PAZKOALDIKO 5. IGANDEA B 2015-05-03

SARRERA

Anai-arrebok, Pazkoaldiko bosgarren igandea ospatzen dugu gaur. Biziaz ari dira gaurko irakurgaiak. Bizi ahal izateko, Jesus da mahatsondoa; gu, berriz, aihenak gara. Mahatsondotik datorkie bizia aihenei. Aihena ihartu egiten da mahatsondotik aparte.
Bai, benetako bizia, betiko bizia, Jesusengandik datorkigu. Baina bizi honek, mundu honetan gauden bitartean, kimatu beharra izaten du, inausi beharra, fruitua emango badu.
Esanahitsua da ebanjelariak darabilen segidako hizketa hau: «Zuek garbi zaudete jadanik, nik eman dizuedan mezua dela medio». «Garbi egon»: ez da nolanahiko gabi egotea. Joan ebanjelariarentzat, zapalketa da munduaren bekatua. Eta ikasleak, munduaren zapalketaren ingurumen horretatik atera direlako, daude garbi. Jesusen mezua, Jesusen maitasuna onartzean gauzatzen da garbi egote hori. Zapalketa oro zuztarretik ateratzen saiatzea da garbi egotea.
Pasarte hau, senideok, ez da ari egoera bukoliko batez, egoera polit batez. Bekatuak sortzen duen zaborra desegiteaz ari da, askatasuna eragozten duen injustizia guztiak desegiteaz. Kimatu edo inausi esateak, Jesus besarkatzea eragozten duen guztia baztertzea esan nahi du. Jesusen mezua bete-betean onartzeko. Jainkoarekin bete-betean bat egiteko. Gizon-emakume guztiekin bat egiteko.
Azken batean, bizia bizitzea da kontua. Eta bizia bizitzea, besteei bizia ematen saiatzea da.

LEHEN IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (9,26-31)

Saulo, geroago Paulo izena hartuko duen hura, kristauen kontrako pertsegitzaile amorratua izan da. Baina, bat-batean konbertitu da, bihotzean esperientzia bizi eta bizigarri bat izan duelako. Gurutzean hil duten Jesus hori eta Jesusek fundatu duen kristau-elkartea beste era batean ikusi du.
Konbertsiotik hiru urtera Jerusalemera doa, Apostoluekin egoteko, haiei bere elkartasuna agertzeko. Uste izan zuen, Jerusalemen mundu guztiak besoak zabalik hartuko zuela. Baina besterik gertatu zaio. Han askatasun handiz predikatzen hasi da; baina lehenago pertsegitzaile bezala ezagutu zutenak, nola hilko dabiltza orain. Paulok ulertu du, bera ere Jesus mahatsondoaren aihena dela. Berak ere, fruitua emango badu, kimatu beharra duela. Eta horixe gertatu zaio Jerusalemen: ihes egin beharra gertatu zaio, eta Tartsora doa. Kimatuaren kimatuz, apostoluetan handiena bilakatuko da.

BIGARREN IRAKURGAIA Joanen lehen Gutunetik (3,18-24)

Orain entzungo dugun irakurgai honek gaurko ebanjelioaren komentarioa dela ematen du.
Idazleak zorrotz dio: maitasuna ez da maitasun, egintzarik gabe. Ezin da Jainkoa maitatu gizadia maitatu gabe. Agindu berriaren bi alderdiak azpimarratzen ditu: alde batetik, Jesusengan sinetsi behar da; bestetik, lagun hurkoa maitatu behar da: lagun hurkoagan konfiantza izan behar du. Esana du san Ireneok, Lyongo gotzainak: «Jainkoaren aintza gizaki bizia da; eta gizakiaren bizia Jainkoa ikustea da».
Gaurko testu honen bukaeran oinarrizko hiru hitz datoz: sinetsi, maitatu, espiritua. Geure bihotza aztertzera eragin nahi digu idazleak hitz horiekin: sinetsi, maitatu, espiritua.

EBANJELIOA san Joanen liburutik (15,1-8)

Itun Zaharrean askotan erabili izan da mahatsondoaren eta aihenen irudia. Mahatsondoa Jainkoaren herriaren sinboloa da. Baina fruiturik ez du eman. Eskatzen zitzaion fruitua, funtsean, Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea zen.
Jesusek beste elkarte bat sortu nahi izan du. Kristo bera da sustraia, bera da egiazko mahatsondoa, bera da argia, bera da zerutik jaitsi den ogia.
Hitz batean esateko, Kristo da bizia. Kristo da bizi-iturria. Horixe adierazi nahi du ebanjelariak mahatsondoaren eta aihenen irudi biziarekin. Jesus da mahatsondoa; ikasleak dira aihenak. Aihenak ezin bizi dira mahatsondoari itsatsirik ez bada.
Bizi hori, ordea, haziz edo handituz doa. Bizia ez da kolpe batean gauzatzen. Aitak kimatu, inausi egiten ditu aihenak, fruitua eman dezaten. Hau esan nahi da: Jesusen ikasleak garbitzen dihardu Aitak: zapalketa-, injustizia-, egoismo-usaina duen guztia kendu nahi du Aitak haiengandik.
1978ko pelikula batean, gertaera tragiko bat kontatzen da. Holandar neska gazte batena; Etty Hillesum du izena neskak. Jatorriz judu izateagatik, atxilotu eta Auschwitz-en hil zuten naziek. Pelikulako protagonista batek dio: «Harentzat, niretzat bezala, ez da aski burua teoriaz beterik edukitzea. Norberaren zainetan eduki behar dira eta bizi».
Ikasleak prest egon behar du inauste edo garbitze hori onartzeko, Jesusen benetako ikasle bat adin nagusira iritsiko bada.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Elizarentzat: ez dadila ahaztu Jesus dela enborra, izerdia, burua, bizi-iturria kristau-elkartearentzat, Mahatsondori itsatsirik bizitzera dei egiten diguna. Eska diezaiogun Jaunari.

2.- Munduan goseak diren guztientzat: aurki dezatela besteongan laguntza, gose hori arintzeko eta beren bizia duintasunez bizi ahal izateko. Eska diezaiogun Jaunari.

3.- Gure gurasoentzat: jakin dezagula guretzat bizi izan duten baldintzarik gabeko maitasuna aintzat hartzen; errespeta ditzagula beti, batez zahartzaroan eta hiltzeko zorian. Eska diezaiogun Jaunari.

4.- Gure arteko hildakoentzat: izan ditzagula beti gogoan, ez malko batzuk botatzeko bakarrik; batez ere, utzi diguten espirituzko ondareari eutsiz. Eska diezaiogun Jaunari.