Urteko 13. igandea B 2015-06-28
HOMILIA

Anai-arrebok!

Sufrimendu edo ezbehar handi bat izaten dugunean, eta, ohiko bidetik, aterabiderik ikusten ez dugunean, edozein aterabide iruditzen zaigu on. Itsasoan hondatu den barkuko nabigatzaileak edozein egur-puskari botatzen dio eskua. Nork ez du ikusi bere bizitzan horrelako jokabide bat, pertsona batengan edo besteagan? Kasu bat baino gehiago kontatuko nuke; baina, badaezpada, isil ditzadan, dagokion pertsonaren belarrietara iritsiko den beldurrez. Ez nioke inori mina eta atsekabea handitu nahi.

Halere, irakurri dut, behin batean zer egin zuen pertsona jakintsu eta eskola handiko batek. Gibeleko oinaze mina zuen. Norbaitek eman zion errezeta bat. Eta han zegoen polo positiboa gibelean eta polo negatiboa ahoan zituela.

Bai. Gaixo eta larri gaudenean, ez diogu kasurik egiten onaldian inoiz ere onartuko ez genukeen errezetari. Zernahi izaten da orduan esperantza-iturri.

Horixe gertatu zaio gaurko ebanjelioko emakumeari ere. Hamabi urte darama odol-jarioa duela. Medikutan duen guztia gastatu du. Hobera beharrean, okerrera egin du. Honetan, Jesusez hitz egiten entzun du. Eta bere baitan dio: haren jantzia, gutxienez, ukitzen badut, sendatuko naiz. Pentsatu eta egin. Jesusek diotso: Sinetsi duzulako, sendatua duzu zeure gaixotasuna.

Gauza bera gertatu zaio Jairori. Alaba txikia hilzorian du. Jesusez hitz egiten entzun du, eta han doa: alaba gaixo dut esan dio Jesusi, zatoz gure etxera; eskua ezartzen badiozu, sendatuko da. Etxera bidean, alaba hil dela adierazi diete. Jesusek esan dio aitari: ez beldur izan; sinetsi eta aski duzu.

Sinetsi! Senideok, horra erremedioa, horra aterabidea, horra botika. Jesusengan sinetsi, Jainkoagan sinetsi. Ebanjelioa sinetsi.

Sicre biblia-adituak esan digu: emakume odol-jarioduna ez du sendatu, ez Jesusen jantziak, ez Jesusek berak, baizik fedeak. Gauza bera Jairoren alabaren kasuan.

Baina, zer sinetsi? Jainkoa biziaren Jainkoa dela. Jesus gizon-emakumeok bizi gaitezen etorri dela. Jainkoak bizi izateko kreatu eta egin gaituela. Jainkoa ez dela hildakoen Jainkoa. Bizidunen Jainkoa dela.

Geure bizitzan, geure gaixotasunean, geure heriotza-orduan, alferrik ibiliko gara beste bide batzuen bila. Alferrik joko dugu munduak eskaintzen dizkigun beste mila jainkotara. Hauek ez dira bizi-emaile. Hauek ez dira jainko bizidun. Unean uneko atsegintxoa ematen duten engainatzaile dira dira. Gogora datorkit Loiolako Ignaziori gertatzen zitzaiona, Loiolan sendatzen ari zenean: bere bizitzako gauza zoragarri asko pentsatzen jarri ohi zen: abenturak etab., atsegin handia eman zioten pentsatzen ari zenean, baina haietan pentsatzeari utzi orduko, tristura eta atsekabea sentitzen zuen. Bestela gertatzen zitzaion irakurri berri zuen Jesusen eta santuren baten pasadizoa pentsatzen jartzen zenean: bai pasadizo hartan pentsatzen ari zenean, bai ondoren, poza eta atsegina sentitzen zuen. Lehenengo pentsamendu haiek ez zuten bizirik beren baitan; bigarren hauek bizia ematen zioten Ignaziori.

Senideok, gaurko ebanjelioko bi pasadizo hauek Jesusen piztueraren aurre-irudi dira. Gure piztueraren aurre-irudi. Gaurko lehen irakurgaian entzun dugu: Jainkoak gizakia beti bizitzeko kreatu du; bere irudi eta antzeko egin du. Eta Jainkoa betiko da. Ezin hil da. Betiko bizia du. Haren irudi eta antzeko egin gaituenok ere, beti bizitzeko eginak gara.

Aintza Aitari. Eskerrak Jesusi. Argi-eskea, Espiritu Santuari.

DIONISIO AMUNDARAIN