaren kontrastean dago gakoa; lehena pertsonaia batez mintzo da, bere buruaz eta bere misioaz aski segur dela; hirugarrena Joanez mintzo da, bere burua txikartzat eman du eta handitzat, nabarmenki, beraren ondoren datorren bat. Eta beraren ondoren datorren hori berari aurrea hartu dioena da preseski, lehen ekitaldiko protagonista, alegia. Sufritzen dutenentzat esperantza eta poz-mezua dakarrena. Esapide sotil hauekin bat ez datorrena Pauloren aholkuak betetzearekin konformatu beharko du.
José Luis Sicre