Miren Lasaren hileta-elizkizuna (2015-06-29)

HOMILIA

Senideok!

Miren Lasa joan zaigu zeruko Aitaren altzora. Mundualdi luzea egin du: 91 urte. Konturatzen al gara zer esan nahi duen mundualdi luze horrek? Niri, eskerrak emateko aukera gertatu zait. Zergatik?

1.- Orain baino askoz gazteago nintzela, asko harritu ninduen Timoteori egindako bigarren kartan Pauloren ahoan idazleak jarri duen esaldi batek (4,7: «Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut FEDEA». Fedea gorde, alegia. Orduan ez zitzaidan iruditzen gauza handia. Gerora hobeto ulertu dut: fedea gordetzea ez txantxetako gauza.

Horiek horrela, Mirenek etsenplu handia eman digu. Fedeari eutsi dio. Fedea bizi-bizi agertu du. Inoren lotsarik izan gabe.

2.- Baina fedea ez da, ahoz kristaua naiz esatea. Eta Mirenek bere denboran egintzez agertu du bere fedea. Duela 9ren bat urtetik hona hurbil-hurbiletik ezagutu dut Miren. Baina ezin mugatu naiz urte horietara. Lehen ere ezaguna nuen.

Behin batean, zirrara handia eragin zidan Lazkaoko Ikastola sortzean, Lazkaok hainbat gurasok agertu zuen adoreak eta ausardiak. Ez zekiten zer izango zen eskaintzen zieten ikastola: legeztatu gabea, inolako bermerik gabea. Halere, hainbat eta hainbat guraso murgildu zen abentura hartan. Eta guraso haietako bat Miren Lasa.

Ez. Mirenek agertu duen fedea ez da aingeruen fedea. Jainkoaren Semeak gizon egin zenean bezala, haragi egindako fedea, munduko eta lurreko egindako fedea agertu digu.

Egia esan, azken urteotan, aski jotako bizitza bizi izan du. Halere, sendotasun handia agertu du ahal zuena egiteko. Zenbat aldiz pentsatu izan dudan neure baitan Mireni buruz: Zenbatez hobeto egongo zinatekeen zeure etxean, San Prudentzio ermitara etorri gabe. Baina ez. Ez dut estatistikarik. Baina esango nuke, esku bateko hatzak aski izango liratekeela huts egin dituen egunak kontatzeko.

3.- Baina ez da esandako horiekin bukatzen fedeaz agertu digun biziera.

Miren, bihotzez, tolosar-tolosarra izan da. Halere, batetik, maite zuen senarrari jarraitzeko, Tolosako bere etxea eta bere lana uzten jakin zuen; bestetik, bere alabei jarraitzeko, Tolosari uko egin eta Lazkaon alaben ingurunean bizitzeko indarra izan du.

4.- Eta zer gehiago? Soldaduskan, 1980an, istripuz hil zitzaion semea gogoan izaten jakin du beti; horren lekuko bizi naiz; haatik, ezbehar handi horrek ez dio galarazi burua. Beste horrenbeste esan behar 2008an hil zitzaion senarraren kasuan. Ezbeharrak fedez bizitzen jakin duela segurtatu nezake. Ez, gero, ezbehar horiek halabeharrezko edo fatalismo bezala hartuz, baizik Job santuak azken aldian agertu zuen sentimenaz: Jauna, orain arte entzutez bakarrik ezagutzen zintudan; orain neure begiek ikusi zaituzte.

5.- Miren ez zen ezjakin bat, asko ikasia ere ez. Baina bere berezko jakinduriak behin baino gehiagotan eragin zion kontsulta egitera, eta gai batez eta besteaz gero. Xumetasun handia agertu du bere fedea bizitzeko orduan eta moduan.

6.- Konklusioa. Horiek horrela, niretzat fede-eredu handia izan da. Alabentzat, bilobentzat, ahaideentzat, adiskideentzat eta guztiontzat hala izango ahal da. Fede-eredu dugunez, eskerrak zor dizkiogu, batez ere Nazareteko Jesusi; baita Mireni ere, Jesusen laguntzaz baliatzen jakin duelako, guri etsenplu hori emanez.

7.- Bukatzeko, fedea nola bizi. Nekane alaba, zeure lanbidean, Ikastolan, jakin dezazula zuen amak ikastolaren hasiera hartan agertu zuen sua eta berotasuna agertzen eta eragiten; jakin dezazula, hasiera hartako gizabidezko printzipioei eusten. Mirentxu alaba, jakin dezazula, zeure lanean, zeure bakardadean, amaren espirituaz jarduten eta bizitzen.
Gainerako guztiok, jakin dezagula bihotzean iraultzen Frantzisko aita santuak eta beste batzuek erakusten diguten hau: Jainkoa eta gizon-emakumeak bat garela, gizon-emakumeok eta lurra bat garela, unibertsoa eta Jainkoa bat garela. Horrenbestez, gai izan gaitezela edozein gizon eta emakumetan nork bere burua ikusten; jakin dezagula munduko edozein gorabeheratan Jesus Jauna ikusten: pozaldian pozik, tristura-aldian triste.
Izan dezagula bidelagun Jesusen Espiritua.

Dionisio Amundarain