nahi bila eta bila
aurkitu nahi gabe
Oso emakume bizia zen. Ezin konformatu bere burua. Zerbaiten falta. Ez hainbeste diruarena. Gutxiago etxe-falta. Barnearen hondoa zuen egarri.
Irrika konpontzeko, behin batean semea falta zen etxean arrats batean. Zintzo bildu ohi etxera, 8etarako. Zer gertatu zaio, gero, gure mutilari? Jo hona, jo hara, ezin kasurik egin afariari.
Gau hartan afaldu gabe oheratu zen. Ez alferrik! Itzuli eta jira, jira eta itzuli. Botoiak ere askatu zituen bere pijaman igurtziaren igurtziz. Loak kale egin zion.
Egunsentia eder esnatu zen. Ez zuen gosaldu beharrik izan Itziarrek. Hala zuen izena emakumeak. Zer egin nezake semearen bila? Nora jo? Ez zuen gustuko inori kontatzea bere kontuak. Jo zuen hirirantz; ez zen hain handia. Han bide zebilen semea. Hala uste zuen. Hiri zalea izaki mutila, amaren ustez. Alferrik.
Jo zuen itsas portura. Bazen han, itsasontzi handi-mandi bat, oporretan etorritako jende-multzo handi batekin porturatua. Hara jo ote zuen mutilak? Ez. Ez zen behintzat han ageri.
Jo zuen aireportura. Hegaldiren baten zain ote Iker? Izen hori zuen gure mutilak. Arrastorik ez.
Non ote da, ordea? Lirdamera joatea pentsatzen zuen. Hiri handia zen. Estatuko hiriburua. Mutilari sumatua zion inoiz halako leku batera joateko gogoa. Baina ez zegoen batere seguru hori ote zen mutilaren hondo-hondoko jarrera.
Bazuen, dena den, Itziarrek konfiantza bat zion emakume bat. Hari galdetu behar diot iritzia, pentsatu zuen. Joan eta kontatu zizkion bere ibilerak. Eta Arantxak, hori zuen izena adiskideak: Uste dut ez duzula semea ezagutzen. Ez da adierazten didazun aire horretakoa. Kontrakoa dela esango nuke.
Itziarrek haserre samar alde egin zuen. Adiskideak ez zuen ideiarik ere bere semearen joeraz. Ez du merezi hor mendian gora hastea semearen bila. Ez dut horrelako semerik egin. Beste bide bat agertu nahi izan diot beti: aurrerakoia, jendartekoa, heroi izatekoa… Basoa! Nola joango zen, ba, basora?
Itziarrek bila eta bila jarraitu zuen. Ezin etsi. Berak bakarrik. Ez zuen laguntzarik nahi.
Bitartean bere bidea hartu zuen mutilak. Hasiera batean gorriak ikusi zituen. Bereak eta bost. Alabaina, etorria zen bere onera. Beharra non, han ikusiko zenuen Iker. Honi lagundu. Hari aholku bat eman. Jendea elkartzen ere hasi zen. Bere ama aipatu gabe, askori esan zion bere amarena: beti urduri da, beti bila, baina berak nahi duen lekutxoan aurkitu nahi du; berak nahi duen liburuan, berak nahi duen pelikulan, berak nahi duen aldizkarian, berak nahi duen…
Jende hura esnatzen ari zen. Kontzientziatzen. Ez zen denen gustukoa Ikerren jokabidea. Zenbaitek ezin zuen jada jendea engainatu Iker etorri baino lehen bezala.
Behin batean, askotan joaten zen mendiko txoko batean hilotz aurkitu zuten. Mendekua zen. Adiskideak etorri eta jaso zuten. Adiskide minena zuen emakume batek jaso zuen etxera, behar ziren izapideak egin arte. Poltsikoan paper-punta bat aurkitu zion. Amaren izen-deiturak eta helbidea zekartzan. Baita amari zuzendutako eskutitz bat ere.
Hilotza etxean utzi eta Ikerren amarengana abiatu zen. Etxera iritsi eta etxean inor ez. Bati eta besteari galdetu, eta guztiek gauza bera: Semearen bila eta bila dabil bi urte hauetan, zoraturik. Ba, nik badakit non den seme hori, esan zien «jantzi arlotean» etorri berri zenak. Bai? Bai, nire etxean dago. Non? Amari esan nahi nioke inori baino lehen.
Ama etorri bitartean, emakume gupidatsu batek ostatu eman zion etorri berriari. Halako batean, azaldu zen ama herrian. Berehala eman zioten albistea.
Eskutitza irakurri zuen lehenik: «Ama, pena dut zuri pena eman izanaz, nik etxetik alde egitean. Baina, hara. Ezin nintzen bizi zure ondoan. Ez zenuen nahi ni gizon egitea. Dena eragozpen zen. Dena zirkulu itxia. Dena bide zapal-zapaldu hutsa. Dena gauza bera. Dena aurreiritzi huts. Ez zenuen nahi ni mendira joa. Zure zirkulua zenuen eta kito. Bila eta bila zenbiltzala ematen zenuen, baina ez zenuen aurkitu nahi. Ez zenuen irten nahi zeure katramila itxi eta itsu horretatik. Ama, ezin nintzen zure ondoan ibili. Alde egin beharra izan zuen. Eta aurkitu nuen, bai, aurkitu nuen barnea ase zidana. Naturan aurkitu nuen ase ninduen haren arrastoa. Emakume batek luzatu zidan papertxo bat; altxor bat bezala zeukan gordea. Irakurri nuen. Hura zen bila, egiaz, hura zen bila nenbilen altxorra. Papertxo hartan irakurri eta emakume haren ezpainetatik entzun nuen mezuak bete ninduen. Zuk erakutsi ez bezalako txoko batean aurkitu nuen bila nenbilena. Ama, pena dut zuri pena eman izana. Agian, hau irakurriko duzunean, beste nonbait izango naiz. Beste askori gertatu zaiona gertatuko zait. Ez dakit. Handik gogoratuko naiz zutaz. Baina izan ezazu gogoan ez naizela zutaz ahaztu. Ama bezala pozik ekartzen zintudan gogora. Beharrezkoena aurkitu nahi ez zenuena bezala, penaz ekartzen zintudan gogora. Baina sekula ez da berandu, ama. Musu bat». Iker.
Lazkao, 2015-06-30
Dionisio Amundarain