BAZKOKO ZAZPIGARREN IGANDEA B

Lehen irakurgaia

( Judasen ordainaren hautatzea )

Apostoluen Egintzetarik 1, 15-17. 20a. 20c-26

15 Egun heietan, haurrideak bildurik zauden, ehun eta hogei bat.
Heien erdian xutiturik, Petrik erran zuen:
16 “ Haurrideak, bete beharra zen
Izpiritu Sainduak Liburu Sainduan errana:
Dabiden ahoz aitzinetik aipatua zuen Judas,
Jesus arrastatu zutenen gidaria.
17 Gutarik bat zen, eta gure zerbitzu bera betetzeko hautatua.
20 Hau izkiriatua da Salmoen liburuan:
Har beza beste batek haren kargua.
21 Huna beraz zer egin behar den: badira gurekin ibili diren gizonak
Jesus Jauna gure artean bizi izan den denbora guzian,
22 Joanesek bataiatu zuenetik hasi eta zerurat altxatua izan den arte:
Heietarik batek gurekin batean
haren piztearen lekuko izan behar du.”
23 Biga agertu zituzten:
Josep, deituraz Barsaba, izengoitiz Zuzen, eta Matias.
24 Gero, otoitz hau egin zuten:
25 “ Jauna, zuk ezagutzen ditutzu guzien bihotzak,
erakutsaguzu bietarik zein hautatu duzun,
apostolu-zerbitzu huntan Judasek utzi lekuaren hartzeko,
berea duen lekurat joan baita hura.”
26 Xotxak atera zituzten, eta Matiasena atera baitzen,
hameka Apostoluen taldean sartu zuten.

Jesus apostoluen artetik joan berria da. Mendekoste aitzin gira. Petri nausi agertzen da,
zuzen den bezala : Jesusek hari dio eman artzaingoa. Erabakia fermu da : hau egin behar da, eta
hola. Ez larderia finkatzeagatik, bainan Jaunari leial egoiteko : apostolu-gaiak Jesusekin ibilia izan
behar du buruan buru, eta lekuko hura pizturik ikusi duela. Petrik ez du gehiago eskatzen :
leialtasuna lehenik, Jesusez mintzatzeko. Dohain handirik ez dugun hok lasaitzen gaitu : beharrena
Jesusen piztearen lekuko izaitea da, talendu handi edo ttipiarekin.
Petrik bidea erakutsi du, bainan erabakia ez du berak hartzen. Han diren fededunek egin
behar dute hautua, Izpiritu Sainduak eman argitan. Xotxak tiratuz Jainkoari konfiantza egiten
zioten. Petrik 109. salmoa aipatzen duelarik : “Har beza beste batek haren kargua”, salmo horren
egileak ez zuen Judas gogoan. Halere Petrik Judasi aplikatzen dio, Jesusek gau bat otoitzean
pasaturik hautatu bazuen ere, gero Judasek bere misioneari uko egin baitzion, Jesus salduz.
Gertakari hortarik bi gogoeta atera dezazkegu : Jesusek Judas otoitzean hautatu zuela (Petrik
gauza bera egiten du Matiasen hautatzeko). Eta halere Judas libre zela bere hautuaren egiteko, Jesus
saltzeko. Ez ote da harrigarri ?

Salmoa 102

Munduan kantu Jesu Kristori,
Aldean baitu Aitak ezarri!

Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari;
Nere barneko guziek haren izenari!
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari!
Zenbatez baita zerua nausi lur zolari,
Hala guretzat Jainko bihotza nausi ari.
Bi zeru aldek ezin neholaz jo elgarri,
Gure hobenak gutarik urrun hak ezarri.
Zeruetan du bere alkia Jaunak jarri,
Handik errege manatzen dio munduari.
Eskerrak eman diren guziek Jainkoari,
Eskerrak, mundu zabalekoek, Jainkoari!

Bigarren irakurgaia

( Jainkoaren maitasuna ezagutu dugu )

Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 4, 11-16

11 Maite maiteak, Jainkoak gu hain maite izan bagaitu,
guk ere elkar maitatu behar dugu.
12 Jainkoa, nehork ez du nehoiz ikusi.
Bainan, elkar maitatzen badugu, Jainkoa gure baitan dago,
eta haren maitasuna bere beterat heldua da gure baitan.
Badakigu haren baitan gaudela, eta hura gure baitan,
bere Izpiritutik eman baitauku.
Eta guk ikusi dugu eta aitortzen
14 Aitak bere Semea igorri duela munduaren Salbatzaile.
15 Norbaitek aitortzen badu Jesus Jainkoaren Semea dela,
Jainkoa haren baitan dago, eta hura Jainkoaren baitan.
16 Eta guk ezagutu dugu eta sinetsi Jainkoak guretzat duen maitasuna.
Jainkoa maitasuna da:
maitasunean dagona Jainkoa baitan dago, eta Jainkoa haren baitan.

“Jainkoa maitasuna da” : ohituak gira holako baten entzuten, bainan ez dugu, beharbada,
ateraldi horren izaria hartzen. Joanirentzat “Jainkoa” eta “Maitasuna” elgarren bete dira. Bat
bestearen orde erabiltzen ahal dira. Egiazko maitasun oro Jainkoaganik da, ez da bakarrik
jendeaganikakoa. Giza amodio oro Jainkoaganikako pindar bat da.
Egun guziz nabaritzen dugu zein neke den maitatzea. Bainan maitasuna Jainkoa bera denaz
geroz, ez dugu harritu behar ez balinbazauku berez ixurtzen, ura iturritik bezala. Onar dezagun
iturrirat joan behar dugula urketa, iturria Jainkoa bera dela dakigularik. Orduan, hobeki
konprenitzen dugu Jainkoa baitan “egon” behar dugula : “Maitasunean dagona Jainkoa baitan
dago.” Jainkoa baitan egonez baizik ez dugu maitatzen ahal.
Irakurgai hunen bihotza hau da : “Aitak bere Semea igorri du munduaren salbatzaile.”
Erranaldi horrek zer dauka bere baitan?
– Jesus gutarterat jin da jakin dezagun Jainkoa maitasuna dela. Jendeek Jesusen baitan
Jainkoa ikusi dute : “Nehork ez du Jainkoa ikusi Jainkoaganik datorrenak baizik. Harek bai, Aita
ikusi du.” (Jn 6,46) “Ni ikusi nauenak Aita ikusi du.” (Jn 14,9)
– Jesusen baitan sinesten duena, haren baitan Aitaren begitartea ikusten duena, Jainkoaren
Izpirituari zabaltzen da. Amodiozko Izpirituaren egoitza bilakatzen da, berriz sortzen da, Jesusek
Nikodemori zionaren arabera. Joanik hari beretik dio Jainkoaren “seme-alaba” girela : “Onartu
duten guzieri, haren baitan sinesten duteneri, Jainkoaren seme-alaba izaiteko ahala eman diote.”
(Jn 1,12)
– Maitasunezko Izpirituaz beterik, fededuna maitasun iturri bilakatzen da, erran nahi baita
Jainkoaren familian sartzen dela. Nolaz ez, “Jainkoaren seme-alaba” bilakatzen bagira : “Egarri
dena etor bedi nereganat, eta edan beza…ur bizizko ibaiak sortuko zaizkio barne-barnetik. Haren
baitan sinetsiko zutenek ukanen zuten Izpirituaz erran zuen hori.” (Jn 7,37-39)
– Maitasuna den-dena dela sinesten dutenentzat mundua galdua da, amodioz bizi ez bada.
Jesus gure arterat etorri da jakin dezagun Jainkoa Maitasuna dela, eta maitasunean bizitzen
erakustera. Bibliaren hastean berean errana da, Jainkoak gizakia egin zuela “bere idurirat eta
eiterat”. Orduan, Jainkoa maitasuna bada, maitatzeko eginak gira.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Ez zaituzte Jaunak umezurtz uzten,
berriz heldu da zuenganat,
izanen baitu zuen bihotzak bozkario.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 17, 11-19

Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek, begiak zerurat altxaturik, hunela otoitz egin zuen:
11 “ Aita guziz saindua, begira nere dizipuluak
eman dautazun zure izenari leial,
bat izan daitezen, gu bat giren bezala.
12 Hauekin nintzeno, begiratu ditut eman dautazun zure izenari leial.
Zaindu ditut, eta ez da bat ere galdu, galtzera doana baizik,
hola betetzen baita Liburu Sainduak diona.
13 Orai, ordea, zureganat noa.
Hau guzia, oraino munduan nagola erraiten dut,
nere bozkarioa beren baitan izan dezaten, bozkario betea.
14 Zure hitza eman diotet,
bainan munduak hastio izan ditu, mundukoak ez direlakotz,
ni ere mundukoa ez naizen bezala.
15 Ez dautzut eskatzen mundutik atera ditzazun,
bainan Gaixtoarenganik begira.
16 Ez dira mundukoak, ni ere mundukoa ez naizen bezala.
17 Sagara itzazu egiaren bidez: zure hitza egia da.
18 Zuk mundurat igorri nauzun bezala,
nik ere mundurat igorri ditut.
19 Eta hauengatik sagaratzen dut nere burua,
hauek ere sagaratuak izan daitezen egiaren bidez.”

Matiuk eta Lukek ez bezala, Joaniren ebanjelioa “Gure Aita”-rik gabea da, bainan hemen
irakurtzen duguna giro berekoa da : “Aita guziz saindua, begira nere dizipuluak eman dautazun
zure izenari leial” eta “Gure Aita zeruetan zirena, saindu izan bedi zure izena” elgarren kide dira.
Halaber “ez dautzut eskatzen mundutik atera ditzazun, bainan gaixtoarenganik begira” eta “ez
gaitzazula tentaldirat ereman” erranaldiek gauza bera diote. Ez dugu hemen “egin bedi zure
nahia”-rik, bainan Jesusek ez du besterik gogoan, Jainkoaren asmoa bete dadin baizik.
Jainkoaren asmoa da mundu guzia amodioaren eta egiaren toki bilaka dadin. Fededun guziak
hortarat gomitatuak dira. Ez dira mundutik ateratzen, mundua barnetik lantzen dute. Ez dute beste
bizi bat bizitzen bainan bestela bizi dute egun guzietako bizia.
Jesusek azken otoitz hau egiten duelarik badaki harenak egina duela. Ez du beretzat otoitz
egiten, bainan lekukoa uzten diotenen alde : “Zuk mundurat igorri nauzun bezala, nik ere mundurat
igorri ditut.” Gauza bat bakarra da konda : mundua salbatua izan dadin. Jondoni Joani, bere
ebanjelioan, ardura ideia hortarat doa : “Jainkoak ez du Semea mundurat igorri munduaren
kondenatzeko, baizik haren bidez munduaren salbatzeko.” (Jn 3,17)
Biblia guzikoa da : Abrahametik haste, Mois eta profetak barne, gizon bat edo talde bat
(Izrael, adibidez) Jainkoaz hautatua delarik, ez da sekula bere onetan bakarrik, bainan besteen
zerbitzurat igorria da. Eta Elizak ez du izaiteko beste arrazoinik, munduari “igorria” izaitea baizik.
Dizipuluentzat Jesusek egiten duen otoitz luze huntan, hiru hitz nagusi badira : leialtasuna,
batasuna, egia.
– Leialtasuna : “Aita guziz saindua, begira nere dizipuluak eman dautazun zure
izenari leial.” Leialtasun hori, Jesusentzat, Aitaren iduria izaitea zen. Jesus joanez geroz fededunak
dira deituak Aitaren iduri leialak izaitera.
– Batasuna : “Begira nere dizipuluak…bat izan daitezen, gu bat giren bezala.” Eta
beste pasarte hau ere : “Egizu guziak bat izan daitezen, Aita, zuk nerekin eta nik zurekin bat egiten
dugun bezala…Hola munduak sinetsiko du zuk igorri nauzula.” (Jn 17, 21) Horrek erran nahi du
batasuna ez dela, berez, helburu bat. Helburua da munduak sinets dezan. Gure arteko berexkuntza
eta kasailek indarrak jaten dauzkigute. Nola izan maitasunaren lekuko, elgar maite ez badugu?
– Egia : “Sagara itzazu egiaren bidez : zure hitza egia da.” “Sagara” hitzak
“Jainkoaren saindutasunean parte hartzea” erran nahi du. Eta hori emana zaio fededunari, ez ihes
egin dezan, bainan mundu zabalean bizi dadin Jesus bera bizi izan zen bezala.
Jesusen azken hitza : bozkarioa! Berak berehala gorriak ikusi behar ditu -gero dizipuluek
bezala- Oren izigarriak bizi aitzin, hala eta guziz ere, alaitasuna du Jesusek ahoan : “Hau guzia,
oraino munduan nagola erraiten dut, nere bozkarioa beren baitan izan dezaten, bozkario betea