HAZI TXIKIAK
Urteko 11. igandea B 2015-06-14
Albiste txarrek itorik bizi gara. Irratiak eta telebistak, albiste-emaileek eta erreportariek albiste-piloa botatzen digute gainera: gorrotoa dela, gerla, gosea eta indarkeria dela, eskandalu handiak eta txikiak direla. «Sentsazionalismoaren saltzaileek» ez dute aurkitzen nonbait gauza jatorragorik gure planeta honetan.
Albisteek, zabaltzeko, duten egundoko abiadurak zur eta lur uzten gaitu eta nahasirik. Zer egin dezake batek honelako sufrimendu honen aurrean? Gero eta informatuago gaude gizadi osoa jotzen duen gaitzaz, eta gero eta ahalmen gutxiago sentitzen dugu hari aurre egiteko.
Zientziak konbentziarazi nahi izan gaitu, esanez, problemak aska daitezkeela botere teknologiko handiagoaz, eta guztioi eragin digu bizitza modu erraldoian erakundetzera eta arrazionalizatzera. Baina botere erakundetu hau ez dago jada pertsonen esku, baizik egituren baitan. «Botere ikusezin» bihurtu da, pertsona bakoitzaren eskumenetik urrun kokatua.
Hartara, handia da paso emateko tentazioa. Zer egin dezaket nik gizarte hau hobetze aldera!? Ez ote dagokie buruzagi politiko eta erlijiosoei behar diren aldaketak egitea, bizikidetasuna duinago, gizatarrago eta zoriontsuago egiteko beharrezko direnak?
Ez, ez da egia. Bada ebanjelioan guztiei egindako deia; gizadi berri bat sortzeko hazi txikiak ereitean datza. Jesus ez da mintzo gauza handi-mandiez. Jainkoaren Erreinua gauza xumea eta moduzkoa da bere jatorrian. Hazirik txikiena bezala, oharkabeko gerta daiteke, baina ustekabeko moduan hazi eta fruitu ematera deitua da.
Beharbada, berriro behar dugu ikasi gauza txikiak eta keinu koxkorrak aintzat hartzen. Ez dugu sentitzen egunero heroi edo martiri izatera deituak garenik; baina guztiak gara gonbidatuak geure mundu txiki honetako txoko bakoitzean duintasun-apur bat sortzera. Ustea galdurik den lagunari adiskidetasunezko keinu bat, bakarrik bizi denari irribarre gozo bat, etsipenak jotzen hasia denari hurbiltasun-keinu bat, bihotza estu duen bati poz txiki baten printza bat… ez dira gauza handiak. Jainkoaren Erreinuko hazi txikiak dira; guztiok gara gai horrelakorik ereiteko gizarte korapilatsu eta triste honetan, gauza xumeen eta onen xarma ahaztua duen gizarte honetan.
Jose Antonio Pagola