SAN PEDRO ETA SAN PAULO (2015-06-29)

SARRERA

San Pedroren eta San Pauloren jaia ospatzen dugu gaur. Oso jai atsegina: Pedro, hasiera batean gizon ahula baina ausarta; gero, erabat Kristori eta jendeari emana. Paulo, hasieran kristauen pertsegitzailea; gero, buru-belarri Kristori emana.
Haien fedea, testigantza eta Kristorekiko maitemina gogoratzeak poztu gaitzala, eta indartu Jesusi bete-betean jarraitzeko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Eginak liburutik (12,1-11)

Herodes Agripa erregearen garaian zen. Kristauak ugaltzen ari ziren. Juduek ezin eraman zuten hori. Herodesek, herriarekin adiskidetzeko, Santiago apostolua, Joanen anaia, hiltzeko agindu zuen, eta Pedro kartzelan sartu.
Ez dakigu nola, baina Pedrok kartzelatik ihes egitea lortu zuen. Juduek aspaldi hartan faraoiaren mendetik lortu zuten askatze haren parekotzat jo zuten kristauek Pedroren askatze hori.
Pedrori, berriz, bihotz-aldaketa handia eragin zion askatze horrek. Lehen uste zuen Jesusen predikua juduengana bakarrik mugatzen zela; orain konbentzitu da Jainkoak gizon-emakume guztiak askatu nahi dituela.

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako bigarren gutunetik (4,6-8.17-18)

Pauloren testamentua-edo da gutun hau. Bere ikasle maitea du Timoteo. Bihotz eman nahi dio Timoteori bere artzain-lana indartsu bete dezan. Esaten dio: batetik, kartzelan inork ez diola lagundu, baina Kristorekiko testigantza egiteko bide izan duela hori, eta Jesusen berria pagonoengana zabaltzeko bide; bestetik, esaten dio hurbil ikusten duela heriotza, hau da, Jesusekin bizitzera joateko ordua; hirugarren, esaten dio poz hau sentitzen duela: bere bizitza ebanjelioaren aldeko borroka bezala bizi izana.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (16,13-19)

Jendeak nolabaiteko iritzia du Jesusi dagokionez; ezagutu dituzten beste lagun horietako bat bezala hartzen du: Joan Bataiatzailea izango balitz bezala, Elias edo Jeremias izango balitz bezala. Pedrok, ordea, zerbait sakonagoa ikusi du Jesusengan; hala dio: «Mesias zara Zu, Jainko biziaren Semea zara Zu». Zeruko Aitak agertu dio hori Pedrori; izan ere, bere ahuldadea eta guzti, bere ausardia eta guzti, Pedro pertsona xumea da. Eta halakoei agertzen dizkie Jainkoak zerutar gauzak, Jesusek esan digunez.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Kristau guztion alde: Jesusekiko fedea eta esperantza, eta lagun hurkoarekiko maitasuna, egunetik egunera modu sakonagoan bizi ditzagun. Eska diezaiogun Jauna.
2.- Frantzisko aita santuak duela gutxi plazaratu duen Entziklikak mundu guztian eragina izan dezan, gure lur hau borondate onez zaintze aldera eta pobreen alde gogotsuago jokatze aldera. Eska diezaiogun Jauna.
3.- Jesu Kristo edo haren Ebanjelioa dela-eta pertsegituak diren guztien alde: Pedrok eta Paulok bezala, senti dezatela beren bihotzean Jesus berekin dutela, eta suma dezatela kristau guztiok beren alde otoitz egiten dugula. Eska diezaiogun Jauna.
4.- Kristau-eliza guztien alde: Kristo nahi zuen batasun hura –Aita, guztiak bat izan daitezela, zu eta ni bat garen bezala– eragiten saia daitezen. Eska diezaiogun Jauna.