Barkazioa, piztuera eta misioa
Pazkoaldiko 3. igandea B 2015-04-19

Barkazioa

Gaurko hiru irakurgaiak bekatuen barkazioaz ari dira, gizon-emakume guztiei dagokienez, Jesusen heriotzari esker. Hona lehenengoaren bukaera: «Beraz, damu zaitezte eta bihotz-berritu, zeuen bekatuak ezaba dakizkizuen». Eta bigarrenaren hasiera: «Ene seme-alabok, bekatu egin ez dezazuen idazten dizuet. Halere, norbaitek bekatu egiten badu, badugu Aitaren aurrean erregutuko duen bat: Jesu Kristo, zuzena». Ebanjelioan, berriz, Jesusek dio «beraren izenean bihotz-berritzea eta bekatuen barkazioa hots egingo zaiela herri guztiei».
Antzina hartako kulturaz ezagutza kaskarra duen jende batek esan ohi du, bekatuaren kontzientzia burubide judu-kristauaren fruitua dela, jendeari bizitza mingosteko. Alabaina, hainbat milurteko aurretik dago dokumentatua bekatuaren artegatasuna, Babilonian eta Egipton. Itun Berriko alde tipikoa, bekatuen barkazioa hots egitea da, Jesusen heriotzari esker.

Piztuera eta haren frogak

Igande honetako ebanjelioak garrantzi berezia eskaintzen dio piztuerari ere. Irudika dezagun lehen kristau-misiolarien egoera. Nola konbentzitu jendea sinets dezan agintari erlijioso, intelektual eta politikoek heriotzara galdu duten pertsona batengan, heriotzarik lotsagarrienera, gero? Oso konbentziturik egon behar zuten Jesusen heriotza ez zela porrot bat izan uste izateko, Jesusek egiaz bizirik jarraitzen zuela sinesteko. Eta Jesusen piztueraz zuten ziurtasuna agerpenen kontakizunez adierazten zuten. Agerpen haietan, ordea, eboluzio guztiz garrantzizkoa nabari da:
1.- Kontakizunik zaharrenean, Markosenean, Jesus bera ez da agertzen; aingeru batek esaten die emakumeei Jesus piztu dela, eta hauek ihesi doaz izuturik inori ezer esan gabe (Mk 16,1-8).
2.- Mateoren geroagoko kontakizunean, aingeruaren ondoren Jesus bera agertu da; honen piztuera hain argi dago, non emakumeek oinak besarkatzen baitizkiote (Mt 28,9-10).
3.- Ematen du, Lukas piztueraz duda handiak dituen jende artean mugitzen dela (gogoan izan, Korinton bazirela piztuera ukatzen zuten kristauak), eta jendearen duda-jarrera hori bera proiektatzen du apostoluengan: hauek dira lehenak duda agertzen eta sinesteari uko egiten, baina Jesusek froga fisiko ukaezinak eskaintzen dizkie: Emausko bi ikasleekin ibili dabil, mahaian jarri da haiekin, ogia bedeinkatu eta puskatu du. Baina batez ere hurrengo pasadizoan, igande honetan irakurtzen dugun honetan, azpimarratzen du froga fisikoen indarra Lukasek: Jesusek bere eskuak eta oinak erakutsi dizkie, ukitzeko aukera eman die, eta arrain-puska bat jan du beraiekin.
4.- Azkenik, ematen du, Joanek ñabartu egin nahi duela Lukasen ikuspuntua: Jesusen eskuetan eta saihetsean bere hatza sartzeko aukera jaso du Tomasek. Baina froga fisikoaren mota hau ez da ideala. «Ikusi gabe sinestea» da ideala. Ildo honetan berean mugitzen da azken agerpena aintzira ondoan: ertzera iritsi direnean, sua ikusi dute ikasleek eta arraina prest jateko prest (Jesusek ez du jan), eta «ikasleetako inor ez da ausartu galdetzera nor den, bai baitzekiten Jauna zela». Joanek maisuki adierazi du dudaren eta ziurtasunaren lotura. Ez dago Jesus dela esateko frogarik, baina ez dute dudarik hala dela.
Ebanjelarien arteko alde horien inguruan luzatu egin nahi izan dut; izan ere, sarritan erabili nahi izaten dira agerpenen kontakizunak jaurtitzeko arma gisa, dudak dituztenen kontra. Guztiek izan zituzten dudak, eta, ingurumari desberdinen arabera, modu desberdinean kontatu zuten Jesus piztu zelako ziurtasuna eta hura salbatzailetzat hartu zitekeelako ustea, nork bere bizia hari eskaintzea merezi izateraino.

Lukasen azken saila

Jesusek arrain-puska bat jan izana froga erabakitzailea izan zitekeen ikasleentzat, baina ez ebanjelioaren irakurleentzat, hauek fede-egintza berri bat egin behar baitzuten: Lukasek esan duena sinetsi.
Horregatik, Lukasek Jesusen diskurtso labur bat gehitu du, guri guztioi zuzendua: horretan ez du ezer frogatu nahi; soilik, Jesusen nekaldiaren, heriotzaren eta piztueraren zentzua argitu nahi du. Eta bide bakarra, guri adimena irekitzea du, Liburu Santuak ulertu ahal izateko. Hauen bidez, Moisesen, profeten eta salmoen hitzen bidez argitzen da Jesusen heriotzaren misterioa, guretzat barkazio eta salbazio-kausa den heriotzarena.

Jesusen piztueraren frogarik hobena

Jesusen azken hitzek etorkizuna iragartzen dute: «Haren izenean konbertsioa eta bekatuen barkamena hots egingo zaie herri guztiei, Jerusalemetik hasita. Zuek zarete honen testigu». Azken esaldi horrek: «zuek zarete honen testigu» alegia, guri zuzendua dela ematen du, hogei menderen ondoren. Ebanjelioaren zabalkundearen testigu gara, Pedroren lehen gutunak esaten duen bezala «ikusi gabe maite duzuen» jendearen artean. Horixe da Jesusen piztueraren frogarik hobena.

José Luis Sicre